Zubietako eliza, berezitasunaren ikur
Zubietako Santiago elizaren bi ateak herriaren ispilu izan dira mende luzez. Usurbil eta Donostiaren artean banatuta XIX. mendetik, lurrak ez ezik, herritarrak ere bereizita sartzen ziren barrura: ezkerreko atetik, donostiarrak; eskuinekotik, berriz, usurbildarrak.
Zubieta ez da herri bat, auzo bat ere ez, zerbait gehiago da; berezia, ezberdina». Hala aldarrikatzen du Zubietako Herri Batzarrak. Donostiatik 9,5 kilometrora eta Usurbildik 3,5era, irla baten gisa kokatzen da mapan, bi udalerrien artean, baina bietan erabat sartu gabe. Usurbil eta Donostiaren parte da, eta bitan dago zatituta, eremu bakoitza zeini dagokion zehaztea zaila den arren. Zubietarrak ere, legez bateko edo besteko herritarrak dira, baina herri giroa da nagusi bizilagunen artean.
«Gu zubietarrak gara», esan du Aundi baserriko Maritxuk, —Maria Arrillaga Martikorena (Zubieta, 1933)—. Arrillagak ondo baino hobeto daki bera jaiotako baserria Donostiari dagokiola; kostata gogoratzen ditu, baina, bizilagunen baserriak. Solasean ari dela hasi da bizpahiruren jatorria aipatzen, baina muga zehatzen faltan, konplexua bilakatu zaio herriko puzzlea erabat osatzea.
Zubietaren zatiketaren jatorria topatzeko, XIV. menderaino egin behar da atzera. Donostiako Udaleko batzar agirietan azaltzen den moduan, 1371n banandu zen Usurbil Donostiatik, eta horren ondorioz, Zubietako komunitatea osatzen zuten 21 baserriek non gelditu erabaki behar izan zuten.
Marra zehatz bat marraztu beharrean, familia bakoitzak aldebakarrez hartu zuen erabakia: hala, orduko baserrietatik zazpik hiribildu berrira egin zuten jauzi; gainerako hamalauek, berriz, Donostiaren parte izaten jarraitu zuten.Orduz geroztik, aldaketak egiteko aukera izan dute oinordekoek hainbatetan, eta denborarekin baserri gehiago batzen joan dira bi zerrendetara. Ordenarik gabeko etxebizitzen banaketa horrek, gainera, bere horretan jarraitu du gaur egun arte, eta hala, indarrean dirauten jurisdikzioak tartekatu dira.
Josu Tellabide etnologoak Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak liburuan azaltzen duen moduan, zatiketa «bitxi» horrek administrazio berezia izatea eragin du beti: «Urtero aldatzen ziren Donostia eta Usurbil aldeetako zinpeko buru edo alkateak. Hauek eramaten zituzten komunitatearen kontuak, beste inongo pertsonaren edo botereren esku hartzerik gabe».
Egun, gainera, administrazio autonomo txiki bat mantentzen du, sei ordezkarirekin — Donostiako hiru eta Usurbilgo beste hiru—: «Zubietaren kasua berezia eta bitxia da: bi administrazioren artean zatitutako beste herririk ez dugu ezagutzen ez Gipuzkoan, ez Euskal Herrian», zehazten du Tellabidek bere liburuan.
Bi herri, bi ate
Orduko lurren banaketa horrek egungo eraikin publiko askotan du eragina. Hala, Zubietako pilotalekua eta Santiago eliza bitan daude banatuta; diagonalean, lehena; laukizuzenaren erditik, berriz, bigarrena. Azken horrek baina, eremua bera ez ezik, erabiltzaileak ere bitan bereizi izan ditu urte luzez.
Santiago eliza Zubietako kaskoan dago kokatuta, eta egurrezko bi ate handi izan ditu betidanik, azken urteotan hirugarren bat gehitu dioten arren. Bi ate horiek herriaren berezitasunari erantzun diote, izan ere, mende luzetan zehar, eliztarrak bananduta sartu dira barrura; ezkerreko atetik donostiarrak, eskuinekotik berriz, usurbildarrak. «Hika-mikak izango ziren banaketa egin eta hurrengo urteetan. Usurbildarren eta donostiarren artean bakea egon zedin egingo zutela pentsatzen dut», dio Arrillagak.
Aitortu du, baina, Zubietan barrena istorioa ezaguna den arren, berak ez duela halako banaketarik ezagutu. «Aurretik biak irekiko ziren, baina gure garairako ate bakarra zegoen, Donostiakoa. Hortik egin ditugu bataio guztiak gure familian». Gaineratu duenez, bera neskatila zenerako, bigarren ateko sarbidea ez zegoen erabilgarri: «Donostiako atetik sartuta, korridorea genuen eta aldarera iristen ginen zuzenean. Usurbilgoak, berriz, banku zabalak zituen ateaz bestalde, inolako biderik gabe»
Jatorriaren irizpidea baino, gehiago gogoratzen du generoaren araberakoa egiten ziren banaketak: «Gizasemeak albo batean jartzen ziren, eta emakumeak beste aldean, eta hor bai ez zegoela nahasterik».