«Euskarak autokritika behar du, eraginkorra izan dadin»
‘Euskara orain. Eraginkortasuna helburu’ liburua (Alberdania) argitaratu berri du Mikel Mendizabal Ituarte idazleak (Aiete, 1963). Euskara eta bere eraginkortasuna ditu hizpide liburuak, eta Haitao Liu eta Jesus Rubio hizkuntzalarien eta Xabier Amuriza eta Iñigo Lamarcaren idazleen parte hartzea izan du Mendizabalek. Argia da Mendizabalen apustua: euskara eraldatu eta sinplifikatu behar da, biziraun dezan.
Nondik dator liburua idazteko ideia?
Uste dut nahiko ideia orokor batetik abiatzen dela liburua, jende askok intuitiboki duen ideia batetik: jendea ingelesa ikasten hasten da, eta bizpahiru urtean ingelesez oso ondo moldatzeko gai da, azentu eta hiztegi bereziki onak izan gabe ere; aldiz, euskararekin ez da halakorik gertatzen. Hain zuzen ere, badago euskara ikasten hogei urte daraman jendea eta batere ondo moldatzen ez dena.
Are gehiago, badaude euskal esatari batzuk sufritu egiten dutenak euskaraz egiten. Ingelesez, informazioa entzuten zoazen heinean, ulertzen joaten zara, hizkuntza asko menderatu gabe ere. Orduan, hor zerbait dago.
Horrela, hainbat autoreren lanak irakurtzen hasi nintzen. Jesus Rubiok, esaterako, Euskararen garabideak liburua atera zuen duela hogei bat urte. Gai hori beti izan da polemikoa eta tabu, baina beti egon da hor. Eta ez soilik hemen; Japonian, esaterako, Txinarekiko oso supremazistak izan dira beti, baina heldu dira onartzera txinatarrek oso hizkuntza zaulia dutela, jario handikoa. Japonierarekin, aldiz, ez da halakorik gertatzen, eta, horregatik, japonierazko testu, film edo dena delako gehienak esaldi laburrez osatuta daude; horrek muga handiak ditu. Horregatik, XIX. mendetik, idazle batek baino gehiagok planteatu du japonieran eraldaketak egin behar direla.
Nolakoa izan da liburua osatzeko lanketa?
Bederatzi urteko lana izan da. Herrialde askotako hainbat autorerekin jarri naiz harremanetan prozesuan zehar, tartean indiar navajoekin euren hizkuntza ikasten 50 urtetik gora pasatu dituen idazle israeldar batekin. Berak esaten zidan navajoen hizkuntza hitz egiteko 40 urte behar direla gutxienez. Beraz, galtzen ari da, baina nola ez da ba galduko? Harremana izan dudan idazle guztiek, nolabait, antzeko zerbait esaten dute: hizkuntzetan eboluzio bat dagoela. Adibidez, sintaxian, aditza atzean jartzetik aurrean jartzera pasatzen direla. Orduan, autore horien lanak aztertu eta gurera ekartzen saiatu naiz.
Hizkuntzaren eraginkortasuna jarri duzu erdigunean, hain zuzen ere, euskarari buruz hitz egiten denean asko erabiltzen ez den kontzeptu bat.
Ez da erabiltzen, egungo teoria nagusia delako hizkuntza guztiek dutela eraginkortasun bera. Baina hori ez da egia, izan ere, badaude aditz sistema oso zailak dituzten hizkuntzak, besteak beste. Haitao Liu hizkuntzalariak, esaterako, sei sintaxi mota aztertu ditu, eta ondorioztatu du eraginkorrena hau dela: subjektua, aditza eta objektua —ingelesa, adibidez—. Bigarren eraginkorrena da aditza, subjektua eta objektua —arabiar klasikoa, esaterako—. Hirugarrena subjektua, objektua eta aditza izango litzateke —japoniera eta euskara, kasu—. Eta hortik aurrera beste batzuk ere badaude —objektua, aditza eta subjektua—, eraginkortasun gutxien dutenak, baina gutxitan erabiltzen direnak, nahiz eta Berria-k eta beste egunkari batzuek tarteka erabiltzen dituzten titularretan; halakoak behin baino gehiagotan irakurri behar dituzu ulertzeko.
