Antzinako janzkerak ardatz, egungo festak girotzeko
1977tik, Parte Zaharreko kaleak girotzen ditu Kresala elkartearen inude eta artzainen konpainiak, kaldereroen ostean. Desfilea osatzen duten 200 lagunek auzoa kantuan eta dantzan jartzeaz gain, antzinako ofizio eta ohiturak irudikatzen dituzte garaiko jantziekin.
![](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2024/02/p020_f01.jpg)
Parte Zaharreko Euskal Herria kalean joan-etorriak etengabeak dira egunotan. Festetako jantziak esku artean, kalean gora eta behera dabiltzan askok gurutzatzen dute Kresala elkarteko ataria; danborradako jantziak bueltatzeko, batzuk; inude eta artzainenak jasotzeko, besteak. Joan-etorrien artean, egunero bertaratu ohi direnak ere badaude, eta bildutako lagun mordoarekin, festa giroak jarraipena baduela sumatzen da inguruan. «Aurten inoiz baino jende gehiagok hartu nahi du parte igandeko desfilean», azaldu du Idoia Aranak, Kresala elkarteko Artzain eta Inudeen Konpainiako kideak.
Kresalakoen antzera, hainbat auzotan danborradako apainketa eta jantziak gordetzerakoan atera dituzte hurrengoak. Hil berriarekin batera datoz inauteriak, kaldereroak, inude eta artzainak eta baita Santa Ageda eguna ere. Asteburu honetan bertan izango ditugu Raimundo Sarriegiren doinuak bueltan: kaldereroekin, larunbat gauean; igandean, berriz, Kresalako Artzain eta Inudeen Konpainiarekin.
Kresalak 1977an berreskuratu zuen festa eguna, ospakizuna XIX. mendetik datorren arren. «1885.urtean atera ziren lehen aldiz Donostian, Kandelaria egunean —otsailaren 2an— baina pixkanaka festa galtzen joan zen», azaldu du konpainiako kideak. Aranaren arabera, elkartea sortu zenetik festa berreskuratzeko saiakerak egon ziren, baina Kresalaren 10. urteurrenera arte itxaron behar izan zuten, egun ezagutzen dugun desfilea sortzeko: «Elkartekoek ekarpen txiki bat egin zuten jantzietarako, eta Kresala Dantza Taldekoak atera ziren hasieran».
Orotara, 200 lagun inguruk hartzen dute parte egungo desfilean. Inude eta artzainen 32 bikoteez gain, segizioan izaten dituzte 35 danbor eta 50 upel, eta baita garaiko pertsonaiak ere: alkatea eta bere emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, mikeleteak, serenoa, pirularia, eta globo saltzailea, besteak beste. Nolanahi ere, garaiko auto klasiko bat eta kanpoko jende mordoa batu ohi dela ere azaldu digu Aranak: «Kresalako jantziekin ateratzen direnak 30-35 inguru dira, baina beste asko, haurren desfilean bezala, egunean bertan agertzen dira norberak etxean gordeta dituen garaiko jantzi eleganteekin».
Urteetako jantziak
Konpainia sortu zen urte berean egin ziren egun erabiltzen diren jantzi gehienak: «Egia da asko eta asko zaharkituta ditugula, eta berritzeko beharrean gaudela», aitortu du kideak. Aranak azaldu duenez, noizean behin jostunarengana eramaten dituzte zaharberritze lanak egiteko. Nolanahi ere, «dituzten urteak kontuan izanda», berriak erostea baino ez dute, horien bizitza luzatu ezin denean. Jantzi guztien artean, inudeenak dira ugarienak, baina etxetik ekartzen dituzte parte hartzaileetako askok: «Urtetik urtera neskak askok errepikatzen dutenez, norberak moldatzen edo egiten du berea, propioa izan dezan». Edonola ere, elkartean bertan dituzte beste asko «dendan erositakoak dira edo bere garaian jostunak egindakoak». Dina Hondarra da jostun horietako bat, eta egun Kresala elkartean gordeta dituzten jantzi askoren sortzailea: «Dantzari baten ama da, eta inudeen jantziak sortzeaz gain, mikeleteenak, esaterako, berak egindakoak dira ere».
Urteetako erabilerak izaten dituen arrastoez gain, urtetik urtera gorputz batetik bestera pasatzeak ere gutxieneko moldaketak eskatzen dituela azaldu du Aranak. Nolanahi ere, asko dira bere pertsonaia hartu eta oraindik askatu ez dutenak: «Elkartean ibiltzen den jendea izanda, asko ditugu urteak daramatzatenak pirulariarena edo apaizarena egiten, gustukoa dutelako, baina kategoriaz aldatzen direnak ere baditugu».
Danborradakoak berritzeke
Pertsonaien eta dantzien jantziez harago, danborradako parte hartzaileenak bereganatu dute antolatzaileen atentzioa eta berritzeko ideiari bueltaka daude: «Gero eta gehiago direnez, jantzi bateratuagoak sortzeko asmoa dute datorren urtera begira». Ideia zehatzik ez duten arren, oinarizko jantzia sortzeko asmoa erakutsi du Aranak, «zerbait galduz gero, antzeko zerbait topatzeko erraza izan dadin».