Antiguak azken eraso matxista salatu du
Antigua auzoko ia hogei eragilek egin dute bat salaketarekin. Auzo eta kale askeak aldarrikatu eta gertakarien harira zabaldu diren zurrumurruak gaitzetsi dituzte.
Dozenaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean, Antiguan, azaroaren 2an jazotako eraso matxista bat salatzeko. Auzoko hemezortzi eragilek deituta, Gaskonia plazan egin zuten elkarretaratzea, erasorik gabeko auzo bat nahi dutela aldarrikatzeko. Era berean, erasoaren harira sortutako zurrumurruak salatu dituzte.
Antiguako feministek azaldu zutenez, erasoa azaroaren 2ko goizalean jazo zen, Ondarretako autobus markesinan. Gizon batek ukituak egin zizkion emakume bati. Egoera horretatik ihesi, emakumeak babesleku bat bilatu zuen, bere burua lasaitzeko. Bueltako bidea berreskuratzean, baina, erasotzaileak bere zain jarraitzen zuela ohartu zen. Hala, babeslekura itzuli eta poliziari deitu zion. Gizona atxilotuta eraman zuten.
Erasoa ezagutu den unetik, auzoko eragileek bat egin nahi izan dute salaketarekin. Auzoko kaleak “askeak eta bizigarriak” izan behar direla baieztatuta, askotariko taldeak batu dira deialdira: tartean izan dira kirol eta dantza taldeak, aisialdi taldea, gaztetxea eta mugimendu zein alderdi politikoak.
Erasoa ez ezik, hainbat auzokideren jarrera ere salatu nahi izan dute elkarretaratzean. Azaldu dutenez, erasotu duten emakumeari babesa eman beharrean, gertakarien harira zabaldutako zurrumurruek zalantza eta morboa zabaldu dute inguruan.