Zahartzeko aukera berriak, erronkaz beteriko hiri batean
Zahartze prozesuak aldatu egin dira. Demografia aldaketak ez ezik, adinekoen askotariko bizitza estiloek ere behar berriak sortu dituzte hirian. Donostia inoiz baino zaharragoa da, eta horrek, arazo ekonomikoez harago, erronka sozialak azaleratu ditu hirian: etxebizitzaren eta espazio publikoaren birmoldaketaz gain, komunitatea indartzeko eta zahartze aktiboa bermatzeko baliabideak behar dituzte adinekoek.
Conchi, Josean eta Marian Donostiako hiru eremutan bizi dira. Guztiak dira adinekoak, baina guztiek ez dute errealitate bera, ezta hiriaren ikuspegi berdina ere. Bizitza estiloa ez ezik, bestelakoa da euren mugikortasuna, etxebizitza eredua eta auzoa. Baita interesak eta gizartean duten parte hartzea ere. Gorputzaren garapen biologikoak baino, kapitalismoaren produkzioak finkatzen du egun, adin tarteen bereizketa. Erretiroa hartu orduko, norbanakoak nagusi izatera pasatzen dira, euren burua pertsona zahartzat ez izan arren, askotan. Oso desberdin bizi dira 65 urtetik gorako adin tartearen taldean, baina batik bat, denboran gehiago bizi dira. Horrek, ezinbestean, erronkak ugaritu ditu gizartearen egituran eta nagusien bizi kalitatean.
Mendebaldeko gizartea zaharkitzen ari dela egitate bat da. Bizi kalitatearen hobekuntzaren ondorioz, bizi itxaropena luzatu egin da; eta, bien bitartean, jaiotza tasak beheranzko joeran jarraitzen du. Munduan, adineko pertsonen kopuruak haurren zenbatekoa gaindituko du 2045ean. Herrialde garatuenek, ordea, hogei urte daramatzate errealitate horri aurre egiten saiatzen. Immigrazioaren bitartez eusten diote soilik jaiotzen eta heriotzen arteko tarte negatiboari. Bistakoa da, baina, ez dela nahikoa.
Donostia, mundu globalaren parte den heinean, ezin dio aldaketa demografiko horri ihes egin: azken hogei urteotan, hiriko populazioa bere horretan mantendu den bitartean, 13.000 lagun gehiago pasatu dira 65 urtetik gorakoen taldera. Egun, hiriaren biztanleriaren laurdena osatzen dute eta 2030erako aurreikuspenek nagusien goranzkoa baino ez dute berresten. Bost urtean, halaber, Donostiako biztanleriaren erdiak baino gehiagok gaindituko ditu 50 urteak. Donostiaren argazkia argia da: adinekoak hiriaren erdiguneko auzoetan ari dira pilatzen, eta, batik bat, emakumezkoak dira. Biztanleriaren zahartze orokor horrek ez du aurrekaririk gizateriaren historian, eta erronka ekonomikoak ez ezik, sozialak ere eragingo ditu. Gauzak horrela, udala hasi da datorrenerako prestatzen.
Egun, Donostia Lagunkoia da hiriak zahartze prozesua lantzeko duen tresna nagusia. Eva Salaberria koordinatzaileak azaldu moduan, hiritarrekin eta elkarteekin elkarlanean, erronka berriak identifikatzen dituzte, ondoren horientzako bide posibleak mahai gaineratu eta proiektu txikiak martxan jartzeko: «Adineko pertsonek hiriari begiratzen diote, eta erronkak azaleratzen dituzte. Baina, askotan, erronka horiek ez dira adinekoenak soilik. Gure xedea, zahartzen ari den hiri batean, adin guztietarako hiri bat bideratzea da».
Modu kolektiboan egindako parte hartzearen bitartez, irtenbide integralak dituzte jomugan, behar berriei aurre egiteko. Bide horretan, esaterako, belaunaldien artekotasuna, etxebizitza lagunkoia eta arrakala digitala landu dituzte. Askotariko beharrak topatu dituzte eta horiekin lau lan ildo proposatu dituzte, hiriaren eta gizartearen berregituraketa lantzeko: etxebizitza eta espazio publikoa adinekoen beharretara eguneratzea, komunitate zaintzaileak sustatzea eta bizitzaren zikloak birformulatzea.
