Jose Luis Lanzagorta donostiarrak sortu ditu 72. Zinemaldiko kartelak
Cate Blanchettek jasoko du 72. Zinemaldiko Donostia Sarietako bat, eta bera da kartel ofizialeko protagonista ere. Kartel hori, eta baita aurtengo Zinemaldiko gainerako guztiak ere, Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafiko donostiarrak egin ditu. Gaur aurkeztu dituzte kartel guztiak Tabakaleran, eta diseinuen inguruko azalpenak eman ditu Lanzagortak.
Kartel nagusia, Gustavo Papaleo argazkilariaren erretratu bat oinarri hartuta egin du diseinatzaileak. “Cate nor bere baitan bilduta ageri da irudian, eta pixka bat itxura misteriotsua eta iradokitzailea du. Ez genuen irudia zikindu nahi, baina kolore pixka bat eman nahi genion, uste genuelako argi pixka bat ondo etorriko zitzaiola irudiari. Horretarako, Zinemaldiko kolore paleta erabili dugu, eta kartelaren beheko aldean jarri dugu, SSIFF 72 koloreztatzeko”, azaldu du Lanzagortak.
Kartel multzoari dagokionez, Zinemaldiak eskaintzen dituen pauta grafikoak dituztela oinarri adierazi du diseinatzaileak. “Hainbat kolorerekin egin behar genuen lan sail bakoitzean, baina argazkiak eta ilustrazioak elkarrekin erabiltzea ere ahalbidetzen digute kartel bakoitzean. Horrela, hasiera batean traba bat zirudiena gure eremura eraman dugu, eta muga hori erabat erradikala izatea egin dugu. Hau da, kartel bakoitzean oso ikusgarria da bai argazkiaren presentzia eta baita ilustrazioaren presentzia ere”, nabarmendu du.
Karteletan, aurrez aurre ikus daitezke argazkiak eta ilustrazioak, elkarren arteko “elkarrizketa” sortuz. “Egoera edo agertoki berriak sortu ditugu, eta horretarako, alde batetik argazki sofistikatuak eta bestetik, piktogramak erabili ditugu”, zehaztu du. Argazkien eta piktogramen arteko bikoteak sortu dituzte, eta horrela lortu dute kartel ikusgarri hauek sortzea.
Interpretazio desberdinak
Lanzagortak adierazi duenez, kartelek interpretazio desberdinak izan ditzakete. “Haiek ikustean, metaforak, ametsak eta agertoki berriak sortzen dira. Elementu bakoitzari esanahi berri bat eman diezaiokegu, eta kartel hauetan 1 + 1 ez da 2, gehiago direlako. Bi elementuak (argazkia eta piktograma) aurrez aurre egoteak irakurketa gehiago egiteko aukera ematen duelako”, azaldu du.
Horrela, marrubi bat “irla misteriotsu bat” izan daiteke, edo zuhaitz baten sustraiak “tximista” izan daitezke. Hemen behean dituzue 72. Zinemaldiko kartelak, irudimenari bakoitzak nahi duen lekua eman diezaion: