Plan estrategikoa, hirian euskaraz bizi ahal izatea ziurtatzen laguntzeko
Bagerak 2024-2028ko eperako plan estrategiko bat garatu du, elkartea irisgarri izatea, euskaratik urrun daudenak euskarara gerturatzea eta Donostian euskaraz bizi ahal izateko guneak identifikatzea helburu duena. Bihar aurkeztuko dute, Tabakaleran.
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak 32 urteko ibilbidea du euskararen aldeko mugimenduan, eta hiriko euskaltzaleentzat erreferentea da. Hala ere, garaiak aldatuz doazen heinean, Donostiako beste eremu batzuetara iritsi eta hor ere eragitea da orain Bageraren asmoa.
Maddi Juanikorena elkarteko kideak azaldu duenez, 2022an hasi zuten plan estrategiko bat sortzeko prozesua, garaiak eta Donostia bera eraldatzen ari zirela ikusten zutelako. «Gero eta bizkorragoak diren aldaketez inguratuta gaude. Globalizazioa saihestezina da, eta azkenean, Donostiako euskararen bilakaera ere ez da duela 30 urteko bera. Beraz, burua pixka bat altxatu nahi genuen, eta horren inguruko irakurketa sakonago bat egin, jakiteko nora joan behar garen elkarte gisa eta baita mugimendu modura ere», adierazi du Juanikorenak.
Bide orria oinarri
Elkartean hainbat hausnarketa egin dituzte urte eta garai desberdinetan, baina Juanikorenak onartu duenez, agian epe ertain-luzerako begirada estrategikoa ez dute «gehiegi» landu. Horri buelta bat emateko asmoz sortu dute orain plan estrategikoa, 2024-2028ko epera begirakoa, eta «bide orria» markatuko diena datozen urteei begira. «Etorkizunerako baliagarriak diren hainbat helburu markatzen dizkigu. Aspirazio handiak dituen plan bat da, baina ez diogu amaiera 2028an ikusten. Uste dugu tresna baliagarria izango dela aurrera begira ere, egokitzapenak eginez», nabarmendu du Bagerako kideak.
Plan estrategikoak berarekin dakar Bageraren egiteko moduak planera egokitzea, hau da, egiten dituzten egitasmoek eta hausnarketek markatu dituzten helburu estrategikoei erantzutea. «Iruditzen zaigu Donostian, Euskal Herrian bezala, euskalgintzak fase desberdinak izan dituela: garai batzuetan indartsuago egon da, beste batzuetan makalago; eta orain iruditzen zaigu euskalgintza mugimendu gisa berpizten ari dela, eta guk elkarte moduan hor egon behar dugula», azaldu du.
Hiru eremu fokuan
Plan estrategikoan, hiru eremutan jarri du fokua Bagerak: elkartean, komunitatean eta hirian. Lehenengoari dagokionez, elkartea «espazio zabala eta irisgarria» izatea nahi dute, bazkideen zaintzan «arreta berezia» jarriko duena —500 bazkide inguru dituzte— eta jende berria ere erakarriko duena.
Komunitateari dagokionez, euskaltzaleak ez diren horiengana ere iristea da Bageraren asmoa: «Irudikatu nahi dugu komunitate bat ez duena zertan jende bereziki euskaltzalea batzen. Hau da, euskaratik urrun dauden horiengan ere arreta jarriko duen komunitate bat, eta horiek euskarara hurbiltzeko lan egingo duena. Euskaraz bizi nahi duen ororentzat erreferente izango dena, eta euskalgintzatik haratagoko eragileekin lan egingo duena. Horrez gain, ahalik eta parte hartze eremu zabalenak sortzea gustatuko litzaiguke».
Eta hiriari dagokionez, euskaraz bizi ahal izateko «gune seguruak» identifikatu nahi dituzte. «Gaur egun, badaude gune seguru horiek, izan ere, Donostian euskaraz naturalki egin dezakezun eremu asko daude, baina agian leku horiek oso barreiatuta daude hirian zehar. Beraz, horiek ikusgarri egin eta gune eroso gehiago sortu nahi ditugu», azaldu du Juanikorenak.
Dauden gune eroso horiek zeintzuk diren galdetzerakoan, hainbat eremu identifikatu ditu Bagerakoak. Kasu argi batzuk jarri ditu: «Kirol elkarteen mundua, adibidez, oso zaila da, oso erdalduna. Baina badaude batzuk bereziki euskararen sustapenaren alde egiten dutenak. Horiek agian ez dute elkarrekin eragiteko ahalmenik, eta horretan lagundu nahi dugu. Beste adibide bat jartzeagatik, gero eta gehiago kostatzen zaigu, adibidez, Parte Zaharrera joan, eta espazio seguru horiek topatzea. Egon badaude, gertatzen dena da gutxi direla, eta gutxiengoa sentitzen garela bertan».
Bestalde, «hiri eredu bizigarri baten aldeko apustua» egin nahi du Bagerak. «Uste dugu Donostiaren eraldaketa prozesuan ematen ari diren aldaketa guztiak (turistifikazio masiboa edo etxebizitzaren problematika, besteak beste) lotuta daudela euskararen egoerarekin, eta horiei aurre egiteko bateragarriak direla borroka desberdin horiek», adierazi du.
‘Plan biribila’, bihar, Tabakaleran
Egindako lanaren ostean, azken urteetan garatu duten plan estrategikoa jendaurrean aurkezteko unea iritsi da. Plan biribila deitu dioten ekitaldia egingo dute bihar Tabakalerako 2deo aretoan, 11:30etik aurrera. «Plan estrategikoa aurkezteaz gain, helburua izango da gure bazkideekin elkartzea eta elkarrekin une atsegin bat pasatzea», azaldu du kideak.
Ez du bihar gertatuko denaren inguruko spoiler-ik egin izan nahi, baina aurreratu du ekitaldiak aurkezpenetik eta aisialditik izango duela, eta elkarrekin «goxo egoteko aukera» emango duela.