Udal gobernuak Donostiako etxebizitza hutsen desjabetze eta nahitaezko alokairuari uko egin dio
Etxebizitzaren aferak eztabaida luze sortu zuen Udalbatzan, Elkarrekin Podemos taldeak aurkeztutako kontrol mozioaren ondoren. Arantza Gonzalez zieneotziak etxebizitza eskuratzeko arazoa arintzeko eskatu zion udal gobernuari, eta horretarako, eskura dituen baliabide guztiak martxan jar dizatala: hitsik dauden etxebizitzen nahitaezko alokairua eta horien desjabetzea barne. Koalizio morearen proposamenak, baina, EH Bilduren babesa baino ez zuen jaso. EAJk, PSEk eta PPk, kontrako botoa eman zuten, horrelako neurri “hertsatzaileak” aplikatzeak, ondorio ekonomikoak eragin ditzaketela argudiatuta.
Gonzalezek gogorarazi zuen planteatutako konponbideak Etxebizitzaren Legean «jasota» daudela,eta horiek arautzen dituen dekretua 2021ekoa dela. Hori horrela, udalak konponbide horiek jartzeko denbora nahikoa duela adierazi zuen: “Etxebizitza-parke publiko bat behar dugu, jendeak bizitza osorako hipotekatu beharrik izan ez dezan eta merkatuaren esklabo izan ez dadin”.
Ildo beretik mintzatu zen EH Bilduko Ricardo Burutaran ere. Zinegotzi abertzalearen aburuz, legeak ezartzen duen moduan, jabetza pribatuak “funtzio sozial bat” bete behar duela eta arazoari ezingo zaiola aurre egin etxebizitza gehiagoren eraikuntzarekin bakarrik: “Legeek neurri berriak planteatzen dituzte, orain arte aplikatutakoek nahi zuten eragina izan ez dutelako”.
Udal gobernuak eta Alderdi Popularrak,ordea, iritzi erabat desberdina adierazi zuten Osoko Bilkuran. Nekane Arzallus Hirigintza Plangintzako eta Etxebizitzako zinegotziaren arabera, hutsik dauden etxebizitza horien desjabetzea eta nahitaezko alokairua oso “neurri zorrotzak” dira eta seriotasunez hartu beharrekoak. Era berean, nabarmendu zuen Donostiako Udalaren gaitasun ekonomikoa ez dela nahikoa hutsik dauden etxebizitzak erosteko. PSE-EE taldeak ere, halako neurriak hartu aurretik, “hiria gune tentsionatu gisa izendatu” edo etxebizitza babestu gehiagoren eraikuntza bideratu behar dela adierazi zuen.