IRUTXULOKO HITZAk ere bat egingo du 23. Korrikarekin
Badator Korrika, eta, betiko legez, IRUTXULOKO HITZAk euskararen aldeko lekukoa hartuko du Donostian aurten ere. Erdialdean izango da, iluntzean, eta denak gonbidatuta zaudete gurekin batera korrika egitera. Horrez gain, egunaren jarraipen berezia egingo dugu webgunean eta sareetan, eta zozketa bereziak ere prestatu ditugu.
Tipi-tapa, tipi-tapa, Euskal Herria zeharkatzen ari da Korrika, eta hilaren 23ko arratsaldean helduko da Donostiara. Hirian lekukoa hartuko duten 145 eragile eta norbanakoak prest daude, eta IRUTXULOKO HITZA ez da gutxiago izango.
Erdialdean hartuko dugu euskararen aldeko lekukoa aurten, Idiakez kalearen eta Askatasunaren hiribidearen arteko izkinan, 21:22ean. Loiolaetxea elkartearen eskutik jasoko dugu eta Donostiako Gazteak eragileari pasatuko diogu, Santa Katalina zubiaren hasieran.
Lantaldeko bi kide batek hartuko du lekukoa, baina gure kilometroan ez gara bakarrik egongo, ohiko legez, HITZAkide batek gurekin batera hartuko baitu lekukoa. Zozketa bidez hautatuko dugu gurekin korrika egingo duen laguna, eta gaurtik aurrera hartu dezakezue parte zozketan, gure webguneko HITZAkideen Txokoa atalean.
Hori gutxi balitz, beste zozketa interesgarri batzuk ere prestatu ditugu Korrikaren bueltan. Hain zuzen ere, Korrikako hainbat produktu berezi zozkatuko ditugu gaurtik aurrera, eta HITZAkideen Txokoa atalean hartu dezakezue parte. Horrez gain, eskaintza berezi bat prestatu dugu: Korrikak irauten duen bitartean harpidetuz gero, soilik 35 euro ordainduko dituzte lehenengo urtean harpidedun berriek, eta Errigoraren saski baten zozketan sartuko dira.
Bestalde, Korrikak Donostiako kaleak zeharkatzen dituen bitartean, hiriko txoko batetik bestera ibiliko gara, egunaren jarraipen berezia egiten. Horrela, egunak aurrera egin ahala, gure webgunean zein sare sozialetan ikusi ahalko dituzue Korrikako argazkiak eta bideoak. Prest al zaudete gurekin batera beste Korrika egun bat bizitzeko?