Loiolatarra, loriaz eta oroitzapenez betetako 100 urte
Mende bat beteko du uztailaren 31n Loiolatarra elkarteak, eta urteurren handi horren harira, liburu bat argitaratu dute, 100 urte hauetako historia eta bitxikeriak jasotzen dituena. Gaur egun, Loiola auzoko Loiolatarra kaleko 2. zenbakian dute elkartea, eta 2007tik daude bertan, lehenago, beste lau egoitza izan baititu. Liburuak egile bat badu ere, esan daiteke elkarlanean sortutako zerbait izan dela, elkarteko bazkideen eta auzotarren 50 bat testigantza eta dokumentu bildu baitituzte. Elkartearen historia auzoarena ere badela erakusten du liburuak.
Duela ehun urte sortu zenetik, kluba oroimen kolektiboan aztarna ezabaezina utzi duten hainbat gertakariren lekuko eta protagonista izan da». Horrela dio Behin batean Loiolan. Loiolatarra K.E. ehun urte liburuaren sarrerak. Izan ere, urteurren borobil horren harira argitaratu dute liburua, urte hauetan guztietan Loiolatarra elkarteak izan duen bilakaera jasotzen duena. Cesar Casajusek, Loiolatarra elkarteko kideak eta aurtengo presidenteak, idatzi du liburua gaztelaniaz, eta Iñaki Arrillagak eta Nagore Garmendiak itzuli dute euskarara.
Joan den ostegunean egin zuten liburuaren aurkezpena Loiolako elkarte horretan bertan, eta Casajusek argi adierazi zuen zein asmorekin idatzi duen: «Batez ere, 100 urte hauetan egindako guztia jasota uzteko». Aurkezpenean izan zen Eneko Goia alkatea ere, eta bere hitzetan, «Loiolatarra Loiola auzoaren historiaren zati banaezina da». Liburuak argi eta garbi uzten du hori.
1924. urtetik auzo bizitza sustatzen
1924ko uztailaren 31n, San Ignazio egunean, inauguratu zuten Loiolatarra elkartea, Xamene tabernan (Aralar Mendia, 46). Belle époque garaia zen, eta Donostia hiri esanguratsua zen Europako hainbat esparrutako jende garrantzitsuarentzat. Uda pasatzera etortzen ziren, eta, haien artean, ospe berezia zuten Kontxako hondartzak, kasinoak (gaur egungo udaletxea), Viktoria Eugenia antzokiak eta Maria Cristina hotelak, besteak beste.
Erdigunetik aparte, Loiola auzoa bazterturiko etxe batzuek, Lorategi Hiriak eta gaur egungo biztanleen hamarren bat besterik biltzen ez zituen hirigune txiki bat zen garai hartan. Baratzeak eta arrantzarako toki batzuk zituen, bertako Goyarizaene, Txikibarene, Disparetene, Kaxkarene, Karkulene, Txolene, Antoñene, Mantulene eta Matxiñene baserrien inguruan, esaterako.
Testuinguru horretan, gazte talde batek Loiolan kirol jarduerak sustatzeko elkarte bat sortzea erabaki zuen; pilota, bereziki. Manuel Sansinenea izan zen lehenengo presidentea, baina nabarmentzekoa da gazte talde hori gizonez zein emakumez zegoela osatuta. Datu hori nabarmendu zuen Goiak ere liburuaren aurkezpenean: «Liburu hau irakurtzean deskubritu dudan gauza bat da duela 100 urte, bere sorreratik, elkarte hau mistoa zela, gizonek eta emakumeek hartzen zutelako parte. Hori ez da ohikoa; pentsatu 1924. urtean halakorik ikustea ez zela gauza arrunta, eta nik uste dut harro egoteko moduko ezaugarria dela».
