Altzako Naturaldia, inguruaz gozatzeko zita
Atzo hasi eta ekainaren 11ra arte, egitarau oparoa prestatu dute Altzako XI. Naturaldirako. Auzoko inguruneak gordetzen dituen paisaiak eta hegaztiak izango dituzte aztergai, eta naturazale oro gonbidatu dute jardueretan parte hartzera.
Egitarau oparoa prestatu du aurten ere Donostia Kulturak, Altzako Historia Mintegiaren laguntzaz, Altzako XI. Naturaldiarako. Maribel Manzano Altzako Historia Mintegiko kideak azaldu duenez, 2013. urtetik daramate egitasmo hau antolatzen, Altza inguruko naturaguneak ezagutu ditzan jendeak. Programak publiko orokorrarentzako jarduerak hartzen ditu, hala nola, erakusketa bat, ibilaldiak eta haurrentzako tailerrak.
Atzo inauguratu zuten Naturaldia, Txoriak begibistan erakusketarekin, Tomasene Kultur Etxean. Josemari Gimon Itsas Enara Ornitologia Elkarteko kideak gure inguruko hegaztiei ateratako argazki bilduma aberatsa erakusten du bertan, eta ekainaren 28ra arte egongo da ikusgai. «Josemari Gimon argazkiak egiten aritzen da hemen inguruan, eta ez ditu sekula erakusketa batean erakutsi bere lanak. Argazki bereziak egiten ditu, eta txoriei egindako hainbat ikusi ahal izango dira, lehenengoz, Tomasene Kultur Etxean», azaldu du Manzanok.
Itsas Enara elkarteko Josemari Gimonen argazkiak jarri dituzte ikusgai, lehendabiziko aldiz, Tomasene Kultur Etxean
Maiatzaren 9an, beste mota bateko jarduera prestatu dute, historia mintegiko kidearen arabera, «arrakasta handia» izan ohi duena. Altzatik abiatutako ibilbideak saioa da hori, 55 urtetik gorako pertsonentzat prestatua, eta Larres bisitatuko dute oraingoan. «Larres Altzan dugun naturagunea da, baina jende askok ez daki eremu hori naturagune bat denik. Horrelako gauzak ikasteko primeran etortzen dira ibilbide horiek, gure ingurunea behatzeko, eta baita Altza ezagutzeko ere. Izan ere, auzoa ezagutzen ez duen jende asko etorri ohi da ibilbide horietara», azaldu du Manzanok.
09:30ean irtengo dira Casares Kultur Etxetik eta Tomasene Kultur Etxera hurbilduko dira, Altzako berdeguneei buruzko kontu berriak ikasteko. Ondoren, Larres berdegunetik paseoa emango dute, bertako ezaugarri nagusiak ezagutuz eta balio naturalak ikasiz. 11:30erako bukatuko dute paseoa.
Haurrak, etorkizuneko naturazaleak
Manzanok adierazi duenez, Altzako Naturaldia haurrentzat, gazteentzat nahiz helduentzat izan daiteke erakargarria, eta hain zuzen ere, helburu horrekin prestatzen dute programa. «Larreseko ibilbidea 55 urtetik gorakoentzat da, baina baditugu haurrentzako jarduerak ere. Garrantzitsua da naturarekiko interesa piztea etxeko txikienei, horiek direlako etorkizuneko naturazaleak», nabarmendu du Manzanok.
Hori dela eta, maiatzaren 10ean eta 17an, Arte eta Natura Tailerrak egingo dituzte 6 urtetik gorako haurrek. Material naturalak erabiliz (hostoak, harriak eta loreak), lepokoak, mandalak eta harri margotuak egingo dituzte. Jarduera hau Casares Kultur Etxean izango da, 17:30ean. Jarduera honetarako izena eman behar da aurrez, casareskulturetxea@donostia.eus helbide elektronikoan.
Jardueretan parte hartzea doakoa izango da, baina haurren tailerretara joan ahal izateko, izena eman beharko da aurrez
Maiatzaren 16an, Enarak hitzaldia eskainiko dute Tomasenen, 19:00etan. Hitzaldi horretan, udaberrian gure herrietan aurkitzen ditugun enarei buruz hitz egingo dute. Espezie desberdinak ikusiko dituzte bertaratzen direnek, eta hegazti horiek dituzten arazoak eta babesteko arrazoiak ezagutuko dituzte. Horrez gain, habien jarraipena nola egin azalduko dute, populazio horiek denboran zehar izan duten bilakaera ikusi ahal izateko. Hizlaria Maite Laso izango da, Aranzadiko Ornitologia sailekoa.
Maiatzaren 20an, El olivo (2016) filma proiektatuko dute Tomasenen, 18:00etan. 55 urtetik gorakoentzat izango da emanaldia. «Garrantzitsua da filmen bidez gauza berriak ikastea. Batzuetan, ez da beharrezkoa ibilbideak egitea zerbait berria jakiteko. Film bat jarri eta lasai ikustera etortzera ere gonbidatu nahi dugu jendea», nabarmendu du Manzanok.
Maiatzaren 23an, Altzatik abiatutako ibilbideak saioa egingo dute berriz. Oraingoan, ordea, GaintxurizketaBeloaga GazteluaArragua ibilbidea egingo dute. Gipuzkoako Barnealdeko Done Jakue Bidearen etapa da hori.
Azkenik, ekainaren 11n, Txoriak begibistan erakusketan bisita gidatua egingo dute, 18:30ean. Bertan izango da Josemari Gimon, argazkien egilea, argazkien inguruko azalpenak emateko. «Hitzaldi interesgarria izango da, Gimon Itsas Enara elkarteko kide denez, txorien inguruko informazio asko duelako kontatzeko», nabarmendu du Manzanok.