Zapore gozoarekin itxi ditu ateak aurtengo Dantz jaialdiak
Donostiako hamabi espaziotan egin da aurtengo Dantz jaialdia, eta antolatzaileek adierazi dutenez, orain arte izan dituen zortzi edizioetatik “borobilena” izan da. Jaialdiaren astea ekitaldi garrantzitsuekin amaitu da, eta publikoak ostiralean eta larunbatean nazioarteko eta estatuko artistez gozatzeko aukera izan zuen.
Astelehenean, Arteuparte arte eta kultur galeria global eta lokalaren irekiera egin zen, Jokin Telleria Dantzeko zuzendariak eta Paul Lataburu Arteuparteko zuzendariak gidatuta. Bertan, Iker Garcia Barrenetxea, Maite Rosende, Txemy eta Paul Lataburu artistek egindako “ametsei” buruzko arte erakusketa aurkeztu zen. Hori guztia Telmo Trenorren Dj set-aren erritmoan, asteari hasiera emateko.
Asteartean Skate Shop-en jarraitu zuen, Dantz Club doako batekin, Dj Lilaren eskutik.
Asteazkeneko ekitaldia Sakana Gallery-n izan zen, Blurdinak-en egungo erakusketa eta Miqkael artistaren Dj saioarekin. Era berean, binilo gonbidatuen zigiluak, Inguma Records, Rebels, Costas Music, Musex Industries, Lotura eta Nigma, biniloen munduaz eta musika elektronikoaren eszenaz dituzten ikuspuntuei buruz hitz egiteko aukera izan zuten. Eguna amaitzeko, Tabakalerako Kluba aretoan Ke Lepo eta Lluch taldeen musika elektroniko esperimentaleko bi zuzeneko egin ziren.
Ostegun arratsaldean, The Social Hub-en Soundminds proiektuari buruzko hitzaldi bat egin zen. Dantz enpresak EHUrekin batera egin zuen ikerketa psikosoziala da, eta musika elektronikoaren iruditeria berri bat garatzen eta fenomeno sozial horren konplexutasuna ulertzen lagundu zuen, estereotipo, klixe eta aurreiritzietatik urrun. Egunak Dantz Point batekin jarraitu zuen Saguesen, doan, eta NotEnoughSamples, This Ist, Rat Look eta Elena Barker artisten setekin.
Asteburuan ere, musikaz blai
Jaialdiaren egunik indartsuenak asteburuan izan ziren. Ostiralean, uztailak 19, Miramon Anfiteatroan ospatu zen, 17:00etatik 01:00etara. Microsoft-en mundu mailako erorketa gertatu zenez, egun horretan programatuta zeuden Avalon Emerson eta Courtesy artisten hegaldiak bertan behera utzi behar izan ziren. Ordea, arazo hau konpondu eta Hector Oaks eta Divorce From New York-i bertan egoteko eskatu zieten, eta hauek programazioan Dekmantel Soundsystem, Pional, Gela eta Dubosekin batera izan ziren.
Larunbatean amaiera eman zitzaion Dantz jaialdiaren zortzigarren edizioari Illunben, eta antolatzaileen arabera, publikoa “liluratuta utzi zuen askotariko artista eta musika estiloekin, nazioarteko pertsonaietatik hasi eta bertakoetaraino”. Honako artisten musika entzuteko aukera izan zen azken egunean: Apparat, Plams Trax, Hunee, Ian Pooley, Call Super, Kittin, Javier Carballo, Topanga Kiddo, LaMia Mari eta YX3.