1924an sortu zuten Loiolatarra elkartea, eta hasieratik, gizonezkoek eta emakumezkoek hartzen zuten parte elkartean
Casajusek zehaztu zuenez, hasieratik 1931ra arte, gizonek eta emakumeek kuota berdina ordaindu zuten: pezeta bat hilero. Ordea, 1931n, Jose Lopetegi buru zuen batzordeak emakumeak ziren bazkideentzako kuota kentzea erabaki zuen, «askotan erakutsitako loiolatarrismoaren sari gisa», Lopetegiren hitzetan. «Ez dakigu elkartasun ekintza bat edo gai patriarkal bat izan zen», azaltzen du liburuan Casajusek.
Elkartea bi urtez egon zen Xamene tabernan kokatuta, baina, 1926an, Casa Senperenara lekualdatu zuten, eta bertan egon zen hurrengo lau urteetan. Casa Senperenan hasi ziren formalki kirol jarduerak eta pilota txapelketak antolatzen.
Pilota, lehen urteetako protagonista
Elkartearen hasierako urteetan, pilota izan zen antolatu zuten kirol jarduera nagusia. 1925ean eta 1926an, Loiolatarrako pilotariek hainbat txapelketa irabazi zituzten. Adibidez, Guridik eta Isasak Gipuzkoako eta Espainiako hainbat pala txapelketa irabazi zituzten. Hurrengo urteetan, Etxenike, Azkue, Epelde eta Urzelai nabarmendu ziren, beste bazkide batzuekin batera, hala nola, Gregorio Etxarri, Manuel Hospital, Ignacio Miner eta Pio Olasagasti.
Liburuan, aipamen berezia egiten zaio Ignacio Etxarri pilotariari, hiru aldiz izan baitzen Espainiako txapeldun: 1931n, 1934an eta 1940an. «Lehen bi tituluak Gregorio anaiarekin batera irabazi zituen Bilbon eta Iruñean, eta hirugarrena, Orbegozorekin batera, Zaragozan», zehazten da liburuan.
1934an, Loiolatarra beste kirol jarduera batzuetan ere hasi zen parte hartzen, hala nola, txirrindularitzan eta piragua txapelketan. «Hauetan ere emaitza ezin hobeak lortu zituzten», jasotzen du liburuak.
Ordea, 1935ean, lokalik gabe geratzea izan zen elkartearen kezka nagusia. 1930etik, Ongi Etorri tabernan kokatu zen egoitza, baina bost urte beranduago, jabeak elkartea zegoen etxebizitzatik alde egin behar zuen. Ondorioz, batzordeak ezohiko batzar batera deitu zuen, alternatiba bat bilatzeko. Bazkideek Mendiburuneko etxabera joatea erabaki zuten, eta bertan kokatu zen egoitza beste zenbait hamarkadetan. «36ko gerra hasi zenean, ordea, lanak amaitu gabe zeuden, eta garai tamalgarri honetan klubeko jarduera asko galdu ziren», azaldu du Casajusek.
Gerra zela eta, 1937. urtetik 1940. urtera arte, ez zen aipamenik idatzi Memoria Liburuan, nahiz eta elkartea oraindik irekita egon. «Jarduera murriztu egin zen, baina bazkideek, neurri handiagoan edo txikiagoan, beren bizitzarekin jarraitu zuten», egilearen hitzetan.
Arraunarekin itzuli ziren kirolera
Eguneroko jarduerei 1940an heldu zieten berriro, elkarteko lehendakaria Jose Maria Azkona zela. Arrauneko batzordeak talde bat osatu zuen estropadetarako, eta Kontxako bateletan garaipena erdietsi zuten. Piraguismoan, Mayoz anaiak nabarmendu ziren, eta San Pedro eguneko estropada irabazi zuten. Era berean, auzoko pilota txapelketei ere ekin zitzaien berriro.
1940ko hamarkada «garai loriatsua» izan zen Loiolatarrako arraun taldearentzat. Valentin Vaquerizak entrenatzen zituen, eta Loyolatarra ontzian lehiatzen ziren. Martin Casaresek egin zuen ontzi hori, arraunzale batzuek lagunduta, 1941eko estropadetarako. «Loyolatarra traineruaren berezitasuna da kukaña makilaren zura erabiliz eraiki zela», adierazi du Casajusek liburuan.
