«Lursaila kutsatuta egon daitekeen jakin gabe» BCC berria eraikitzeko lurrak mugitzen hasi direla salatu dute
SOS Manteok salatu duenez, “legezko berme egokirik gabe” hasi dira BCC berria erakitzeko lurrak mugitzen Manteon. “Lursaila ez dago kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartuta, baina eraikuntza proiektua idazteko fasean egindako azterketa geoteknikoan eraikuntza eta eraispen hondakinak antzeman dira, eta GOe eraikitzeak lur mugimendua dakar”, adierazi du SOS Manteok.
Izan ere, 2016an Donostiako Udalak Altzako kiroldegi inguruko lurzoruaren kalitatearen azterketa kontratatu zuen, honako justifikazioarekin: “Azterlan geoteknikoaren lanetan, eraikuntza proiektua idazteko fasean, eraikuntza eta eraispen hondakinen presentzia hauteman da aparkalekuaren eta parke publikoaren zorupean. Azalera horiek lurzoruen inbentarioan jasota ez badaude ere, hondakinak isurtzeko jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat hartzen da. Eraikuntza proiektuan, egungo instalazioak eraitsi ondoren, lurrak mugituko dira, bai kiroldegiko partzelan, bai aparkalekuan eta parke publikoan. Egoera horretan, eta 4/2005 Legearen 23. artikuluan oinarrituta, lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat egon den leku batean lurrak mugitzeko, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen IV. kapituluan jasotako Lurzoruaren Kalitatearen arloko Adierazpenaren administrazio prozedura hasi behar da”.
SOS Manteoren iritziz, argumentazio bera aplika daiteke orain Manteo eta Basque Culinary Centerren egoitza berriaren eraikuntzaren kasuan. “Aldiz, oraingoan udalak ez du 4/2015 Legeak ezartzen duena betetzeko beharrik ikusten”, salatu dute. Halaber, gogorarazi dute Altzan amiantoa detektatu zela lurzoruan azterketa hauen ondorioz, eta indusketak eta ondorengo hondakinen kudeaketa legezko berme egokiekin egin ahal izan zirela.
“Manteon, berriz, Amenabarren makinak dagoeneko hasi dira lurrak mugitzen, osasun publikoko arazo bat sortzen ari ote den aintzat hartu gabe”, deitoratu dute.