«Euskara nire bihotzeko hizkuntza da»
Andoni Mutiloa aktorea elkarrizketatu dugu, Euskararen Egunaren bueltan.
Nola bizi duzu Euskararen Eguna?
Euskara nire ama hizkuntza da, eta horrekin jaio eta hazi naiz. Bere garaian, segur aski, ez nion arreta handirik jarri edo ez nintzen oso kontziente, baina, azken urteotan, hor zegoen zerbait izatetik, hautu izatera pasatu da. Nire bihotzeko hizkuntza da euskara, ez da soilik ama hizkuntza.
Emanaldiak eskaini izan ditut azken urteotan Euskararen Egunaren harira, eta niretzat, gaur egun arte eszenikoak, antzerkigintza eta emanaldiak eskaintzea ere bada euskaraz egitea. Euskaldunok daukagun esentziaren altxorrik preziatuenetakoa bizitzea da egun hau ospatzea, eta ez egun horretan soilik, baizik eta egunero. Hautu bat izatea eta hori zabaltzea. Ederra iruditzen zait Euskararen Eguna ospatzea, baina garrantzitsuena eta ederrena da hori nik, hautu gisa, egunero bizi dudala. Egunero ospatzen dut.
Zer presentzia edo garrantzi dauka euskarak zure bizitzan?
Zorionez, azken urteotan eta bereziki kazetari gisa, askoz ere gehiago erabili dut euskara, nahiz eta bi hizkuntzak erabili. Sortzaile lanetan ere apropos aukeratu dut, argi neukan euskaraz sortu nahi nuela. Oraingoz, antzerkigintzan, euskaraz soilik ari naiz. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina argi daukat behintzat nire asmoa euskaraz sortzea izango dela, niri pertsonalki ilusio handia egiten didalako. Hala ere, ez naiz mugatzen.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Donostian?
Alderatu beharko nuke. Argi dago Donostian euskarak presentzia baduela, euskaldun asko gaude bertan. Aldi berean, hiriburua da, Gipuzkoako beste herri txiki batzuekin alderatuta beste nortasun bat du, eta kaletik zoazenean euskara ez da horrenbeste entzuten. Zerbait bai, eta gune zehatz batzuetan. Kalean, dendetan, egunerokoan, askotan lehendabiziko hitza ez da euskaraz. Hala ere, beste herri handi batzuekin alderatuta, hain gaizki ere ez gaude.
Nola ikusten duzu euskararen egoera arte eszenikoetan?
Gauza bat da euskaraz bizitzea eta beste bat euskaraz hitz egitea. Antzerkigile askok euskaraz sortzeko hautua egin dute, eta horrek asko pozten nau. Hala ere, ikusten da euskaraz bizi ez den jendea euskaraz lanean, horrek dakarren guztiarekin. Harritu egiten nau horrek, iruditzen zait ondo errotuta dauden beste hizkuntza batzuetan ez dela horrelakorik gertatzen. Esango nuke nabaritzen diren akats horiek guztiak euskarak gure gizartean oraindik daukan sendotasun faltaren ondorio direla.
Ikusten dut euskaraz sortzen dugunon artean duela urte batzuk baino askoz ere aniztasun handiagoa dagoela. Bai gaiei dagokienez, baita diziplina artistikoei dagokienez ere. ‘Betiko antzerkitik’ kanpo dauden proposamen askoz ere berritzaileagoak ikusten dira, euskaraz. Hori oso ederra da; aurrerapauso garrantzitsu bat da.
Abesti bat: Txoria txori, Mikel Laboa.
Antzezlan bat: Hariak, Ertza konpainia.
Hitz bat: Musutruk.
Film edo telesail bat: Amama, Asier Altuna.
Musika bakarlari edo talde bat: Kerobia.