1944an, hiriko arraunlari guztiak batu nahi izan zituzten, Donostia izenpean. Jose Maria Mayoz Loiolatarra K.E.-ko presidenteak ideia hori defendatu zuen, eta arraunlari guztiak biltzea lortu zuen, nahiz eta azken postuan bukatu.
Hurrengo urtean, areagotu egin zen traineru bateratu bat osatzeko nahia, eta horrek batzorde antolatzaile bat sortzea ekarri zuen. «Estropada bat antolatu zen arraunlari guztiak martxan ikusteko, eta iraileko estropadetarako onenak hautatzeko. Sei traineru aurkeztu ziren, eta Angel Urdicianek zuzendu zuen Loyolatarra ontzia. Harrigarriki, estropada irabazi zuten, Arrantzaleen Kofradiako lehiakideekiko hamalau segundoko aldearekin. Urdician eta bere taldearen arrakastak arraunean zuen trebetasuna ez ezik, kirol gogor honek munduan duen batasunaren eta lankidetzaren garrantzia ere nabarmendu zuen», azaldu du Casajusek.
Danborradaren sorrera
Sinesgaitza izan badaiteke ere, Loiolatarra elkartearen danborrada ez zen San Sebastian egun batean jaio. 1946ko San Ignazio gauean, elkarteko zenbait bazkidek afari bat egin zuten, eta jai giroak animatuta, bat-batean, Loiolako kaleetan danborrada jotzea erabaki zuten. Erabaki hori, ordea, ez zuten serio hartu, eta hamalau urte beranduago, 1960an, atera zen lehen aldiz Loiolatarra Kirol Elkarteko danborrada ofiziala, San Sebastian gauean.
Loiolatarra elkarteko lehen danborrada 1946ko San Ignazio egunean atera zen lehen aldiz, modu ez ofizialean
1960ko San Sebastian eguneko gau hori «mugarria» izan zen elkartearentzat, eta handik aurrera, «auzoaren nortasunaren sinbolo» izateaz gain, «ospakizun enblematikoenetako bat» ere bihurtu zen, Casajusen arabera.
1977an, danborrada ohiko jai giroan ospatu zuten, baina Loiolan hainbat urtez itxaroten ari ziren gertakari esanguratsu bat jazo zen: ikurrina Loiolatarra elkartearen mastan zintzilikatu ahal izan zuten, eta horrek pozez bete zituen bazkide eta jarraitzaile ugari.
Eta Loiolatarrako danborrada auzotik —eta Donostiatik— kanpora ere atera izan da, ez pentsa. Izan ere, danborradako batzordeak 1993an Wiesbadenera (Alemania) joatea erabaki zuen. Maiatzaren 25ean abiatu zen espedizioa Loiolatik, eta bi autobusetan bidaiatu zuten Europan zehar. Orotara, 91 lagun joan ziren: 44 upel, 24 danbor, hiru dantzari, bost gastadore eta hamabost musikari. Wiesbadengo Udalak «berariazko gonbita» egin zion Jochen Mogen danborradako kide alemaniarrari.
Achvin Exner hiriko alkateak harrera egin zien, baina liburuan jasotzen denez, emanaldi ikusgarrienak hurrengo bi egunetan egin ziren. Wiesbadengo kaleetan zehar desfilatu zuten, eta arratsaldean, erakustaldia Berliner Strasseko futbol zelaian egin zuten. Hilaren 30ean, Nordenstadteko (Alemania) kaleetan zehar ibili ziren, eta dantzariek ezpata dantza eskaini zieten agintariei.
