Barrura begira, maitasuna
HORS SAISON
Zuzendaria: Stephane Brize
Urtea: 2023
Herrialdea: Frantzia
Zinema sozialaren lubakitik, kapitalismoa eta lan mundua deseraikitzen igarotako tarte luzearen —La loi du marché (2015), En guerre (2018) eta Un autre monde (2021)— ondoren, zinema sentimentalaren aterpera itzuli da Stephane Brize frantziarra Hors saison/Fuera de temporada (2023) drama erromantikoaren, goibelaren eta malenkoniatsuaren eskutik. Vincent Lindon bere aktore fetitxea alde batera utzi, eta Guillaume Canet jarri du, ustez, dena duen, baina putzu beltzetik irtetea lortzen ez duen protagonistaren azalean. Harekin batera, Alice Rohrwacher bikaina, izpiritu alaiagoa duen Aliceren paperean.
Mathieu Parisen bizi den ospe handiko aktorea da. Krisi depresibo batean murgilduta dago eta ezustean, porrotaren beldur, iragarrita zegoen eta denbora gutxira estreinatzekoa zen antzezlan bateko rol protagonistari uko egingo dio. Ihes egin eta Quiberon (Bretainia) herrixkan bilatuko du babesa, bertan kokaturiko luxuzko bainuetxean.
Oreka eta perspektiba berreskuratzen ari dela pentsatzen hasi denean, Aliceren ohar bat jasoko du. Hamabost urte atzera maitale izandakoa, inguruan bizi da egun: piano irakaslea da, ezkonduta dago eta alaba baten ama da. Ustez, zoriontsua. Hitzordua jarri eta elkartu egingo dira, iraganaren eta bizitzan hartutako erabaki on edo txarren inguruan hitz egiteko.
Azaldu beharrik ez dago sentimenduen berpizte baten aurrean ipiniko duela Brizetek ikuslea. Trantze lotsati, patxadatsu, baina, era berean, gogotik erakargarri eta liluragarrian. Beste ezer baino gehiago, emozioen zaparrada sotila baita filma; hainbesteraino, non tarteka oharkabean igarotzen diren sentimendu horietako asko. Baina badira, uneoro agertzen dira, eta horiek gorpuzten dute kontakizuna, itsaso harrotuaren eztandak, aparrak, labarrek eta haizearen enbatak indarturiko film guztiz sentsorialean. Izan ere, jada behar ez zuenaren ustean Mathieuk etendako maitasun hori lez, udako denboraldia amaitzean denok atzean uzten ditugun paisaia horietan kokatu du lentea Brizek.
Laburbilduz, maitasun istorioa baino, kasu honetan, gainera, maitasun istorio baten amaiera, galdutako aukeren inguruko hausnarketa delikatua da Hors saison (2023). Hartzen ditugun —eta gurekin lotuta hartzen dituzten— erabakiek gugan zabaldutako arrakala emozionalaren ingurukoa. Aski mereziak 80. Veneziako Nazioarteko Zinemaldian jasotako txaloak.