Aldarrikapenak izan dira nagusi Txomiñeneko saskibaloi txapelketan
Joan den larunbatean, apirilak 6, Lanberri Auzo Elkarteak bat egin zuen Basket Kale egitasmoko lagunekin, salaketa eta errebindikazioa uztartu zituen saskibaloi txapelketa bat egiteko. Auzo elkarteak azaldu duenez, 2024 saskibaloi txapelketa espazio publikoa zaintzeko eta berreskuratzeko aldarrikapen gisa baliatu zuten, baita auzoko osasun etxearen kokapen berria salatzeko ere-
Txomiñeneko osasun etxe berriaren proiektuaren zirriborroa, hala mantendu da azken urteotan: zirriborro. Orain, baina, inguruko etxebizitzen lanek aurrera egiten ari direla dirudienean, hasi da udala proiektuaren nondik norakoa zehazten. Udalaren hasierako onarpenaren ostean ezarri dute kokapen berria Arteleku plazan.
Zehazki, egungo saskibaloi pista berriaren eremuan eraikiko dute osasun etxea, urtebete inguru duen eremu berrian. Erabaki horrek bizilagunen harridura eta haserrea eragin du, eta iraintzat jo dute hedabideen bitartez lekualdaketaren berri jaso izana. Lan berri auzo elkarteak azaldu duenez, “instalazio horiek auzotarren eguneroko ekarpen eta borroketatik abiatuta lortu dira, auzoko kaleei bizia emango dien espazio ireki bat lortzeko” eta, oraingoz, ez dago pista hori birkokatzeko alternatibarik.