Danborradak ia 50 urteko historia zuenean, 2007an, hasi ziren emakumeak parte hartzen. Urte hartan, hamabi emakume urketari batu ziren danborradara. Handik aurrera, gizonek eta emakumeek batera hartu izan dute parte, eta aurten, San San Sebastian egunean Plaza Berriko udaletxe zaharreko mastan zintzilik egon den Donostiako bandera Loiolatarra elkarteari eman dio udalak, mendeurrenaren harira.
Gastronomia, elkartearen gakoa
Elkartetik kanpo hainbat jarduera antolatzen bazituzten ere, elkartean bertan beste mota bateko jarduerak egiten zituzten: mus txapelketak eta oturuntzak. Adibidez, 1977ko San Sebastian egunaren bezperan ikurrina lehen aldiz zintzilikatu zutenean, erretiratuek afari bat egin zuten elkartean, eta 125 lagun joan ziren, «gizarte topaketa horien garrantzia agerian utziz». Musari dagokionez, Pio Olasagasti eta Jose Etxeberria urteko muslari onenak izan ziren, jokoan zuten trebetasuna nabarmenduz.
Bitxikeria gisa, liburuan gordeta dagoen dokumentu batean azaltzen da 1988ko San Sebastian bezperako afarian zer jan zuten elkarteko kideek, 3.500 pezetaren truke: haragi salda, angulak, azpizuna, tarta, kafea, kopa, purua eta xanpaina. «Nahiko ohikoa zen menu hori garai haietan», azaldu zuen aurkezpenean Casajusek.
Anaiarteko bazkariak ere tradiziozkoak ziren Loiolatarran. Bazkideak elkartean biltzen ziren topaketa gastronomiko hauetaz gozatzeko, eta liburuaren arabera, bazkari horietan ohiko bazkideak izaten ziren Jose Manuel Mayoz, Irizar de Barkaiztegi, Sarriegi eta Ramon San Sebastian egoten ziren, menu ederrak konpartitzen. «Elkarbizitza une horiek bazkideen arteko loturak sendotzen zituzten, elkartearen ezaugarri ziren kide izatearen eta elkartzearen zentzua sortuz. Horrela, anaiarteko bazkariak bizipenak partekatzeko, jaki gozoak dastatzeko eta gizartearen baitan oroitzapen iraunkorrak sortzeko aukera bihurtzen ziren», azaldu du Casajusek.
Beste hainbat oturuntza berezi ere antolatu izan dituzte elkartean. 1975eko abuztuaren 3an, bikote ezkonduen bazkaria egin zuten elkartean. Liburuan kontatzen denez, ekimenak «arrakasta handia» izan zuen eta plaza guztiak bete ziren. 700 pezetaren truke, bakoitzak zigalak eta otarrain erdia jan zituen, eta ondoren, kafea, kopa eta purua eman zizkieten.
Elkarteen arteko gastronomia txapelketetan ere hartu izan du parte Loiolatarra elkarteak. Bertako bazkide Patxi Lago Titin eta Ramon Diaz izan ziren urte askoz elkartearen gastronomiaren adierazgarri nagusiak. Liburuan zehazten denez, 2000. urtean bigarren postua lortu zuten elkarteen arteko hamargarren Euskal Jaien lehiaketan. Aipatzekoa da hurrengo urtean ETAk Ramon Diaz erail zuela, eta liburuan ere tarte bat eskaini diotela Diazi: «Beti Loiolatarraren jarduera guztietan parte hartzen zuen bazkidea, batez ere, Pilota Sailarekin egindako lan eskuzabalagatik eta sukaldeetan zuen bikaintasunagatik. Indarkeriaren zentzugabekeriak, gure elkartean ere, bere arrastoa utzi zuen».
Salamancakoa izatez, Loiolako bizilaguna zen Diaz, eta Espainiako itsas komandantzian lan egiten zuen sukaldari gisa. ETAk erail zutenetik, elkarteak eta udalak omenaldia egiten diote urtero, urtarrilean.
