22 urteren ostean, Ion Martinez 'Txiki' umoregileak eszenatokiak utziko ditu
Ibilbide luzeko aktore eta umoregilea da Ion Martinez Txiki donostiarra, eta eszenatokiei agur esango die laster. Hain zuzen ere, 22 urteko ibilbidea egin du dagoeneko, eta, sare sozialetan iragarri duenez, abenduan emango dio amaiera: “Urte erdia igarota, Agurra aurkezteko momentua. Partidak 22ra dira eta amaitzeko ordua iritsi da. Gorde data zuen agendetan, sekulako festa izanen da gure lurraldeetako artistaz handiz beterik”.
Abenduaren 14an izango da Txikiren agur emanaldia, Antiguako Lugaritz Kultur Etxean, 19:00etan. Sarrerak abuztuaren 5ean jarriko dituzte salgai, Donostia Kulturaren webgunean.