Intxaur jaiek ez dute teilaturik
Duela urte gutxi biziberritu zituzten Intxaur jaiak, eta dagoeneko egutegian markatutako asteburua da donostiar eta, batez ere, intxaurrondotar askorentzat. Izan ere, gero eta indartsuagoak dira jaiak, eta berritasun ugarirekin datoz aurten.
Asteburu bakarreko jaiak dira Hego Intxaurrondoko Intxaur jaiak, baina atsedenik ez duen asteburua izaten da, eta hala izango da aurten ere. Hain zuzen ere, gero eta auzotar gehiago ari dira mugitzen gaur hasiko diren jai hauen inguruan, eta gero eta gehiago ari dira inplikatzen antolaketan, baita ere. «Aurreko urtean, jende berri asko zegoen jai batzordean, eta antolaketa apur bat kaotikoa izan zen. Aurten ere jende asko gabiltza jai batzordean, baina hobeto antolatu gara, eta pozik gaude horrekin», nabarmendu du Manex Mendiburu batzordekideak (Intxaurrondo, 1999).
Hain zuzen ere, azken urteotan, goranzko joera etengabea izan dute Intxaur jaiek, eta, momentuz, ez dute goia jo, jai batzordeko kide Laura Oncalak (Intxaurrondo, 1999) nabarmendu duenez: «Duela bi urte, bazkarian, 200 bat lagun egon ginen, baina iaz 500 egon ginen; bikoitza inguru! Eta, aurten ere, 500 inguru egongo gara».
Pandemia ostean heldu zen, Mendiburuk eta Oncalak diotenez, Intxaur jaien booma: «Pandemiaz geroztik, izugarria izan da. Kuadrilla askotako pertsona bat edo bi elkartu gara batzordean, eta, azkenean, horietako bakoitzak kuadrilla oso bat mugitzen du».
Askotariko berritasunak
Parranda ziurtatuta dago asteburuan Intxaurrondon, baina aurten, berritasunen artean, kirola eta jaiak uztartu nahi izan dituzte: «Intxaur Krosa egin genuen pasa den larunbatean, oso jendetsua izan zena, eta brillet eta frontenis txapelketa mistoak ere antolatu ditugu aurten», azaldu du Mendiburuk. Hain zuzen ere, auzotar ugarik hartu dute parte aipaturiko bi txapelketa horietan, batzordekoek nabarmendu dutenez.
Bestalde, Ibai Llanos streamer-aren eta Gerard Pique futbolari ohiaren eskutik ezaguna egin den Kings League txapelketan oinarrituta, auzoko gazte kuadrilla batek Kintxa futbol ligaxka antolatu du. Azken asteotan, kanporaketak jokatzen eta Twitch plataformaren bidez zuzenean ematen aritu dira, eta gaur jokatuko dute finala, txupinazoaren aurretik.
Azken berritasunak ez dauka zerikusirik kirolarekin, dena ez delako kirola izango. Jai batzorde oso gaztea izanik, «auzoko helduengana iristea kostatzen» zaiela aitortu dute Mendiburuk eta Oncalak, eta, hain zuzen ere, horregatik, sagardo dastaketa antolatu dute iganderako: «Plaza dantzak egongo dira, hainbat sagardo dastatzeko aukera ere bai, eta beirazko edalontzi bat aterako dugu. Nolabait, jende pixka bat helduagoarentzat pentsatuta dagoen jarduera da; pixkanaka, ari dira auzoko helduak gerturatzen jaietara, eta pozik gaude, beraientzako ere badirelako jaiak».
Horrez gain, berritasunen artean, Oncalak nabarmendu du aurten gehiago garatu dutela jaietan gertatu daitezkeen eraso matxisten aurkako protokoloa: «Garrantzi gehiago eman diogu protokoloari. Besteak beste, Puntu Morea jarriko dugu txosnan eta brigadaren hainbat segurtasun gune egongo dira. Dakigula, ez da erasorik gertatu azken urteotako jaietan, baina prest egon behar dugu».
Betikoak ez dira faltatuko
Jai gazteak izanik ere, dagoeneko badaude Intxaur jaietan klasiko bihurtu diren zenbait jarduera, eta horiek presente daude aurtengo egitarauan ere, jakina: gaurko txupinazoaren osteko elektrotxaranga, biharko herri bazkaria eta kuadrillen jolasak, igandeko gaupaseroen argazkia eta iaz estreinakoz egin zuten IntxaurGala arrakastatsua. Horrela, Mendiburuk argi dauka: «Jende askok oraindik ez ditu jai hauek ezagutzen, baina, behin etorri ostean, jendeak errepikatzen du, oso ondo pasatzen duelako!». Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.