Heriz pasealekuko zirkulazioa etengo dute tarteka bihar eta etzi, filmaketa bategatik

Basoillarraren Filmak ekoiztetxea Un fantasma en la batalla filma grabatzen arituko da bihar eta etzi Larramendi ikastetxean, barrualdean eta kanpoaldean. Hori dela eta, gaur, astelehena, Heriz pasealekuko hainbat leku balizatuko dituzte, grabaketako ibilgailuak eta garai bateko autoak aparkatzeko. Horren inguruko abisua, aldiz, kale horretako bizilagun batek hedabide honi jakinarazi diotenez, gaztelania hutsean jarri dute.
Grabaketa egunetan (apirilak 30 eta maiatzak 1), oinezkoen kontrolak egingo dituzte, eta 08:00etatik 22:00etara, zirkulazioa eteten joango dira noizbehinka. Hiru-bost minutu inguru iraungo dute mozketa horiek. Hala ere, eragozpenak ahalik eta txikienak izaten saiatuko direla adierazi du lantaldeak.
Filmak ETAn infiltratutako Amaia izeneko guardia zibil baten istorioa kontatuko du. Agustin Diaz Yanes da zuzendaria eta Susana Abaitua, Andres Gertrudix, Iraia Elias, Raul Arevalo eta Ariadna Gil aktoreak.