«Errugbirik gabe, nire bizitza zeharo desberdina izango zatekeen hemen»
Errugbia pasio eta ogibide ditu Nicholas Marshallek. Zeelanda Berrikoa da jatorriz eta 16 urte daramatza Donostian; errugbian jokatzen hasieran, eta Donostiako Atletikon entrenatzaile, orain. Kirola erdigunean izateaz gain, jendea ezagutzeko baliatu du.
Lo aurpegia eta parez pare bi kafe ditugularik abiatu dugu elkarrizketa. «Alabak gau txarra izan du», aitortu digu, «eta ondorioz, baita guk ere». Nicholas Marshall Zeelanda Berrikoa da eta kontatu digu hiru hilabeteko haur jaioberria duen arren, «zaharrena duela gaixo», eta hori dela bere aurpegiaren azalpen bakarra. Parte Zaharreko San Telmo plazan dagoen kafetegi batean gelditu gara, lanetik eta etxetik gertu; «txikiagatik, badakizu». Tabernako terrazan eseri bezain laster hasi gara kirolaren inguruan hizketan. Donostiako Atletikoko errugbi entrenatzailea da Nicholas Marshall (Hastings, Zeelanda Berria, 1984), baina entrenatzaile aritzeaz gain, ibilbide luzea izan du jokalari gisa. Kontatu digu, besteak beste, Espainiako Selekzioarekin aritu zela 2011n: «Bi irlandar, ingeles pare bat, frantses batzuk eta zelandaberritar batzuk geunden. Espainiar pare bat ere, noski, baina ez asko, ez pentsa. Beste kiroletan ez bezala, errugbian ez zegoen filtro askorik, eta bertako ligan pare bat urtez egotearekin nahikoa zen».
Espainiako eta Euskadiko Selekzioarekin jokatu zuen garai berdintsuan ibili zen Marshal, Ordizia eta Bera Bera taldeetan ere. Aurretik, Bidarteko Union Club taldean aritu zen urte pare batzuez. «Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatu osoan, oro har, errugbian duten giroa paregabea da». «Jaialdi» gisa definitu du elkarrizketatuak, eta aitortu digu txundituta gelditu zela mugaz bestaldeko pasioarekin: «Herri txikietan, bereziki, erlijio gisa dute, eta ikaragarria da. Maulek, adibidez, 3.000 biztanle ditu, eta 3.500 lagun egon daitezke partida ikusten. Neure buruari etengabe galdetzen nion, «baina nondik ateratzen da jendetza hori?».
Kirola zainetan
Iparraldeko giroaz aritzerakoan, ezinbestean alderatzen du Zeelanda Berriko zaletasunarekin: «Han, gizartean oso errotuta dugun arren, ez dugu hainbeste animatzen duen afiziorik, nik uste, gehiegi analizatzen dugulako jokaldi bakoitza». Marshallek kontatu digunez, All Blacks talde nazionalaren partida batean, ikus-entzuleen zati handi bat isil-isilik egoten da, partida ondo aztertzen. «Askotan pentsatu izan dugu ez ote ditugun partidak galtzen, animazio faltagatik edo».
Gizartean errotuta dagoen moduan, etxean ere txikitatik bizi izan du errugbia: «Nire aitak goizeko hiruretan esnatzen ninduen, eta Miloa —bertako kakao disolbagarriaren marka— esku artean, Europako partidak ikusten ibiltzen nintzen berandu arte». Eskolan hasi zen praktikatzen, gainerako neska-mutilekin batera: «Han ohikoena da, eta hemen haurrak futbolean ibiltzen diren moduan, ordu luzez ibiltzen ginen baloiarekin», dio Marshallek.Nolanahi ere, nerabezaroan hasi zen ibilbide profesionalari bueltak ematen: «Nire herrialdeko haur guztien antzera, profesional aritzeko ametsa nuen betidanik, eta 17 urterekin Zeelanda Berriko txapelketa irabazi ostean, nire probintziarekin lortu nuen kontratua».
