Bost pertsona atxilotu dituzte Garberan lapurreta egin eta Gasteizen harrapatu ostean
Ertzaintzak bost pertsona atxilotu zituen atzo, Garbera merkatal zentroan lapurreta egin eta Gasteizen harrapatu ondoren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, operazioak bost atxilotu horiez gain, hamar ertzain zauritu ere utzi zituen.
Segurtasun Sailaren arabera, igande goizeko 07:00ak baino minutu batzuk lehenago, Ertzaintzak Garberako establezimendu batean indarra erabiliz egindako lapurreta baten berri izan zuen. Hainbat polizia baliabide bertaratu ziren, eta merkataritza establezimendu batean lapurtu zutela egiaztatu zuten.
Ertzainek egiaztatu zuten lapurretaren egileak bi ibilgailutan joan zirela saltokira, eta matrikulak jarri zizkietela, bezperan Gasteizen aparkatutako beste auto batzuei lapurtutakoak. Horrez gain, egiaztatu zuten erabili zuten ibilgailuetako bat ere lapurtua zela.
Horiek horrela, Ertzaintzak zaintza dispositibo bat ezarri zuen, eta inplikatuak ordubete geroago aurkitu zituzten, Gasteiz parean, A-1 errepidean. Lapurretaren ustezko egileak Ertzaintzarengandik ihes egiten saiatu ziren, A-1 eta N-622 errepideetatik kontrako noranzkoan zirkulatuz. Azkenean, ertzainek Abetxuko parean geldiarazi zituzten, eta, Segurtasun Sailaren arabera, poliziaren ibilgailuei “bortizki” eraso zieten.
Bost atxilotu eta hamar zauritu
Operazioan, 38 urteko bi pertsona, 35eko bat, 33ko bat eta 31ko bat atxilotu zituzten indarrezko lapurreta, ebasketa, agenteen aurkako atentatua eta bide segurtasunaren aurkako delitua egotzita. Segurtasun Sailak azaldu duenez, bost atxilotuek bortizki aurre egin zioten atxiloketari, eta hamar ertzain zauritu ziren. Lau ospitaleratu egin zituzten, horietako bat Zainketa Intentsiboetako Unitatean.
Atxilotuak ertzain etxera eraman zituzten beharrezko eginbideekin jarraitzeko, eta amaitutakoan epailearen esku utziko dituzte. Ikerketa zabalik dago oraindik, urte hasieran establezimendu berean antzeko ezaugarriak zituen lapurreta batean atxilotutakoak izan ziren jakiteko.