Sahararen karabana, itxaropena elikatzeko alea
Ohiko legez, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteak antolatuta, elikagaiak bildu dituzte eskola eta supermerkatuetan, Tindufeko kanpamentuetara eramateko. Askotariko beharrei erantzuteko ale bat baino ez den arren, egoera hobetzeko itxaropenarekin jarraitzen dute elkarte eta ordezkariek.
Lekaleak, pasta, arroza eta atun kontserbak andanaka. Atzealdea toperaino zutela abiatu ziren kamioiak Zurriolatik, larunbatean. 80 eta 100 tona artean elikagai bildu dituzte azken hilabeteotan Karabana Solidarioaren kideek. Gabonetan, lehenik, herritarrek supermerkatuetan egindako ekarpenarekin; eta eskoletan, ondoren, familien elkartasunaren bitartez.
Gipuzkoan eta Bizkaian jasotako jaki eta materialak osatzen dituzte tona horiek guztiak, eta azken urteotan eskatu duten moduan, aurten ere higiene produktuak eraman dituzte: «Konpresa mordoa ere daramatzagu, eta aldi berean, beste proiektu batzuetako materiala eramaten dugu», azaldu du Maite Berzosa Urretabizkaia Saharako Errepublika Demokratikoaren Lagunen Elkarteko kideak.
Zehaztu duenez, Donostiako lanbide heziketa zentro batekin eta emagin batekin dituzte hainbat proiektu. Hori horrela, karabana baliatu dute, «gurpildun aulkiak» eta beharrezko izan ditzaketen osasun eta hezkuntza materiala garraiatzeko: «Dena dela, hori ez dugu helburu nagusitzat, urtean zehar beste furgoneta zerbitzu batean sartzen ditugulako halakoak».
Hemezortzigarren urtez irten dira kamioiak Donostiatik elikagaiz beteta, eta kideak azaldu duenez, kamioi handiez gain, etengabeko laguntza da hemendik bidaltzen dena; etengabekoa delako, halaber, han duten beharra. Berzosa Urretabizkaiak azaldu duenez, 180.000 saharar bizi dira Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpalekuetan —biztanleriaren ia erdia—, eta «ezinbesteko» dute kanpotik iristen zaien laguntza oro: «Gurea ale bat baino ez da, baina erabat beharrezkoa. Erabateko mendekotasuna baitute kanpoko ekarpenarekiko».
Egun, Mendebaldeko Sahararen kontrola eskatzen dute Marokoko Erresumak eta Fronte Polisarioak ezarritako Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak (SEAD). Espainiako Gobernua, berriz, gatazkatik at mantentzen saiatzen ari da, «lotura historiko eta juridiko oro» ezkutatuta, Amnesty Internationalek adierazi duenez.
Behin-behinean, 48 urtez
Pedro Sanchez Espainiako presidentea Marokoko erregearekin biltzen hasi zen 2022an, eta Sahararekiko izan duen jarrera aldaketak haserrea eragin du herrialdearen subiranotasuna aldarrikatzen duen elkarteen artean. Berzosa Urretabizkaiari ere, ulertezina iruditzen zaio sahararrak Marokoren mende uztea: «Espainiak arduradun izaten jarraitzen du eta ezin ditu egoera horretan utzi».
Berzosa Urretabizkaiak azaldu duenez, halaber, gizonezkoak hegoaldeko frontean dauden bitartean, emakumezkoek hartu behar izan dute bizitzako gainerako esparruen ardura: «Emakumeak buru-belarri dabiltza esparru guztiak antolatzeko lanetan, baina ez dute janaririk, eta horren ondorioz, patologiak garatzen hasi dira». Azaldu duenez, gainera, desnutrizioa gero eta ohikoagoa da biztanleriaren artean: «Haur askok ez dute behar adina jaten, eta adinekoek tea edan eta edan igarotzen dute eguna».
Fronte Polisarioan, ordea, nahiago dute lortutakoari erreparatu, aurrera begira borrokan jarraitzeko. Mohamed Fadel Mojtar, Fronte Polisarioaren Euskadiko ordezkariaren arabera, pixkanaka izan bada ere, gerra betean aurrera egiten ikasi dute: «Gerran jarraitzen dugu, eta arlo diplomatikoan ere borroka handia dugu aurretik. Dena dela, lorpenak ere izan ditugu, Nazio Batuetan eta Afrikako Batasunean Saharar Errepublika kide gisa onartuta dagoelako egun».
Gatazka hori, baina, Palestinako edo Ukrainako gerren itzalean gelditu dela jakin badakite elkarteetako ordezkariek. Berzosa Urretabizkaiak argi du egunero eman behar dutela «problematikaren berri», ahanzturan geratu ez dadin: «Ukrainan eta Palestinan gertatzen ari dena izugarria da, baina saharar herriak 48 urte daramatza bakerik gabe eta behin-behineko petatxuekin».
Dena dela, azaldu duenez, «bistakoa da» euskal herritarrek beharrari erantzuten jarraitzen diotela: «Elkartasuna erakusten dute eta, horrez gain, boluntario asko ditugu jasotako guztia sailkatu eta kutxetan sartzen».
Bidaia luzea aurretik
Boluntario horien artean daude Dbuseko gidariak ere. Rafael da horietako bat eta hamabi urte daramatza bidaien lehen zatia egiten: «Dbuseko lokala uzten diegu janaria jasotzeko, eta kotxetegietan kargatu ohi dugu dena. Hala hasi nintzen, eta Alacanterako bidea egiten dut egun». Kamioien lehen geldialdia da hiri hori, eta gidarien helmuga.Portuan, Oranera doan ferry batean ontziratzen dituzte ibilgailuak eta handik, Fronte Polisariokoek eramaten dituzte kanpalekuetara.
Azkenak izango direlako itxaropenarekin bidali dituzte lau kamioiak. Jakin badakite, ordea, hilabete batzuetan elikagaiak biltzen hasi beharko direla berriro; beste «petatxu bat» jartzen, alegia: «Konponbideak premiazkoak dira», gaineratu du Berzosa Urretabizkaiak.