Ibilbide profesionalean, baina, etenaldi bat egingo zuen handik gutxira: «Oso gaztea nintzen eta nik uste dut norbait behar nuela aldamenean, nire postuagatik borrokatu behar nuela esateko», aitortu digu.Victoria Unibertsitatean Psikologia eta Kriminologia ikasketak egin ostean, berreskuratu zuen errugbiarekiko zaletasuna, Ingalaterratik iritsitako eskaintza batekin: «Atzerrira joateko irrikitan nengoenez, talde batean aurrelaria behar zutela esan zidatenean, ez nuen bi aldiz pentsatu». Lehen saiakera, ordea, ez zen uste bezain ondo irten: «Sei hilabeterako joan behar ginen lagun bat eta biok, eta guk, 21 eta 22 urterekin, kirola praktikatzera gindoazela pentsatuta, horretarako bisarik ez genuela behar uste genuen. Iritsi bezain laster, ordea, etxera bidali gintuzten, eta aste pare batzuen buruan, errepikatu egin behar izan genuen, bisa lortu ostean».
Errugbiarekin adiskidetuta
Ingalaterran igarotako lehen hilabeteen ostean, Miarritzera egin zuen salto, Europa gehiago ezagutzeko asmotan: «Kanpinetan ibili nintzen lan eske, eta hori lortuta, jarraian iritsi zitzaidan berriz ere jokatzen hasteko eskaintza. Egia esan, nik ez nuen jokatzeko asmorik, baina esan dezakegu engainatu egin nindutela [barrez]». Bidarteko taldearekin hasi zen orduan, eta txapeldun amaitu zuen denboraldia. «Ikaragarria izan zen hura, eta uste dut orduan hasi nintzela errugbiarekin berriz ere adiskidetzen», adierazi du Marshallek.
Donostiako Atletikon etxea
Jokalari gisa gora eta behera aritu ostean, entrenatzeko unea iritsi zitzaion:«Jose Miguel Galdos Historias-ek, deitu ninduen, Euskadiko selekziotik harremana genuelako, eta 18 urtetik azpikoen taldearekin ibiltzeko eskaini zidan». Marshallek irribarre batekin gogoratzen du«atletikoko banda horrekin» egindako denbora tartea: «Oso urte ona pasatu genuen, kaña ematen nien. Jende ona da eta oraindik askok jokatzen jarraitzen dute. Hori da niretzako lorpenik handiena».Atletikon egoteaz gain, Iruñeko La Unica emakumeen taldeko gidaritza hartu zuen: «Entrenatzaileek hiruzpalau urte ematen ditugu talde batekin, eta ondoren jende berria sartzen dute. Iruñean oso gustura egon nintzen, baina alaba jaio zenean, atletikora, etxera, egin nuen buelta».
Marshallek gogoko du 16 eta 18 urteko adin tartea: «16 edo 18 urtez azpiko gazteak malguagoak dira, eta aldaketak oso azkar ikusten dira». Gaztetasunak, halaber, errugbiaren balioak trasmititzeko bide ematen dio: «Zeelanda Berrian gutxi hitz egiten dugu errugbiak dituen balioez, baina hor ditugu txiki-txikitatik, telebistan, partida bat ikusita, bi metro eta 150 kiloko jokalariek arbitro txiki bati dioten errespetua ikusten dugulako. Hemen, ordea, hori landu behar izaten dugu». Horrez gain, «borrokatzeko grina» pizten du jokalariengan, une txarretan ere, burua altxatu eta aurrera egiteko».
«Errugbiak hori lortzen du; lehiakortasuna zelaian gelditzeaz gain, jendea batu eta familia sortzen du».
Nicholas Marshall
Lehiakortasunetik adiskideak
Hirugarren denboraz galdetu diogu, eta adierazi du, oro har, futbola nagusi den herrialdeetan jendea gehien harritzen duen faktorea dela: «Izan ditudan aurkarien lagun handia naiz, eta Irlanda edo Hego Afrikatik pasatzen banaiz, badakit han etxe bat dudala nahi dudanean joateko. Errugbiak hori lortzen du; lehiakortasuna zelaian gelditzeaz gain, jendea batu eta familia sortzen du».
