Hiru adingabe eta gurasoak kalean, erakundeen laguntza faltarengatik
Kalean egotea zaila eta gogorra da, baina are gogorragoa da adin txikiko seme-alabekin bazaude. Hori da Georgiatik Donostiara etorritako familia baten egoera: aitak, amak eta 15, 11 eta 8 urteko seme-alabek kalean pasatu behar izan dituzte hainbat gau.
«Donostia erreferentea da etxerik gabeko eta bazterketa arriskuan dauden pertsonei zerbitzuak ematen». Eneko Goia alkatearen hitzak dira, iazko azaroan esandakoak, udalak negu honetan kale egoeran dauden pertsonak artatzeko hartuko zituen neurrien berri ematerakoan. Ordea, «etxerik gabeko eta bazterketa arriskuan dauden pertsonei zerbitzuak ematen erreferentea» den hiri honetan, adin txikiko seme-alabak dituen familia bat, gutxienez, kalean lo egiten egon behar izan da.
IRUTXULOKO HITZAREKIN harremanetan jarri den Georgiako familia baten egoera da: Ia Zarnadze da ama (Georgia, 1980), Lasha Kuntelia aita (1975) eta Beka (2008), Nino (2015) eta Tornike Kuntelia (2012) seme-alabak. Negu bete-betean, hainbat gau pasatu behar izan dituzte kale gorrian lo egiten, eta azken asteotan herritar batzuek eta Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuek eskainitako laguntzari esker babespean lo egin ahal izan badute ere, euren egoera muturrekoa da. Etengabe erakunde batetik bestera bidali dituztela salatu dute, eta oso laguntza gutxi jaso dutela.
Georgia, Alemania, Irun eta Donostia
Zarnadzek azaldu duenez, 2022ko udan alde egin behar izan zuten Georgiatik: «Alemaniara joan ginen asilo politikoa eskatzera, nire senarrak arazo politiko eta pribatu bat izan zuelako Georgian. Urtebete eta bost hilabete pasatu genituen Alemanian, eta horren ondoren, esan ziguten herrialdetik joan behar ginela». Horrela, deportatu ez zitzaten, trena hartu eta Estrasburgorako (Frantzia) bidea hartu zuten. Trenetik jaitsi, eta oinez zeharkatu zuten Alemaniaren eta Frantziaren arteko muga, Estrasburgon Hendaiara eraman zituen autobusa hartzeko. Handik, oinez zeharkatu zuten Frantziako eta Espainiako Estatuen arteko muga, Irunera iristeko; abenduaren 19an iritsi ziren Irunera.
«Irunen, Donostiako Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuetara (GLUZ) bidali gintuzten. Bertan, esan ziguten soilik gau baterako eman ahal zigutela ostatu. Hurrengo egunean, Bilbora joateko garraio txartelak erosi zizkiguten, han, agian, lagunduak izateko aukera gehiago izango genituelakoan». Bilboko Gizarte zerbitzuetara jo zuten, baina soilik gau baterako eman zieten ostatu, eta, beraz, laster kalean ikusi zuten euren burua.
Sare sozialetan laguntza eskatu ostean, gau batzuk estalpean pasatu ahal izan zituzten Irunen eta Donostian, baina egun batzuen buruan, ez zitzaien gelditu kalean lo egitea beste aukerarik. Donostiako kaleetan lo egin behar izan zuten egunetako batean, gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duen fundazio baten berri izan zuten, eta hara jo zuten.
Horrela, fundazio horretako langile eta fundazioaren baliabideetako erabiltzaile batzuek, euren kabuz, familia laguntzen saiatzea erabaki zuten. Langileetako batek azaldu duenez —anonimotasuna mantendu nahi izan du—, «Donostiako hostalik merkeenean bost gau ordaintzeko behar adina diru» bildu zuten, «gau bakoitza 100 euroan».
Erakunde batetik bestera
Kalean egotea gogorra bada, adin txikikoekin egotea are zailagoa dela nabarmendu du aipatu langileak: «Donostian eta inguruko udalerrietan gertatzen ari dena zera da: adin nagusiko asilo eskatzailea bazara eta kalean bazaude, aterpetxeren batean lo egiteko eta bestelako baliabideak erabiltzeko aukera duzu, baina haurrekin bazatoz, ez dago larrialdietarako baliabiderik».
Errefuxiatuekin lan egiten duen Zehar erakundera jo zuen familiak, asilo eskatzaileak laguntzeko programan sartzeko asmoz, baina programa horretan sartzeko itxaron zerrenda dago: «Arazoa ez da Zehar, baizik eta sistema bera, ez dituelako behar adina baliabide jartzen halako programak garatzeko», salatu du langileak. Apirilaren 16rako lortu dute asiloa eskatzeko zita, eta aipaturiko itxaron zerrendan sartu dira; baina, bitartean zer?
Erakunde batetik bestera
ibili behar izanak eta erakundeen
laguntza faltak muturreko
egoera batera eraman du familia
Prozesua etsigarria izaten ari dela kontatu du langileak: «GLUZera deitu genuen, eta, literalki, esan ziguten Donostia ez dela haurrak dituzten familiak hartu ditzakeen hiri bat. Lehen bazegoela horretarako zentro bat, baina obretan dagoela —Intxaurrondoko Abegi Etxearen ondokoa—. Aldundiko gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri ginen, eta Donostiakoetara bideratu gintuzten, Gurutze Gorrian gauza bera… erakunde batetik bestera pasatu dute pilota, eta hainbat parrokiarekin, inguruko udalerrietako udalekin eta bestelako eragileekin ere hitz egin dugu, laguntza edonon bilatzen. Donostiako gizarte zerbitzuekin hitz egin dudanean, iritsi dira esatera badakitela haur gehiago daudela hiriko kaleetan lo egiten: «Ez dira bakarrak», esan zidaten».
Horrela, hostaleko bost gauak pasatzean, kalean gelditzekoak ziren berriz, baina estalpean lo egin dute azken asteotan ere, herritar batzuen laguntzari esker. «Gure beldur handiena haurrak kentzea da», deitoratu du Zarnadzek, kalean lo egiten ikusten badituzte hori gertatu daitekeelako.
Astekari honen edizioa ixteko momentuan, gizarte eragile baten bidez epe ertainerako abegi etxe bat lortzeko aukera zuten mahai gainean, eta horrek asiloa eskatzera begira lagundu ditzake, horrela hemen erroldatu ahalko liratekeelako.
«Ez dira bakarrak»
Erakunde batetik bestera ibili behar izanak eta erakundeen laguntza faltak muturreko egoera batera eraman du familia hau; hain zuzen ere, Zarnadzek aitortu du ez zuela uste instituzioek halako egoera batera eramango zutela bere familia. Eta, ez da ahaztu behar familia laguntzen ari den herritarrak GLUZetik jaso zuen erantzuna: «Ez dira bakarrak».
«Etxerik gabeko eta bazterketa arriskuan dauden pertsonei zerbitzuak ematen erreferentea» den Donostian, egunero hamarnaka otordu bero banatzen dituzte boluntario taldeek, La Sirena aterpetxeak itxita pasatzen ditu neguko egun asko eta jendea dago kalean lo egiten, baita adin txikikoak ere.