Udalak Soinu Giroa Hobetzeko Ekintza Plana onartu du
2022ko Zarataren Mapa Estrategikoaren emaitzetan oinarritako txostena da eta herritarren bizi kalitatea hobetzea du helburu.
Donostiako Udalak udalerriko Soinu Giroa Hobetzeko Ekintza Plana (2024-2025) onartu du aste honetan. 2022ko Zarataren Mapa Estrategikoaren emaitzetan oinarritako txostena da eta Europako, Estatuko eta EAEko legediaren eskakizunei erantzunez, kutsadura akustikoa murriztea du helburu. Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “dokumentu honek hurrengo bost urteetan Udalaren zarataren arloan hartu beharreko estrategia eta ekintzak markatzen ditu, eta horrek donostiarren bizi-kalitate hobea ekarriko ditu”.
Ekintza-planaren helburu orokorrotako batzuk ondorengo hauek dira: 2022ko Zarataren Mapa Estrategikoarekin alderatuta, zirkulazio-zaratak eragindako herritarrak kalitate akustikoaren helburuen gainetik murriztea, Donostiarren % 70ek baino gehiagok eremu lasaiko mailak izatea eta Osasunaren Mundu Erakundearen gomendiorantz aurrera egitea, hau da, 45 dezibelioko zarata maila edo txikiagoa lortzea.
Hiribide zaratatsuak
Asmo handiko helburuak dira horiek guztiak. Dokumentuak berak onartzen baitu aurreko plana — 2017tik 2022ra bitartekoa, zarata% 8tik % 5era murriztea helburu zuena— ez zuela bete, eta ez betetzeaz gain, igo egin zela %12ra. Udalak orain arte erabili dituen adierazleen arabera, 30.674 donostiar daude, biztanleriaren % 16,3, bizitegi lurzorurako kalitate akustikoko helburuen gainetik zarata mailen eraginpean. Gune gatazkatsuenak zirkulazioaren sarrera eta irteera bideen inguruan biltzen dira, bai eta galtzadetatik oso hurbil dauden eraikinen kasuan ere; egoera horretan daude Tolosako etorbidea, Ategorrieta, Jose Elosegui alkatea, Carlos I, Frantziako pasealekua eta Nafarroa etorbidea, besteak beste.
Lehentasunezko ekintza planak 42 jarduera proposatzen ditu eta lehentasunezko gisa kalifikatutakoen artean honako hauek agertzen dira: zarata ebaluatzeko eta aldian-aldian eguneratzeko trafiko eredu egokia sortzea, soinu igorpenean zoladuraren egoerak eta motak duen eragina ebaluatzea, zarata murrizteko eta kontrolatzeko zoladura plan bat ezartzea, hiriko aisialdi eremu nagusietan zaratagatiko kalitate akustikoaren helburuak gainditzea ebaluatzea eta “Parte Zaharrean aisialdiko zaratarako berariazko plan bat” garatzea.