'Yoko Ona' podcastaren zuzeneko saio bat egingo dute Donostian
Yoko Ona bideopodcasta platotik atera eta oholtzetara salto egingo du tarte batez, zuzeneko bost saio eskainiko baitituzte, horietako bat Donostian. Hain zuzen ere, bira itxiko duen saioa izango da Donostiakoa, abenduaren 26an, Tabakalerako Kutxa Fundazio Klubean. Egun horretako gonbidatuak Euskoprincess eta Sune izango dira, eta zerbait egiten lehenak izatearen inguruan hausnartzen arituko dira.
Gaztea irrati kateak ekoizten du bideopodcasta, Ainhoa Vitoria esatariak gidatzen du eta Olatz Salvador eta Lore Nekane Billelabeitia musikariak aritu ohi dira Vitoriarekin batera. Lau denboraldi arrakastatsu egin dituzte dagoeneko, beti emakume gonbidatuekin; gehienetan, emakume sortzaileak izan dira gonbidatuak. Bestalde, bost saioko bira honen aurretik, Bilbon eta Gasteizen ere egin zuten zuzeneko saio bana.
Oraingoan, Iruñeko Laban hasiko dute bira, asteazkenean (hilak 23, 19:30), eta Izaro Andres izango da gonbidatua. Bigarren zuzenekoa Bilbon izango da, azaroaren 7an, La Ribera tabernan, Olaia Inziarte musikariarekin. Hirugarrena, Bartzelonako Euskal Etxean egingo dute, azaroaren 23an, Ainhoa Marzol Interneten adituarekin eta Judit Neddermann musikari kataluniarrarekin. Azkenik, laugarren saioa, Donostiakoaren aurrekoa, Gasteizen izango da, azaroaren 28an, Jimmy Jazz aretoan. Gonbidatuak J Martina taldeko Ane eta Kattalin Barcena izango dira.
Bost saioetarako sarrera doakoa izango da, eta saio guztiak Gaztearen Youtubeko kanalean izango dira ikusgai, aurreko denboraldietako atalen moduan.