«Euskal Herrian artista komunitate handi eta indartsu bat dago»
Miren Arrieta aktorea elkarrizketatu dugu, Euskararen Egunaren harira.
Nola bizi duzu Euskararen Eguna?
Txikitako oroitzapen polit baten moduan daukat, eskolan garrantzi handia ematen genion Euskararen Egunari. Egunero hitz egin beharko genuke euskaraz, baina ondo dago gurearen moduko hizkuntza txiki bat ospatzeko egun bat edukitzea.
Zer presentzia edo garrantzi dauka euskarak zure bizitzan?
Nire ama hizkuntza da. Parte Zaharrekoa naiz, eta 8 urterekin ikasi nuen nik gaztelaniaz. Egia da nerabezaroan beste gauza batzuetara zaudela, eta ez diozula hainbesteko garrantzirik ematen, agian. Urte asko eman ditut Madrilen bizitzen, eta Donostiara itzultzen nintzenean neukan euskaraz hitz egiteko aukera.
Euskaraldiaren harira hasi nintzen nire hizkuntza ohituren inguruan hausnartzen, eta, bat-batean, konturatu nintzen baneuzkala harreman batzuk lehen euskaraz egiten nituenak, eta, orain, gaztelaniara jotzen genuela, askotan, konturatu gabe. Orain hartu dut kontzientzia, eta jarrera aldaketa bat nabaritu dut niregan.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Donostian?
Euskaraz egitea jende gazteak egin behar dugun zerbait dela uste dut, gero eta gehiago entzuten da gaztelania. Toki zehatz batzuk daude Donostian, euskaldunak direnak. Non mugitzen zarenaren arabera bilatu dezakezu inguru euskaldun bat. Erdialdetik gehiago entzuten da gaztelania, eta hori pena bat da. Nik 7 urte nitueneko Parte Zaharrak eta oraingoak ez daukate zerikusirik: euskara gutxiago entzuten da, eta ez da auzoko jendeak egiten ez duelako, baizik eta asko kanpora joan direlako.
Nola ikusten duzu euskararen egoera arte eszenikoetan?
Euskal Herrian artista komunitate handi eta indartsu bat dagoela uste dut. Ez da gauza bera «sortu nahi dut» edo «euskaraz sortu nahi dut» esatea. Horrek ere badu kutxu politiko bat, eta oso garrantzitsua iruditzen zait. Nik Euskal Herrian egin dut lan gehienbat, eta askotan galdetu didate ea ez dudan Madrilera joan nahi lanera. Madril beste mundu bat da, baina ni oso gustura nago hemen, nire hizkuntzan lanean.
Orain, plataformen agerpenarekin, iruditzen zait euskarazko fikzioa ere badabilela aurrerapausoak ematen, eta zineman ere gero eta film gehiago daude. Hainbeste film eta telesail daude mundu osoan, hainbeste hizkuntzatan, badirudiela gurearen moduko hizkuntza txiki batean sortzen den fikzioa txiki geratzen dela.
Abesti bat: Xirarena, Ibil Bedi.
Antzezlan bat: Esnearen kolorekoa, Fernando Bernues.
Hitz bat: Mirua.
Film edo telesail bat: Soinujolearen semea, Fernando Bernues.
Musika bakarlari edo talde bat: Nakar.