Lau autorek hartu dute parte liburuan. Zer ekarpen egin du bakoitzak?
Laurek dute zerbait komunean, eta da laurek diotela euskara sinplifikatu egin behar dela. Autoreetako bi kultura gizonak dira, Xabier Amuriza eta Iñigo Lamarca, eta, gutxi gorabehera, antzeko zerbait diote biek: aditza sinplifikatu eta aurreratu behar dela eta beste zenbait ideia oinarrizko. Beste biak, aldiz, hizkuntzalari zientifikoak dira, kasualitatez ala ez kasualitatez, biak matematikariak: Haitao Liu eta Jesus Rubio.
Haitao Liuk 60tik gora hizkuntza aztertu ditu urteotan, programa informatiko baten bidez. Horrela, ondorioztatu ahal izan du hizkuntza eraginkorrak direla ezaugarri jakin batzuk dituztenak. Rubiok hori bera aztertu du, baina euskararekin; aztertu du zeintzuk diren euskara ikastea horrenbeste zailtzen duten ezaugarriak. Eta bere ondorioek erabat egiten dute bat Haitao Liuren ondorioekin.
Haitao Liuk oso gauza garrantzitsu bat esaten du: alde batetik dagoela hizkuntzaren alde teknologikoa, eta bestetik dagoela sentimenduekin, identitatearekin eta kulturarekin lotutako aldea. Ezin dira bi kontzeptuak nahastu, eta beharrezkoa da hizkuntzak teknologia gisa aztertzea, ikusteko zertan huts egiten duten, hizkuntza guztiek egiten dutelako huts zerbaitetan. Zentzu horretan, besteak beste, beti egon dira maila gorenean txinera, thailandiera, vietnamera eta ingelesa. Hain zuzen ere, hizkuntza horien aditzak sinpleak direlako, hitz laburrak dituztelako, eta abar. Euskarazko aditz luze eta konplexuak, aldiz, argi gelditu da eguneroko erabilerarako ez direla eraginkorrak; Maialen Lujanbio ere ez litzateke gai izango aditz batzuk hitzetik hortzera botatzeko!
Adierazgarria da Haitao Liuk, hizkuntzalari txinatarra izanda, euskarari buruzko liburu honetan parte hartu izana.
Bera euskaltzalea da, eta ni berarekin harremanetan jarri aurretik informazio pila bat zeukan euskarari buruz. Besteak beste, berak dio euskararen arazo handienetako bat dela jendeak horren gauza garbia egin nahi duela, azkenean ez dela erabiliko eta museo bateko pieza bat izaten bukatuko duela. Izan ere, euskarak inguruan hizkuntza eraginkorragoak ditu: gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
Liburua osatu ostean, ondorioztatu al duzu zein den euskara eraginkorragoa izateko modua?
Ez da erraza, baina gauza batzuk argi daudela uste dut. Alde batetik, aditza sinplifikatu behar da, bai ala bai; nik ikastolan ikasi nituen aditz batzuk, ez ditudanak inoiz erabili, ezta idazteko ere. Bestetik, aditza aurreratu behar da, zalantzarik gabe. Konplexurik gabe, gauzak eraldatzen hasi behar gara, dena delako euskara.
Zentzu berean, migratzaileak datoz, eta zer egin behar dugu? Ongietorria eman eta Euskal Herrian integratu behar ditugu, bizpahiru belaunalditan zu eta ni bezain euskaldunak izan daitezen; bestela, Euskal Herria desagertu egingo da. Eta ikusten badugu hizkuntzaren forma batzuk beste batzuk baino eraginkorragoak direla, konplexurik gabe integratu behar ditugu gure hizkuntzan, eta euskaldundu. Askatasunez ikertu behar dugu, euskarari maila guztietan ateak irekitzeko; bestela, gureak egin du.
Zer ekarpen egin ahal dio liburu honek Euskal Herriari?
Gure hizkuntzari buruzko hausnarketa bat egitea da liburuaren ekarpena. Izan ere, euskarak autokritika behar du, eraginkorragoa izan dadin. Hori egingo balitz, ziur nago euskarak aurrerapauso erraldoia emango lukeela, eta egun baino askoz gehiago erabiliko litzatekeela.