Epe luzerako etxebizitza
Egun, adinekoen erronka nagusien artean aurkitzen da etxebizitza. 65 urtetik gorakoen artean, %97 bere etxean bizi da, Donostian; 85 urtetik gorakoak, berriz, %95 dira. Etxebizitza gehienak, baina, ez dira zahartzen ari diren pertsonen beharrak asetzeko diseinatu. Irisgarritasun faltak, tamainak eta kokapenak arazoak sortzen ditu usu, eta urte luzez izandako bizitokia utzi behar izaten dute, askotan.
Errealitate hori bistakoa da Intxaurrondo Zaharrean, Josean San Roman bizilagunaren arabera: «Nire inguruko 20 edo 30 lagun Ategorrietako zuzkidura etxebizitzetara joan behar izan dira bizitzera». San Romanek 77 urte ditu eta emaztearekin batera bizi da igogailua duen eraikin batean. Argi du, baina, bere atariaren irisgarritasuna ez dela ohikoena inguruan: «Intxaurrondo Zaharrean %5ak izango du igogailua, soilik». Hain zuzen, udalaren arabera, Donostian igogailurik ez duten 8.600 lagunen ia herenak, Altzan edo Intxaurrondon du bizitokia.
San Romanen arabera, ordea, Intxaurrondo Zaharrean, eremu aldapatsuaren egokitzapen falta da oztopo nagusia: «Hemen, 40 metroko desnibelarekin bizi gara. Lizardi aldapako eskailera mekanikoa dugu, baina jende mordoa bizi da puntu horretatik eskuinera edo ezkerrera, eta horiek, 100 eskailera igo behar izaten dituzte euren etxebizitzetara ailegatzeko».
Donostiaren orografiak beste eremuetan ere nagusi askoren independentzia eta mugikortasuna mugatzen ditu. Marian Aldasoro amaratarrak, esaterako, gertutik ezagutzen du eragozpen hori: «Bizkarreko arazoekin hasi nintzen, eta aldapaz gain, kaletik etxera sartzeko beste 30 eskailera igo behar nituen». Hori dela eta, 77 urteko emakumeak betiko etxea utzi, eta auzoko beste eremu batera lekualdatu behar izan zuen, senarra eta ahizparekin batera: «Nire antzera, beste asko etorri ziren atzetik, une horretan ez baitzegoen eskailera mekanikorik, ezta mikrobusik ere Amaran».
Hiriaren orografiak adinekoen mugikortasuna eta harremanak mugatzen ditu, auzo askotan
Berioko zuzkidura etxebizitzetan ere mesfidantzaz begiratzen diote aldapari. Zuzkidura etxebizitza horietako batean bizi da Conchi Gonzalez. 88 urteko emakumeak, dozena bat bizilagunekin egin digu harrera etxearen gune partekatuan, eta guztiak batu dira solasaldira. Berio pasealekua osatzen duten aldapetako batean bizi dira hamabi lagunak eta eremua «oso atsegintzat» duten arren, Antiguatik banantzen dituen aldapa horrekin nagusi askok «ezinezko» dute oinez lekualdatzea: «Beharbada, 65 urterekin ez duzu aldapa kontuan hartzen, baina 80 urtera iristerakoan arazo handia izan daiteke, eta, adin horretatik aurrera, are gehiago», adierazi du Cristina bizilagunak. «Nik ez dakit zein teknikariri iruditu zitzaion egokia adinekoentzako zuzkidura etxebizitzak aldapa betean jartzea», gaineratu du Manoli izeneko beste bizilagun batek.
Espazio publikoa eta mugikortasuna
Era beran, Salaberria koordinatzaileak adierazi moduan, azpiegiturek eta zerbitzuek eragin zuzena dute adinekoen mugikortasunean, eta egungo hiri ereduaren azterketa egitea ezinbestekoa da faktore mugatzaile bilakatu ez daitezen: «Ez dugu ahaztu behar kolektibo zaurgarriak ez diren arren, zaurgarri sentitzen direla. Donostian, istripu askorik egon ez arren, beldurrarekin edo segurtasun faltarekin aritzen dira kaletik».
Horren inguruan galdetuta, Lourdesek hartu du hitza Berion egindako solasaldian: «Gauza txikiak dirudite, baina obrek, lurreko baldosaren bat mugituta egoteak, kaleak hostoz beteta egoteak edo Berioko autobusaren markesinetan behar adina pertsona tapatzeko estalkirik ez izateak bete-betean eragiten digute etxetik irteteko erabakia hartu behar dugunean».
