«AB Krossa festa bat ere bihurtzen da»
2013tik bizi da Donostian Eguzkiñe Zabaleta (Leitza, Nafarroa, 1988). Korrikalaria da, eta hainbat lasterketetan podiumera igotzea lortu du kirol honetan hasi zenetik. Hala ere, bere laskerketarik kutunenetariko bat AB Krossa dela azaldu du, auzoko jendea elkartu eta festa giroan egiten dutelako korrika. Lasterketez eta AB Krossaz aritu gara berarekin.

Noiz hasi zinen korrika egiten?
Gaztetan, noizbehinka ateratzen nintzen korrika egitera, baina mendi bueltak egiten nituen, batez ere. Izan ere, ni leitzarra naiz, eta mendiz inguratutako toki batean bizi izan naiz beti. Beraz, beti izan dut mendira joateko afizio gehiago korrika egitekoa baino. Hala ere, 2012 inguruan, pixkanaka, korrika egitera ateratzen hasi nintzen, kirola egiteagatik. Eta gogoan dut nire bikotekideak ordulari bat oparitu zidala, distantziak eta erritmoak neurtzen dituen horietakoa, eta hortik hasi zen pixka bat hobetzen joateko gogoa eta motibazioa. Ordutik, gehienbat, herri lasterketetan aritu naiz orain arte. Bi haur dauzkat, eta haurdunaldiak eta haurdunaldi ondorengo tarteak kenduta, hor jarraitu dut.
Ordulari horretan neurtutako gero eta marka hobeek motibatu zintuzten, beraz.
Bai. Entrenamenduekin batera hobekuntzak bazirela ikustean, gero eta gehiago motibatzen joan nintzen. Eta honi gehitu behar zaizkio, nola ez, kirola egin ondorengo sentsazio positibo guztiak. Gainera, naturarekin kontaktuan baldin bada, aberatsagoa iruditzen zait korrika egitea, eta horrek erakartzen nau.
Kirol kluben batean aritu zara noizbait ala zure kasa egin izan duzu beti korrika?
Orain arte, behintzat, ez naiz klub baten parte izan, eta nire kontura aritu izan naiz entrenatzen beti. Horrez gain, inguruan ditugun korrikalari lagunekin ere elkartu izan naiz serie batzuk sartzeko eta erritmoa hobetzeko. Baina bueno, orokorrean eta gehienbat, nire esperientzia izan da bakarrik korrika egitea. Eta taldean korrika egitea oso gustuko dut, baina bakarrik ere bai.
Astean zehar entrenamendu finkoak egiten dituzu?
Nire korrikarako afizio honetan, gozatzea da gehienbat helburua. Beraz, nik ez dut eraman entrenamendu planifikazio seriorik inoiz, eta beti atera izan naiz nire sentsazioen arabera. Lasterketaren bat bistan dudanean, helburu horiek bilatuz pixka bat egokitzen ditut entrenamenduak, baina ni ateratzen naizen aldiro, gozatzera ateratzen naiz. Hori da lehentasuna niretzat.
Non gustatzen zaizu entrenatzea?
Bi leku etortzen zaizkit burura. Batetik, Leitzan ez naiz korrika hainbeste aritu, denbora dezente daramadalako Donostian bizitzen, baina burura datozkit Plazaolako ibilbidetik egindako korrikaldiak, ingurune berdez inguratuta. Horrek bizia ematen dit, baina gaur egun, gehienbat Donostian aritzen naiz entrenatzen, eta hemen ere, horretarako toki zoragarriak daude. Ni goizeko ordu txikietan ateratzen naiz, 06:00ak inguruan, gero haurrekin kontziliatu ahal izateko, eta ordu horretan, egia esan, Kontxako pasealekutik Haizearen Orraziraino eta berriro ere buelta egitea pribilegio eta luxu bat iruditzen zait.
Goizeko ordu txikietan ateratzen naiz entrenatzera, eta ordu horretan, Kontxatik Haizearen Orraziraino joatea luxu bat da
Hainbat lasterketa irabazi dituzu. Besteak beste, maiatzean bertan, Bixente Huizi memoriala. Eta Donostiako gaueko lasterketan bigarren egin zenuen. Nola prestatzen zara horietarako?
Lehen esan bezala, nik helburu gisa beti jartzen dut ahalik eta gehien gozatzea eta nire onena ematea lasterketetan. Nire helburua ez da izaten podiumean egotea, nahiz eta hori sortu den zerbait izan den. Prestakuntzari dagokionez, herri lasterketetan mugitzen garen jende talde bat gaude, eta gehienok ezagutzen dugu elkar. Gure artean gertuko giroa dugu, eta urte osoan zehar hainbat lasterketa egoten direnez, batetik bestera ibiltzen gara. Beraz, nire kasuan, urte guztian erritmoak mantentzen aritzen naiz, helburu zehatzik gabe. Izaten dut beti zerbait hobetzeko gogoa, baina inolako frustraziorik gabe ez bada ezer lortzen.