Mikologia jardunaldiak
Gastronomiarekin jarraituz, Loiolatarren historian garrantzi berezia hartu dute mikologia jardunaldiek. 1998an erabaki zuten lehen jardunaldiak antolatzea, mikologiaren zalez osatutako talde baten ekimenez. Titin, Fernando Lago, Andy Mazas eta Javier Cano ziren mikologia batzordeko kideak. Ordutik, mikologia eta gastronomia gogoko dituztenentzako ezinbesteko bihurtu da ekitaldi hau, eta bisitariak eta adituak erakartzen ditu urtez urte.
Danborradak bezala, 2005ean, Loiolatarrako Mikologia eta Gastronomia Sailak Wiesbadenera (Alemania) bidaiatzeko aukera izan zuen, truke gastronomikoak mantentzeko eta indartzeko. «Gure elkarteko kide garrantzitsu batzuek, hala nola Patxi Lagok eta Juan Mari Oderizek, modu bikainean lagundu zuten gure elkarteak Alemanian duen ospea handitzen», jasotzen du liburuak.
Aurten XXV. urteurrena beteko dute mikologia jardunaldiek, eta ikusteke dago zeintzuk izango diren jardunaldien ardatzak. Iaz, perretxiko psikotropikoak izan ziren, eta horien inguruan ikasteko aukera izan zuten Daniel Palacios irakasle eta adituaren eskutik. Gainera, perretxikoak sailkatzen ere ikasten dute parte hartzaileek, eta mendira irteera egiten dute, perretxikoak hartzeko. Ondoren, bildutako perretxikoak Loiolatarra elkartean sailkatzen dituzte, eta jardunaldiei amaiera emateko perretxiko jaia egiten dute Latsarien plazan.
Mikologia jardunaldiak antolatzen dituzte urtero, eta egitasmo arrakastatsu horrek bisitariak eta adituak erakartzen ditu
Pertsona ospetsuak elkartean
Elkartearen bitxikeria ugari aipatzen dira liburuan, eta ezin dezakegu mendeurrenaren inguruko erreportaje hau itxi beste bitxikeria batzuk aipatu gabe. Alemania ederki ezagutzeko aukera izan du elkarteak, baina hainbat pertsonaia ilustrek ere izan dute Loiolatarra ezagutzeko aukera.
2000. urteko udan, Donostian, Norka Txiapuso Aste Nagusiko antzerki programazioaren arduradunaren bitartez, Viktoria Eugenian edo Antzoki Zaharrean aurkezten ziren antzerki konpainia nabarmenak erakartzea lortu zuen elkarteak. Konpainia horiek Loiolatarra bisitatzeaz gain, bertan jateko aukera ere izan zuten. Liburuan dagoen argazki batean ikus daitezke Paco Marso antzerki ekoizlea eta aktorea, Concha Velasco aktorea eta Encarna Paso aktorea elkartean, Titin eta Ramon Diaz bazkideekin batera.
Era berean, Carmen Sevilla aktore, abeslari eta telebistako aurkezleak ere ezagutu zuen Loiolatarra, liburuko argazki batek erakusten duenez. «Carmen Sevilla, Pepe Medina eta Luis Miguel Basurko Potoko-rekin gure egoitzan. Antzezleak bazkide talde batek luzatu zion gonbidapena onartu zuen», dio liburuan argazkiarekin batera agertzen den azalpenak.
Eta batek daki aurrerantzean ospetsu gehiagori harrera egiteko aukera izango duen elkarteak. Argi dagoena da Loiolatarrak beste 100 urte betetzeko gogoa eta ilusioa dituela, eta hala azaltzen dute liburuaren amaieran ere: «Nork esango zien gazte haiei, beraiek ilusioz sortu zuten egitasmo hark 100 urte beteko zituela. Beraien ametsik hoberenean ere, gaur eguneraino iritsiko ginenik ez lukete irudikatuko […]. Goazen elkarrekin hurrengo 100 urteetako loria, bizipen eta oroitzapenen bila!».