«Uste badugu denok beti euskaraz hitz egitea lortuz gero euskara salbatuko dela, jai daukagu»
Lourdes Oñederra hizkuntzalariak dio «oso puntu nahasian» dagoela euskara batua. Uste du komeni dela aurrez finkatutakoak berrikustea, «euskara batuaren garai bateko zeregina eta gaur egungoa ez delako bera».
Lourdes Oñederra hizkuntzalari eta idazlea (Donostia, 1958) orain hamazazpi urte izendatu zuten euskaltzain oso. Fonologian aditua da, eta «zulo» bat ikusi zion arlo horretan euskara batuari. Pasiotzat du fonologia, uste baitu horixe dela hizkuntza baten alderik garrantzitsuena. Eremu zaila dela dio, baina: «Jakin behar da noiz arautu eta zertarako».
Zer lan egiten du gaur egun euskaltzain batek?
Neuk ere nahiko nuke jakin. Ez dakit badagoen erantzun errazik. Zaila zait zehaztea zein den Euskaltzaindiaren zeregina gaur egun. Eta horrekin ez dut iradoki nahi Euskaltzaindiak ez duenik zereginik. Baina zeregin hori hain da zabala eta askotarikoa… Eta, gainera, euskaltzain osook oso-oso desberdinak gara. Denetarik dago: zuzenbideko jendea, literaturako jendea… Kuriosoa da, baina esango nuke hizkuntzalariok garela gutxiengoa; hizkuntza akademia bat izateko, ez gara asko. Norbera noraino sartzen den, hortxe definitzen da euskaltzain oso baten zeregina, neurri handi batean.
2007ko azaroan izendatu zintuzten zu euskaltzain oso.
Bai. Deitu zidatenean, pentsatu nuen euskararen ahoskeratik jo nahi nuela gehienbat, horretaz baitakit nik, zerbait jakitekotan. Kostatuta, baina antolatu genuen ahoskera batzorde bat. Horretan daukat nik lana: ahoskera batzordean, ikastaroak antolatzen… Eta pentsatzen dut beste euskaltzain batzuen lana oso bestelakoa izango dela.
Hamazazpi urte pasatu dira euskaltzain oso izendatu zintuztenetik. Emakume bakarrenetakoa zinen orduan…
Lau baziren ni iristerako: Miren Azkarate, Aurelia Arkotxa, Sagrario Aleman eta Ana Toledo. Hamazazpi urtean izan dira aldaketak Euskaltzaindian, noski, eta handienetako bat da, zalantzarik gabe, emakumeak sartzea. Nolanahi ere, ematen zuen orekatzeko bidean geundela, baina gutxiengoa gara oraindik. Saiatu gara emakume gehiago sartzen: nik sinatu ditut hainbat emakume sartzearen aldeko eskakizunak. Oreka horretan sinistuko dut noizbait euskaltzain oso izatera emakume eta gizon aurkeztu eta emakume baten izena ateratzen denean. Eta horrekin ez dut esan nahi emakume izateagatik atera behar duenik.
Elkarrizketa hau Gipuzkoako Hitza-tik ekarri dugu. Osorik irakur dezakezue hemen.