Kultur jarduerak nagusi, Antiguako sanjoanetan
Antiguan argi dute urtea ondo hastea bezain garrantzitsua dela ikasturtea ondo amaitzea, eta jai giroan bada, are hobeto. Horretarako, kultur jardueraz jositako bi asteburu prestatu dituzte. Berritasunak berritasun, dantza, antzerkia, erraldoiak eta jatekoa ez dira faltatuko.
Antiguan, festa giroa maiz izaten dela jakina da Donostian. Auzokideek ondo baino hobeto dakite jaiez gozatzen, eta hilabete bat baino gehiago dute horretarako: urtarrilean, San Sebastian egunaren bueltan izaten dituzte auzoko jaiak, eta ekainean, berriz, San Joan bezperaren baitan antolatzen dute festetako bigarren buelta. «Urtarrilean gehiena juerga izaten da, eta oraingoak kulturalagoak dira», zehaztu du Ane Larequik, Antiguotarrak Dantza Taldeko kideak. Egitaraua osorik ikus dezakezue, hemen.
Euskal dantza taldearekin elkarlanean aritu dira Antiguotarrak elkartekoak antolakuntzan eta, ohi moduan, eragile bat baino gehiago batu zaizkie bidean: «Jendea ideia berriekin eta gauzak antolatu nahian etortzen zaigu. Mugimendua dago, askotariko jendeak parte hartzen duelako», azaldu du Larequik.
Prestaketa lanak otsailean abiatuta, jarduera guztiak primeran ondu zituzten Aste Santua iristerako. Nolanahi ere, kontrolpean ez duten faktore batek urduritu ditu antolatzaileak azken txanpan: «Orain, frontoia falta zaigu», adierazi du Larequik, festetarako egun batzuen faltan. Pilotalekuko lanak duela aste batzuk ziren amaitzekoak, baina, ohi moduan, irekiera eguna atzerapenetan kateatu da.
Dantza eguna
Bi asteburutan banatutako jaiak gaur bertan abiatuko dituzte, eta festa giroak luze joko du hilaren 25era bitarte .Ohi bezala, Street Boulder eskalada lehiaketak emango du festen lehen mokaduaz dastatzeko aukera, baina biharko Dantza Egunak eskainiko du jaien plater nagusia: «Urte osoa daramagu haurrekin emanaldia prestatzen eta berezia da jarduera asko daudelako», adierazi du Larequik.
Askotariko jarduerekin ehundutako Dantza Egunak eskaintza zabal bati emango dio bide, eta hurrengo egunetan festa giroak ez du etenik izango .
Kantu bazkaria, bertso afaria, eta Sarek antolatutako Ez Donk 13 Antiguotarrok 14 ekitaldia prestatu dituzte, beste behin, eta beraz, aurten ere aldarrikapenez beteriko abesti eta mezuak ez dira faltatuko: «Berritasun gisa, Ez Donk 13 bazkari izatetik berriz ere afari izatera pasatu da».
Kantuan eta dantzan aritzeaz gain, elastikoak izerditzeko parada ere izango dute jaietan. Hamarkada batez antolatu duten areto futbol txapelketa izango dute, beste behin ere frontoian, baina, aurten, berritasun gisa, 9 eta 14 urte bitartekoentzako futbol topaketa ere antolatuko dute Bentaberriko pistetan.
Diskofesta eta zezensuzkoa aurrenekoz
Bigarren astebururako, berriz, berrikuntza pare batekin datoz antiguatarrak. Aurten, urteroko tradizioa apurtuta, ez dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldirik izango. «Penatuta» dauden arren, iragarri dute pailazoen faltan, haurrek diskofesta izango dutela frontoian, hilaren 20an.
San Juan bezperan, berriz, jarduera bat gehitzeko aukera izango dutela iragarri du Larequik: «San Joan suaren ondoren izan ohi dugun erromeria bukatzerakoan, zezensuzkoa izango dugu aurrenekoz».