Leire Martinezek eta Gorka Aginagaldek aurkeztuko dute Euskal Zinemaren Gala
Euskal zinemagileen gau berezia ETB2n eta EITBren webgunean egongo da ikusgai, 22:50tik aurrera.
Leire Martinezek eta Gorka Aginagaldek Euskal Zinemaren Gala Handia aurkeztuko dute gaur gauean, Viktoria Eugenia antzokian. Euskal zinemagileei hainbat sari banatzeaz gain, Izaro abeslariaren, Alos Quarteten eta Amaia Elizaran dantzariaren emanaldiek girotuko dute gala. Euskal Zinemaren Gala Handia ETB2n eta eitb.eus webgunean izango da ikusgai, 22:50etik aurrera.
Galan zehar, Elena Irureta aktoreari Zinemira saria emango diote, aktore zumaiarraren ibilbide profesionala omentzeko. Gainera, Edurne Azkaratek Euskal Aktoreen Batasunak ematen duen Bultzada saria jasoko du, Paul Urkijoren Irati filmean egindako lanagatik. Film horrek euskal film arrakastatsuenaren saria jasoko du Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen eskutik. Era berean, Victor Erice eta Michel Gaztanbidek gidoi onenaren saria jasoko dute, Gidoi Euskal Gidoilarien Elkartearena eta SGAEren eskutik, eta EITBren Egile Berriak saria Victor Iriarterentzat izango da.
Egile berriak
Egile Berriak sariarekin, EITBk euskal talentua aldarrikatuko du bigarren urtez Donostiako Zinemaldian. Aurten, Victor Iriarte zinemagile bilbotarrak jasoko du euskal hedabide publikoaren saria, Sobre todo de noche fikziozko bere lehen filmarengatik. 2023ko irailean estreinatu zen mundu osoan, Veneziako Zinemaldiko Giornate Degli Autori sail ospetsuan.
Izen handiko 60 lehiaketetan hartu du parte Iriarteren filmak eta Lola Dueñas, Ana Torrent eta Manuel Egozkue aktoreak izan ditu protagonista. Era berean, bertako talentuak ere izan ditu filma sortzeko prozesuan: Maite Arroitajauregi-Mursego (musika), Alazne Ameztoy (zuzeneko soinu burua) eta Izaskun Urquijo (arte zuzendaria) izan ditu jardunean. Gidoia zuzendariak berak idatzi du, Isa Campo eta Andrea Queraltekin batera.