Maitasunaren hondakinez
LOS DESTELLOS
Zuzendaria: Pilar Palomero · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia
Pilar Palomero zuzendari zaragozarrak –Las Niñas; La Maternal– Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztu zuen bere hirugarren film luzea den hau, Eider Rodriguez euskal idazlearen Bihotz handiegia liburuaren lehen ipuina oinarri hartuta, aita zuena hil ondoren izan zuen epifaniatik tiraka idatzitakoa. Orain arteko bere filmik politikoena den honetan, agenda feministaren funtsezko gai bati heldu dio betean: zaintza lanak.
Isabelen bizitza irauli egingo da bere alaba Madalenek eskatzen dionean Ramoni –gaixorik duen aitari– bisitan joateko. Emakumeak ez du senar ohia zaintzera joateko batere gogorik, hamabost urte eman ditu harengandik urrun eta, urte luzez familia izan baziren ere, gizona ezezaguna eta deserosoa zaio egun. Baina, bizialdi laburra geratzen zaionez, ahalegina egitea erabakiko du. Harengana hurbiltzerakoan, ordea, gizonaren alderdi zaurgarrienarekin egingo du topo, eta beste begi batzuekin ikusiko du. Iragana askatu, eta orainean jarriko du arreta.
Film txikia, epela eta ederra da Los destellos, bizitzaren keinu txikietan sostengaturikoa. Palomerok «doluaren edertasunean» sakondu nahi izan duela dio, baina, egiaz, zauri ireki batean egindako miaketa da, maitasunaren hondakinak —ederrak hauek ere— zehatz-mehatz deskribatzen dituena. Begirune, zuhurtzia eta samurtasun handiz erreparatzen die gaixotasunari eta zaintzari, eta baita hauek ingurune hurbilean duten eraginari ere. Bilbea ez baita pertsona maitatu bat galtzearen beldurrean edo minean oinarritzen, baizik eta igarobide horretan ageri diren akonpainamenduan, duintasunean eta, are, alaitasunean eta betetasunean ere.
Esan bezala, kamera ia zaratarik gabe mugitzen da pantailan, argiaren aldaketa txikiei, keinuei, xehetasunei eta, jakina, Patricia Lopez Arnaiz eta Antonio de la Torre protagonista nagusien interpretazio itzelei begira —hain zuzen, Lopez Arnaizek interpretazio onenaren Urrezko Maskorra eskuratu du Zinemaldian—. Hermetismo neurtuko zeharkaldi bat, non hauskortasuna eta samurtasuna darien uneak diren nagusi.
Ziur naiz palmares gehiagotan nabarituko dela film hunkigarri honen dardara. Eta poztuko naiz, zinez asmatu baitu Palomerok bizitzan benetan axola duten distira horiek irudietan nola jaso. Mezua argia da: Duintasunez bizi, duintasunez hiltzeko.