Zabalik dago 2024ko EuskarAbentura espedizioan izena emateko epea

2024ko EuskarAbentura espedizioan parte hartzeko izen emate epea martxoaren 8ra arte dago zabalik, Euskal Herriko eta diasporako 15, 16 eta 17 urteko gazte euskaldunentzat. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz.
Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu eta apirilaren 24an 125 gazte parte hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin duten proiektuaren balorazioa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta aurkezpen bideoan adierazitako motibazioa ere.
Aurten, hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: 1) Euskara batua eta euskalkiak, Euskara batuak euskalkiak zapaltzen edota baztertzen dituela uste duzu? Edo alderantziz, euskalkiek prestigio gehiago dutela esango zenuke?; 2) Emakumea eta kirola, egun, kirolaren esparruan parekotasunik ba al dago emakume eta gizonezkoen artean? Emakumeek mutilek adina kirol egiten dutela esango zenuke? Kasualitatea al da hori? eta 3) Utopia, Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Mundu horretako zein elementu ditugu gaur egun eta zeintzuk aldatu dira?
Era berean, lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Informazio gehiago www.euskarabentura.eus webgunean ikus daiteke.