Etorkizuneko planek baldintzatutako biribilgunea
Anoetako topoaren bigarren sarrera eraikitzeko lanek buruhauste ugari sortu dituzte Amara Berrin. Aita Donostia biribilguneko trafikoa nabarmen mugatuta, bizilagunak kexu dira urteetako plana izan arren, ez direlako nahikoa neurri aurreikusi trafikoa bideratzeko.
Arratsaldeko zazpiak dira Aita Donostia biribilgunean eta klaxon hotsak dira nagusi. Hilabeteak dira eremuko lanekin hasi zirela, baina etengabeko aldaketek ezustean harrapatu dituzte auto gidari asko, eta mozketa berrien artean, ez dute irteerarekin asmatzen.
Auto pilaketen artean kateatuta daude autobusak ere, eta ospitaleetarantz biratu behar duten bakoitzean tentsioak gora egiten du. Mugikortasun agenteen faltan, gidariak dira erantzule, eta hala, urrats geldoan eta doitasun handiz neurtu behar dute aldamenekoekiko tartea; are gehiago, artikulatutako autobusen kasuan. Egoera hori arintzeko, biribilgunea saihesteko gomendioa luzatu du udalak, eta ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzeko. Bistakoa da, baina, biribilgunean dagoen gehiengoak ez duela aukeratzat.
Duela bost hilabete hasi ziren Aita Donostia biribilguneko lanak, Anoetako topo geltokiaren bigarren sarbidea egiteko. Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Donostiako Udalak luzaroan landutako esku hartze urbanistikoa da, eta Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren barruan kokatu dituzte aldaketok.
Lanekin denbora daramaten arren, azken egunotan buruhausteak ugaritu dira, beste behin, eremua egunero zeharkatu behar duten hiritarren artean. Fase berrian, Begiristain Doktorea pasealekua (ospitaleen aldapa) nabarmen murriztu dute, eta Ernest Lluch liburutegirako sarrera itxi. Era berean, biribilguneko irteera eta norabideak ere mugatu dituzte: Errondo pasealekutik datozen ibilgailuak ezin daitezke zuzenean joan Madril etorbidera; hau da, zuzen jarraitu behar dute Toribio Alzaga kaleko biribilgunera (Chopper tabernaren aldamenean) eta hortik, berriz ere Aita Donostiara jo, ondoren etorbideko sarrera hartu ahal izateko. Aldaketak «jarraituak» izango direla baieztatu dute udaletik, eta hala, ateak ireki eta itxi segituko dute datozen hilabeteetan ere.
Plangintza zalantzan
Amara Berri eta ospitaleak lotzen dituen biribilgunea trafiko handikoa izan da beti, erietxeetara joateko bidea ez ezik, Erdialdetik Loiolako Erriberara, Loiolara, Txomiñenera eta Martutenera igarotzeko pasabidea ere badelako. Gauzak horrela, obren arazoak aurreikusita zituzten Amara Berriko auzo elkartean, baina ez zuten halakorik espero.
Adierazi dutenez, lauzpabost urte eman dituzte udalarekin hizketan; Pilar Arana Mugikortasun zinegotzi ohiarekin, lehenik; eta Olatz Yarzarekin, ondoren. Nolanahi ere, «desastre hutsa» iruditu zaie biribilgunearen lanen kudeaketa: «Egun batetik bestera egin beharreko lanak izango balira, ulertuko genuke sortutako desastrea, baina urteak izan dituzte eta etengabe inprobisatzen ari dira», salatu du Xabier Berridi Amara Berriko auzo elkarteko kideak. Berridiren aburuz, administrazioaren aurreikuspen faltak eragin du kaosa: «Makinak ekarri baino lehenago, inguruko trafikoa nola bideratu pentsatu behar zuten, eta semaforo gehiago jarri».
Kudeaketaz harago, lanek sortutako nahaste-borraste horren ardura zeinek duen zehaztea ere ez da erraza Berridiren iritziz, bi administrazioren kudeaketatik dator eta. Hala, erantzukizunaren pilota Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren teilatuen artean dabil bueltaka: «Lanak ETSrenak dira eta bera da ordaintzen duena, baina, azkenean, udala dago atzean», zehaztu du Berridik.
Ospitalearen inguruan dagoen biribilgune nagusia izanda, Aita Donostiako lanek bete-betean eragiten die anbulantzia gidariei. Jon Navarrok Toribio Alzaga kaleko anbulantzia zerbitzuan egiten du lan, eta azaldu duenez, nabarmen mugatuta dute mugikortasuna: «Kontrako norabidea duen erreitik jaitsi behar gara askotan, ez dugu tarterik, eta egundoko oihuak entzuten ditugu zaurituekin goazenean, hormigoia jarri arren, ez dutelako errepidea asfaltatu».
Sumendirik ez, etorkizunean
Trafikoaz harago, Aita Donostia biribilguneak itxura aldaketa nabarmena izango du datozen urteotan. Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak azaldu moduan, lanak amaitzean, egungo biribilgune handia kenduko dute: «Auzoak oinezkoentzako plaza handi berri bat irabaziko du, egonaldirako, paseatzeko edo aisialdirako». Nolanahi ere, udalak zehaztutako plaza berri hori urte batzuen buruan ailegatuko da, eta bien bitartean, behin- behineko plaza bat ezarriko dute Aita Donostia muinoaren inguruan: «Espaloia jarriko dute sumendiaren inguruan, hasiera batean. Oraindik ez dakigu oinezkoek pasabiderik izango dugun, baina hala balitz, nork eseri nahiko luke hor erdian, trafikoaz inguraturik?», adierazi du Berridik.
Aita Donostia biribilgunearekin amaitzeak ere asko baldintzatuko du eremuko trafikoa. Yarzak azaldu duenez, garraio publikoak asko irabaziko du aldaketa horiekin eta «ibilgailu pribatuek ohitura aldaketa txikiak egin beharko dituzte». Madril etorbidera iristeko ibilbidea ere desberdina izango da, eta horrek kezka sortu du auzokideengan, ibilgailuek inguruko kaleak hartuko dituzten beldur direlako: «Hori betikoa da: kale bateko bizilagunak kexatzen hasiko dira, trafikoa desbideratuko dute, ondoren beste kalekoak, eta horrela etengabe», adierazi du Berridik.