Naturari lotutako aste bat, Cristina Enea Fundazioaren eskutik
Fundazioak uztaileko lehen asterako jarduera programa iragarri du.

Iritsi da uztaila, eta berarekin batera iragarri ditu Cristina Enea Fundazioak hileko lehen astean zehar eskainiko dituen jarduerak. Eguneroko egitarauaz gain, Hazi hegalariak eta Arkitektura Jasangarriak: GJH lehiaketak 2022-2023 erakusketak ikusgai egongo dira, uda osoan zehar, parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean.
Gaurko egunez hasiko dira jarduerak, gaur irekitzen baititu ateak Urgulleko Natur Txokoak. Bertan, eskulanak eta jarduera didaktikoak eta ludikoak egiteko aukera eskainiko dute, egunero. Gainera, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean antolatutako Hiru moskiteroak erakusketa ikusgai dago, jada, Ulia Interpretazio Zentroan; udan gure inguruetan aurki daitezkeen hegazti espezie ezagunenei eskainitako erakusketa bat da.
Bihar, uztailaren 2an, Ongi Etorri Natur Txokora jarduera berezia egingo dute Natur Txokoan bertan, 17:00etatik aurrera, 3 urtetik gorako haurrentzat. Udan izango duten baratza antolatzeko jarduera bat izango da, natura gertu-gertutik ezagutzeko. Naturan ehuntzen jarduerarekin beteko dute asteazkena, 17:00etatik aurrera, baita ere. Ehungailuak nola egiten diren eta ehuntzen ikasiko dute 5 urtetik gorako haurrek; hala, etxean erabiltzen ez dituzuen zapiak eramateko deialdia egin dute, hartara berrerabili ahal izateko. Ostegunean ez da jarduerarik izango, baina, ostiralean, fundazioak antolatutako udako aire zabaleko zine zikloaz disfrutatzeko aukera ere izango dute etxeko txikiek, 22:30etatik aurrera, Amarako Araba parkean. Hayao Miyazakiren Chihiroren bidaia proiektatuko dute.
Larunbatean emango diote amaiera jarduera asteari, On Ekin ekimenaren parte den Vive el puerto de Donostia ekintzarekin; 10:00etan hasiko da, Euskal Itsas Museotik abiatuta. Donostiako portuak dauzkan sekretu guztiak erakutsiko dituzte, bisita gidatu bat eginez, Donostiako Karmengo Ama Kofradiako baxurako arrantza-ontzi profesionalean. Bertan, arrantzarako erabiltzen dituen aparailu eta baliabideak erakutsiko ditu Borja Isturiz patroiak eta, gero, arrantzan oinarritutako produktuak dastatzeko aukera egongo da, Kofradia Itsas Etxean. Jarduera honetarako izen ematea itxita dago dagoeneko, leku guztiak beteta baitaude.