Barrexerkako Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta, 'Bizi irauten' zikloko hurrengo gonbidatuak
Ostegunean, hilaren 9an, izango da hurrengo saioa, Egiako Bukowski tabernan, 19:00etan.
Hemen da Bizi irauten jendaurreko elkarrizketa zikloko bigarren saioa: Barrexerka umore eta antzerki taldeko Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta elkarrizketatuko ditu Andrea Bosch Alfaro kazetariak, ostegunean (hilak 9), 19:00etan, Egiako Bukowski tabernan. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.
Sorzabalbere eta Irazusta donostiarrek 2018an sortu zuten Barrexerka proiektua, eta, ordutik, arrakasta handia erdietsi dute Donostian zein Donostiatik kanpo. Sareetan esketxak eta bestelako umorezko ikus-entzunezko piezak argitaratzeaz gain, antzoki ugaritan eskaini dituzte urteotan euren ikuskizunak —une honetan, Nahastumbury ikuskizuna eskaintzen ari dira—, bakarrizketak, antzerkia eta esketxak uztartuta; gazteengandik gazteentzat, eta euskaraz.
Bestalde, IRUTXULOKO HITZArekin elkarlanean, Auzolotsak atala sortu zuen Barrexerkak 2021ean, eta Antiguako, Egiako eta Groseko pertsonaiak parodiatu zituzten; hemen ikus ditzakezue bideoak.
IRUTXULOKO HITZAk eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak sorturiko proiektua da Bizi irauten, sormen prozesuen inguruko elkarrizketak jendaurrean egiteko xedearekin. Lehenengo saioa azaroaren 28an egin genuen, Nøgen taldeko Ane Negeruelarekin eta Alex Irazustarekin. Hamaika Telebistak, laguntzaile gisa, saioak grabatzen ditu, eta hemen ikus ditzakezue zenbait klip; lehenengo saio osoa ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.