Errugbian topatutako familia hori, hain zuzen, lagungarri izan du Donostian ere: «Errugbirik gabe, nire bizitza zeharo desberdina izango zatekeen hemen, taldekideek jendea ezagutzeko bide eman didatelako». Kuadrillez aritu gara hizketan, eta kontatu digu, atzerritar askok ez bezala, lagunak egiteko arazo handirik ez duela izan, batik bat, kirolari esker: «Atzerritar asko beste atzerritar batzuekin baino ez dira elkartzen, eta hein batean auzoan sartzeko dagoen arazoagatik da. Itxiak zarete eta kosta egiten da. Nire taldekide asko, zorionez, auzokoak dira, eta horrek asko erraztu dit bidea».
Etxea topatzea kosta egin zaigu. Atzerritarra izanda, ez didate mailegurik ematen, eta etxe askotan ere nahiago izaten dute bertakoei alokatzea».
Nicholas Marshall
Familiaren bila
Bi alaba eta bikotekidearekin bizi da Parte Zaharrean eta oso harrera ona izan duen arren, zailtasunak ere egon dira: «Etxea topatzea kosta egin zaigu. Atzerritarra izanda, ez didate mailegurik ematen, eta etxe askotan ere nahiago izaten dute bertakoei alokatzea».
Bulegoa ere Parte Zaharrean du, hara eta hona ibiltzen den arren: «Errugbia pasioz bizi dut, baina ez du bizitzeko ematen eta denetatik egin dut: tunelak egiten ibili nintzen, arropa marka bat ere sortu nuen, eta orain Frantziako enpresa batekin nabil lanean, errugbiko taldeen gida gisa. Baina haka-k ere erakusten ditut enpresetako talde giroa sendotzeko. Proiektu batzuk besteak baino hobeto ateratzen dira, baina errugbian bezala, burua altxatu eta aurrera egin behar da».
Aurrera egiteko irrikaz dago Atletikoko zelai berriari dagokionez, eta bertan ditu itxaropen guztiak: «Proiektu luzea dugu, hamar urtekoa, baina pixkanaka errugbiaren sektorea berreskuratu nahi dugu. Eta ez naiz ari txapelketak irabazteri buruz, familia giro hori berreskuratzeari buruz baizik. Nire alabak ere giro horren parte izatea nahi dut, eta zelaia lagungarri izango dugu horretan».
Zeelanda Berriko landa eremuko familia batekoa da Nicholas Mashall, eta antzekotasun handiak topatu ditu gure inguruarekin: «Eguraldiagatik ez balitz, Ipar Euskal Herria bezalakoa izango litzateke nire sorterria, baserriz betea. Jende gutxiagorekin beharbada, lur eremu handi batean baitaude banatuta herrialdea osatzen duten bost milioi biztanleak». Marshallek bezala, bere familiak ere oso gustuko du Euskal Herria, eta oso maiz etortzen dira: «Beti txantxetan ibiltzen gara gure aitarekin, ez delako bera jaio zen kaletik atera kasik». Orain, Donostiara baino ez du bidaiatzen, inguru honetan eroso egoteaz gain, «bilobak ikustera etorri behar delako».
Familian, Euskal Herriaz harago, euskara dute gustuko eta murgiltze prozesuan ere ibilitakoak dira: «Ni euskaltegian egon naiz, baina orain ezinezkoa dut bi haur txikirekin. Gure anaia, berriz, Lazkaoko barnetegi batean sartu zen Euskal Herrira etorri orduko, eta geroztik jatorrizko Clint izena aldatu, eta «osaba Gorka» da nire alabentzat».
Hain zuzen, euskararen normalizazio prozesuak izan duen ibilbidea txalotu eta hizkuntza maorierarentzako eredugarri izan beharko litzatekeela iritzi du berak: «Bi hizkuntzek antzeko jazarpena izan dute mende luzeez, baina ziurrenik normalizazioa zailagoa da nire jaioterrian, Zeelanda Berriak duen kultur aniztasuna dela eta». Azaldu du, halaber, hemen euskaLdunen identitatea hedatuta dagoela, eta jaioterrian %18 baino ez direla maori sentitzen: «Euskaldunak euskaraz egiten dutenak dira, baina maori komunitateak ez zaitu maoritzat hartuko hizkuntza ikastearekin bakarrik».Orain, maoriera eskoletan ezartzeko eztabaida betean daudela, gainerako komunitateen —asiarrak, indiarrak, eta samoarrak, batik bat— jarrera giltzarri izango dela iritzi du Marshallek.