Egfisiosek aldaketetan murgilduta beteko ditu 50 urte
Mende erdia beteko du abuztuan San Martin auzoko Egfisios fisioterapia klinikak, eta pazienteak artatzen aritzeaz gain, San Martin auzoaren izaera berreskuratzeko lanetan dabil buru-belarri Ibon Etxeberria arduraduna (Gros, 1973). Urteurrenarekin, ordea, lekualdatu egin beharko da.
Estanis Etxeberriak ireki zuen Marina kaleko 4. zenbakiko Egfisios klinika, duela 50 urte, 1974ko abuztuan. «Euskal Herriko eta Donostiako lehenengo fisioterapeutetako bat izan zen; hain zuzen ere, gogoratzen dut eskolan esaten nuenean nire aita fisioterapeuta zela, ikaskideek ez zekitela ondo esaten hitz hori, orduan ez baitzen lanbide batere ezaguna», kontatu du Ibon Etxeberria fisioterapeutak. Bera da, hain zuzen ere, klinikako arduraduna gaur egun.
Kontatu duenez, haurra zela sortu zitzaion aitaren pausoak jarraitzeko grina: «Beti esaten nuen albaitaria izan nahi nuela, besteak beste, baserrian zaldia geneukalako eta animaliak asko gustatzen zitzaizkidalako. Baina behin, lehengusu bat etorri zen etxera, orkatilan mina zuela esanez. Aitak artatu zuen egongelan bertan, sekulako barreak bota genituen mina egiten ziolako eta abar, eta ordutik, hasi nintzen esaten aitaren moduan fisioa izan nahi nuela». Ikasketetan «kaskarra» zela aitortu du, baina baita «burugogorra» ere, eta burugogorkeriaz amaitu zituen fisioterapia ikasketak, nabarmendu duenez.
Horrela, ikasketak bukatu bezain laster, 1998. urtearen bueltan, aitaren klinikan hasi zen lanean: «Beti esaten dut orduan hasi nintzela benetan ikasten. Bi maisu izan nituen, Pablo eta aita, eta hori oso aberasgarria izan zen. Bi erreferente horien bidez, nire lan egiteko modu propioa garatu nuen». Pablo Goikoetxea Estanisen langile gisa hasi zen klinikan, baina laster bazkide egin zirela kontatu du Etxeberriak, eta, hain zuzen ere, bi bazkideen abizenen inizialetatik datorrela klinikaren izena: «Hasieran, E.G. Fisioterapeutas Comunidad de Bienes izena jarri zioten, eta gero, nik hartu nuenean ardura, egungo izena jarri nion klinikari, baina beraien inizial horiek mantenduz.
2012an zendu zen Estanis, eta Etxeberriak kariñoz gogoratzen ditu harekin igarotako uneak: «Azken egunetara arte berarekin lanean aritu nintzen, eta hori zorte handi bat izan zen niretzat. Aita hil zenean, aita, lankidea, maisua eta nire bizitzako erreferente handiena galdu nuen. Eta, era berean, klinikaren ardura hartu nuen guztiz. Ez zen erraza izan hasieran, baina pixkanaka martxa hartu nuen, eta apur bat modernizatu nuen negozioa, baita ere».
Urteurrenarekin, aldaketak
50. urteurrenarekin, aldaketa garaia heldu zaio Etxeberriari: «Marina kaleko laugarren atariko bizilagunek igogailua kale mailara jaitsi nahi dute, eta horretarako obra handi bat egin behar dute, besteak beste, nire lokalaren zati bat hartuz. Horrela, obra egiten duten bitartean, beste lokal batera joan beharko dut, Zubieta kaleko 11. zenbakira. Aurreikusten dugu zortzi hilabete eta urtebete arteko iraupena izango dutela lanek».
Datozen hilabeteotan egingo du lekualdaketa, baina dagoeneko lan egiteko era aldatzen hasi da: «Lokal txikiago batera noanez, lan karga txikitu dut: seguru pribatuekin lan egiteari utzi diot eta ni bakarrik nago orain, ez daukat lankiderik. Idazkaririk ere ez daukat orain, eta, beraz, pazienteei eskatzen ari naiz Whatsapp bidez idazteko (772-27 65 01). Horrela, gainera, pazienteen jarraipen zehatzagoa egin dezaket». Bestalde, azaldu duenez, Zubieta kaleko lokalean lan egiten hasten denean, egoera aztertuko du eta erabakiko du egungora itzuli ala Zubieta kalekoan gelditu. Bestalde, Etxeberriak aipatu du agian aitari omenaldiren bat egingo diola, baina oraindik ez dauka ezer zehaztuta.
Auzoa egiten
Etxeberriak bizitza erdia darama klinikan, eta askotariko bizipenak izan baditu ere, azken urteotan San Martin Auzo Elkartea sortu izana inflexio puntutzat du: «1998tik egiten dut hemen lan, baina ez nituen ondoko establezimenduetakoak ezagutzen, Grosen egiten nuelako bizitza. Eta elkartearen sorrerarekin, elkar ezagutzen eta sinergiak sortzen hasi ginen. Orain, lantokira etortzeaz gain, auzora natorrela esan dezaket, eta sentipen hori zabaltzen ari da hemen inguruan. Hala ere, oraindik asko dago egiteke, San Martin auzoa [Aldapeta kaletik Londres hotelerainoko eremua], historikoki auzo izan dena, Erdialdea kontsideratzen jarraitzen baita».
Horrela, askotariko jarduerak antolatu dituzte 2020an lehenengo pausoak eman zituztenetik, eta Etxeberriak nabarmendu du euskararekin zerikusia duten jardueretan bereziki fokua jartzen saiatzen direla: «Gabonetan Olentzero eta Mari Domingi etortzen zaizkigu, Korrikan lekukoa hartu genuen 2022an lehenengo aldiz, txalaparta emanaldiak antolatu ditugu, eta abar. Badakigu egun hau ez dela oso auzo euskalduna, eta horregatik euskararen inguruko jarduerak sustatzen saiatzen gara».