Oinezko mugikortasuna ez ezik, garraio publikoaren zerbitzuetan ere topatzen dituzte mugak. Adierazi dutenez, gorputzean mugikortasun maila murriztuta dute askoren kasuan, eta autobusa da lekualdatzeko duten baliabide bakarra. Egungo zerbitzuan, baina, arazoak dituzte maiztasunekin, eta baita ibilbideen murrizketarekin ere: «Batzuen kasuan denbora luzez ibili ezin garelako hartzen dugu autobusa, hori baita dugun aukera bakarra. Baina asteburuetan, esaterako, maiztasunak luzeegiak dira, eta, igandeetan, 10:30ean hasten da gure linea. Nor edo nork pentsatu beharko luke egun horietan ere bizitza erritmo berdina daramagula», adierazi du Conchik.
Berion, hiriarekin duten konexioaren hobekuntza badute jomugan, Intxaurrondo Zaharrean, berriz, auzoarekiko lotura hobetzea dute helburu. San Romanek onartu moduan, hiriarekin «oso konexio onak» dituzte, baina auzo elkartetik urteak daramatzate Intxaurrondoko eremu berriarekin lotuko dituen mikrobus bat jar dezatela eskatzen: «Auzoko azpiegitura nagusiak eremu berrian daude eta adineko askorentzat esfortzu handia izaten da 40 metroko desnibel hori gainditzea». Kiroldegira, osasun etxera edo kultur etxera lekualdatzeaz gain, auzoan «sareak sortu eta komunitatea indartzeko» funtsezkoa dela baieztatu du: «Zerbitzu horiek guztiek, heldu ezinak dira gaur gaurkoz, azpian bizi garenontzat».
Komunitate zaintzailea suspertzen
Donostian, gainerako hirietan gertatzen den moduan, auzoak dira harremanen sare nagusiak. Identitatea eta kidetasun sentipena finkatu dute denborarekin, komunitatea indartuz eta auzokideen elkarlaguntza sustatuz. Aldiz, bizitza eta familia eredu berriek, komertzio txikiaren gainbeherak eta zaintza sistemaren krisiak harreman sare horren ahultzea eragin du. Horrek, era berean, kalteberatasun egoeran dauden norbanakoen isolamendua eta erakundeekiko zerbitzuen dependentzia handitzea eragin du. Hala, betiko espazio horien faltan, harremanak sendotzeko gune berrietara egokitu dira, eta gehienetan, nagusiek bultzatutako ekimenen bitartez suspertu da komunitatearen garra.
Intxaurrondon, esaterako, Larrotxene Kultur Etxeak, auzoko tabernak eta elkarteak dira harreman horiek mantentzeko espazio nagusiak: «Saltoki handiek inguruan geratzen ziren denda txikiak jan dituzte, baina, tira, gure espazioetan mantendu dugu kohesio hori», azaldu du San Romanek. Auzoan, Aiton-Amonen etxeak zahartze aktiboa sustatzen du, eta hala, mendi ibilaldiak eta bestelako jarduerak eskaintzeaz gain, isolamendu egoeran egon daitezkeen lagunen jarraipena egiten dute: «Noizean behin deitzen dituzte, zer moduz dauden jakiteko eta hiruhilekoan behin gosariak antolatzen dituzte urteak bete dituzten horiekin».
Hiri mailan, berriz, tankera horretako ekimenen ardura izan ohi du Nagusilan adinekoen elkarteak. Arantxa Garin komunikazio arduradunak azaldu duenez, 150 boluntarioen sarea osatuta, irabazi asmorik gabeko erakundeak «nahi gabeko bakardadeari egiten dio aurre», askotariko jardueren bitartez: hogei animazio talde dituzte, akonpainamendu presentziala eskaintzen dute erresidentzietan, ospitaleetan zein etxeetan eta telefono zerbitzua dute bakardadea arintzeko: «Lagun batekin izan dezakezun solasaldia izaten dituzte Zilarrezko Haria proiektuan parte hartzen duten boluntario eta erabiltzaileek. Zer moduz dauden galdetzen diete, osasunez nola dabiltzan, eta pixkanaka, konfiantza hartuta, euren egunerokoaren berri ematen diote elkarri, lagunak izango balira bezala».