Erraza da zuretzat lana, egunerokotasuna eta kirola uztartzea?
Erraza, ez dakit; ohitura da. Niretzat 06:00etan entrenatzeko jaikitzea ez da gauza zaila orain, ohitura bat bihurtu delako, eta kirola uztartzea amatasunarekin, lanarekin eta bizitzarekin osagarria den zerbait dela esango nuke. Askotan, momentu hori izateko beharra sentitzen dut, nirea dena eta laguntzen didana batzuetan gorputzean dugun tentsioa askatzen. Beraz, esan dezaket uztartu daitezkeela, baina motibazioa behar dela, eta baita ohitura bat izatea ere.
Parekatua iruditzen zaizu gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua zu aritzen zaren lasterketetan?
Parte hartzearen inguruan, esango nuke gero eta parekatuagoa izaten ari dela. Duela urte gutxi, ni goizetan entretatzera ateratzen nintzenean, oso emakume gutxi ikusten nituen korrika, baina gaur egun, gero eta gehiago ikusten ditut. Horrek poza ematen dit. Egia da, erritmo lehiakorragoetan sartuz gero, kirola modu desberdinetara bizitzen dutela oraindik gizonezkoek eta emakumezkoek. Emakumeen kasuan, iruditzen zait gozatzera eta korrika elkartasunean eta taldean egitera joaten direla; gizonentzat, berriz, badirudi lehia dela balioetako bat. Alde hori ikusten dut, baina parte hartzea, behintzat, gero eta parekatuagoa ari da izaten, orokorrean.
Zein izan da orain arte egin duzun lasterketarik bereziena?
Bereziki gogoratzen dudan lasterketetako bat da Plazaolako trenbideko ibilbidean egin izan dena. Bide Berdeak deitzen zaien lasterketa batzuk egiten dira toki hainbatetan, eta Plazaolako trenbidekoa Leitzatik Andoainera joaten zen. 26 kilometroko lasterketa bat zen, eta era berean, egin zitekeen maratoia ere, Lekunberritik Andoainera. Urte batean, ez naiz zehazki gogoratzen zein urtetan, nire aitarekin egin nuen lasterketa hau. Oso polita izan zen, eta orain arte egin izan dudan luzeena izan da. Gainera, gogoratzen naiz nire aitarekin hasi nuela eta bera aurrera joan zela. Azkenean, Andoainera iristen, azken bi kilometroetan harrapatu egin nuen, eta batera bukatu genuen. Niretzat oso hunkigarria izan zen helmugara berarekin iristea.
AB Krossean pentsatzerakoan hainbat irudi etortzen zaizkit burura, eta jendea lasterka eta irribarre batekin ikusten dut
Amara Berriko AB Krossean bost urtez hartu duzu parte. Nolako esperientzia da zuretzat lasterketa hori?
AB Krossa ere urteko zitarik kutunenetako bat da niretzat. Amara Berrin ezagun asko biltzen gara, eta AB Krossa, lasterketa bat baino, festa bat ere bihurtzen da. Arratsalde-iluntze giroko festa bat izaten da, giro herrikoi batean. Niri giro horrek asko erakartzen nau, eta oso osoa izaten da. Haurrentzako ere jarduerak egoten dira, eta lasterketa ondoren musika jartzen dute. Beraz, esan bezala, urteko zitarik kutunenetako bat izaten da. Ahal izanez gero, ez dut hutsik egiten.
Zerk egiten du desberdin AB Krossa gainerako lasterketekiko?
Aipatu dudan giro herrikoi horrek, eta irribarre asko ikusten direla ere kontuan hartzekoa da. AB Krossean pentsatzerakoan, hainbat irudi etortzen zaizkit burura, eta jendea lasterka eta irribarre batekin ikusten dut.
Prest zaude asteburu honetan AB Krossean parte hartzeko?
Bai, bai. Bada denbora bat izena eman nuela, eta parte hartzeko gogoz nago. Dena ondo badoa, larunbatean hortxe izango gara parte hartzeko, eta esan bezala, lagunekin eta giro on horretan egoteko.
Zein da zure erronka hurrengo lasterketei begira?
Horrela jarraitzea. Lesiorik ez dago behintzat, eta gorputzak baimentzen badit, honetan jarraitzea. Lasterketak ateratzen direnean, gustatzen zait giro herrikoia egoten den herri lasterketetan parte hartzea. Helburu gisa, urte amaierako lasterketei begira, beharbada, Behobian marka hobetzea izan daiteke nagusietako bat. Horrez gain, urte bukaeran, baita ere, maratoi erdi bat egingo dut ziurrenik, eta hor ere marka hobetzea gustatuko litzaidake.