On ekin, ezagutzatik etorkizuna ereiten
Cristina Enea fundazioak, Donostiako Udalarekin eta Saretuzekin elkarlanean, On ekin kanpaina jarri du martxan, elikadura osasuntsua eta jasangarria erdigunean jartzeko asmoz. Krisi ekologiko eta sozialaren aurrean, bestelako kontsumo eredu baten inguruan hausnartzea eta alternatiba errealak eskaintzea dute helburu.
Esadazu zer jaten duzun eta esango dizut zer zaren». Jean Anthelme Brillat-Savarin legelari frantsesak 1825ean aipatu zuen esaera da hura. Gastronomiari buruzko lehen tratatua (Dastamenaren fisiologia) idatzi zuen unetik dator. Geroztik, hamaika moldaketa izan ditu, baina janariak eta janariaren prestaketak duen garrantziari erreparatzen zion Brillat-Savarinek.
Zehazki, sukaldaritzako jakintza orok nortasunean eta gizarte baten berezko ezagutzaren jarraipenean zuen ahalmena jarri zuen erdigunean. Egun, baina, ezagutza eta ohitura espazio hori lausotu egin da, globalizazioak eraginda.
Kontsumo eredu berriak bideratutako krisi ekologiko eta sozialaren aurrean, elikatzeko moduaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dute Cristina Enea fundazioan. Hala, Donostiako Udala eta Donostiako Kontsumo arduratsuaren sarea den Saretuzekin elkarlanean, On ekin kanpaina jarri dute abian, kontsumo arduratsu, osasuntsu eta jasangarria sustatzeko.
«Iaz Berriz Berri proiektua bideratu genuen, etxean genituen produktuen bizitza luzatzeko. Tailerrak bete ziren eta oso pozik bukatu genuen emaitzekin», azaldu du Cristina Enea fundazioko ingurumen hezkuntza teknikari Oihana Orkolagak (Antigua, 1976).
Halako aurrekariekin, aurten, eskema berdina jarraitu nahi izan dute, baina oraingoan, elikadura erdigunean jarrita: «Egunero egiten dugun zerbait izanda, asko esaten dugu zer kontsumitzen dugun, non erosten dugun eta nolako produktuak kontsumitzen ditugun».
Hausnarketa horren bilaketan, zubi lana egin dute eragile eta kontsumo ohiturak aldatu nahi izan dituztenen artean: «Krisia alde askotatik nabaritzen hasi gara eta elikadurak krisi horren aspektu asko bateratzen dituela konturatu gara: ingurumenean ez ezik, gizartean eta bere kulturan ere eragina duela, alegia». Errora bueltatu eta egiazko alternatibak bilatzeko asmoz, askotariko tailer eta egitasmotan parte hartzeko izen emateak zabaldu dituzte fundazioaren webgunean.
Elikatuz eraldatu
Bide hori errazteko, hain zuzen, kontserba tailerrak antolatu dituzte, besteak beste: «Kontsumo taldeko dinamiketan garaiko produktuen saskiak jasotzen dituzte astero, eta askotan pilatu egiten dira elikagai jakin batzuk. Honen bitartez, garai batean sobran dugunak, beste garai batean jateko ematen digu». Maiatzaren 15ean egingo dute lehena, Txirain Elkartean, eta ondoren, urtaro bakoitzean errepikatuko dute saioa, sasoi bakoitzean dauden elikagaiak hartuta.
Elikagaien kontsumoa luzatzeaz gain, elikagai horiek ere osasuntsu izatea bilatuko dute «askari osasuntsuak» tailerraren bitartez: «Oso ohikoa da bost otordu egitea, baina batzuetan, bazkariaren eta afariaren artekoa gosea isiltzeko dela dirudi». Hori horrela, osasuna eta jasangarritasuna uztartzeko erronkarekin, litxarreria prozesatuetan erori aurretiko altenatibak bilatuko dituzte: «Betiko ogitartekoetatik harago, zerbait kontzienteagoa eta koherenteagoa bilatzeko», dio Orkolagak.
Horretarako, teoria eta praktika tartekatu dituzten hiru tailer aurreikusi dituzte Aieten, Amaran eta Loiolan: «Momentuz, Aiete Kultur Etxean dugu lotuta lehena, maiatzaren 9an, baina auzoetara gerturatzeko asmoa dugu, beste bi saioak zehazteke ditugun arren».
Arrantza eta landa, bertatik bertara
Elikadura bere osotasunean lantzeko xedearekin, arrantza ere izango dute hizpide. «Iruditzen zait ez dugula nahikoa informazio arrantzaren inguruan eta zaila dela hura topatzea», dio Orkolagak. Hala, Donostiako Kofradia Itsas Etxearekin elkarlanean hainbat egitasmo antolatu dituzte, arrantzaren munduko ezagutza eta sentsibilizazioa partekatzeko: «Hemengo arrantza ontziek zer arrantzatzen duten jakin nahi dugu, ondoren, zer kontsumitu dezakegun jakiteko».
Era berean, arrandegietara iritsi aurretik duen ibilbide «bitxia» ikusgarri egin nahi dute. Hori horrela, bisitak antolatu dituzte Donostiako lonjara eta baita itsasora ere: «Gustatuko litzaiguke itsasontzi batean arrantza ontzi batera gerturatzeko aukera, beraien lana bertatik bertara ezagutzeko».
Uretako zein lehorreko produktuak «uste baina gertuago» daudela ohartuta, baserri batera bisita ere prestatu dute antolatzaileek. Orkolagak azaldu duenez, askotan nekazaritza landa eremuan bakarrik egiten dela uste da, baina ez dago hain urrun: «Konturatu gara Donostian bertan badaudela ekoizten ari diren baserriak, eta baratzea edo abeltzaintza duten baserriak».
Mapa lagungarri
Iaz egin zuten moduan, aurten ere Saretuzek mapa bat sortu du elikadura osasuntsua, garaikoa eta ekologikoa eskaintzen dituzten saltoki eta alternatiba guztiak online topatu ahal izateko: «Gure mapa abiapuntu hartuta, kanpaina baliatu dugu, bilaketa sakonagoa egin eta, aldi berean, aurretik genuen mapa indartzeko», azaldu du Ane Zaldibar Saretuzeko kideak (Amara, 1981).
Mapa osatzen jarraitzen duten arren, ia 40 gune seinalatu dituzte dagoeneko: «Lau ataletan banatu ditugu, eta denda eta azokez gain, kontsumo taldeak eta sukalde komunitarioak ere gehitu ditugu», azaldu du. Azken horiek dira berritasun nagusiena, «ezezagunenak baitira».
Bonuak ere jarriko dituzte, gune horietan kontsumitzen dutenentzat. Argi dute, baina, kontsumo oro bultzatzeko ezagutza dela gakoa. Hori horrela, tailerrak izango dira aldaketaren akuilu nagusi.