Berion, berriz, etxearen inguruan sortzen dute komunitatea. Conchik azaldu moduan, Cristinak —taldeko bizilagun gazteena— ariketa fisikoa lantzeko klaseak ematen ditu astean bi egunetan, etxeak duen gune komunean, eta askotan elkartzen dira: «Aurretik, irakasle izandako bizilagun batek ere memoria lantzeko klaseak eskaintzen zizkigun».
Bizitza eta familia eredu berriek eta saltoki txikien desagerpenak adinekoen zaintza harremanak kaltetu dituzte nabarmen
Komunitate horretan, baina, bestelako egitasmoak bultzatzen dituzte egun, harremanak sendotzeko: «Bakoitzak bere bizitza dauka, baina egunero bildu ohi gara, lagun talde baten gisan gure kontuez hitz egitera, eta ostiral guztietan afaria izaten dugu, bakoitzak etxetik jaisten duenarekin». Horrez gain, afari bereziak antolatu ohi dituzte festa eta jai egunen bueltan. «Ni ez naiz askotan jaisten, baina polita da, nahi izanez gero, taldean egoteko aukera duzu eta», azaldu du Angelak. «Gainera, bizilagunok gehiago ezagutzen dugu elkar, eta gertutasun sentsazio hori oso garrantzitsua da elkar lagundu behar dugun uneetarako».
Adinaren kudeaketa
Donostia Lagunkoiako koordinatzaileak azaldu moduan, zahartzaroa errealitate oso aldakorra da: «Gaur egun, ez du zerikusirik 65 urte izateak duela hamar urte zenarekin edo etorkizun hurbilean izango denarekin». Bizitzaren ziklo berri horren kudeaketan, jarrera pasibo izatetik, aisialdiaz gozatu eta eskaintzen zaizkien jarduerak baliatzen dituzte egunerokoari probetxua ateratzeko: «Erretiratzerakoan, gazte ikusten dute euren burua eta, noski, jarduera mordoa egitera animatzen dira», azaldu du Aldasorok.
Jubilatuen etxeko erabiltzaileen kopuruaren gorakadak, ordea, arazoak sortu ditu Amaran, eremua eta eskaintza mugatua baitute: «Gero eta adineko gehiago gara, eta inguruan ez dugu ez kultur etxerik, ezta kiroldegirik ere. Gure arazoa azpiegitura falta nabarmena da eta, horregatik, itxaron zerrendak ditugu jarduera guztietan».
Adinekoen bizitza estilo biziak eta aniztasunak ere aisialdi jarduera berriak sustatzeko eskaerak azaleratu ditu: «Guk faltan botatzen dugu adinekoentzako dantza egiteko leku bat. Egunez, askotariko kultur eta kirol jarduerak ditugu, baina badirudi telebista dela gaueko entretenimendu bakarra, eta guk, noizean behin, kopa bat edan eta dantza egin nahi dugu», adierazi dute Berion bildutako zenbait lagunek.
Zahartzaroaren errealitatea oso aldakorra da, eta behar zein nahi berriak azaleratu ditu aisialdiaren eskaintzak
Nolanahi ere, aisialdiari zukua ateratzeaz gain, gizarteari ekarpenak egiten jarraitu nahi dutela baieztatu du Salaberriak: «Ez dute objektuen gisan tratatuak nahi izan, edo telebistaren aurrean egotera mugatu nahi». Horren isla dira, hain zuzen, San Roman eta Aldasoro. Biak auzoko jubilatuen etxean aritzen dira buru-belarri, duela hamarkada batetik. Antzeko gertatzen da hiriko beste elkarte batzuetan ere; Nagusilanen, esaterako, «erretiratutako pertsonak» izaten dira adineko erabiltzaileen beharrak asetzen dituztenak.
Egungo egitasmo askoren bultzatzaile, nagusiek etorkizunera ere luzatzen dute begirada. Etorkizuneko hirien sortzaile izan nahi dute, eta parte hartze prozesuetan inplikatzen dira, bereziki, Salaberriaren arabera. Egungo erronka eta bizipenetatik, etorkizun laburrean sor daitezken arazoetara aurreratzen dira, urte batzuetan gizarte komunitarioago, anitzago eta egokituago bat izan dezan Donostiak: «Adinekoek hiriarekiko lotura emozional handiagoa dute. Etorkizunerako ekarpenak egiten dituzte, askok ekarpen horien fruituak ikusterik izango ez duten arren. Legatua utzi nahi dute». •