Hirugarren kontzertu bat iragarri du Zetak-ek Illunben
Zetak-ek irailaren 6an Illunben eskainiko duen Mitoaroa ikuskizunerako sarrera denak goizean agortu ostean, beste bi kontzertu iragarri dituzte Donostian. Lehenengoa, egun bat lehenago, irailaren 5ean, izango da, 22:00etan. Bigarrena, berriz, irailaren 7an. Aurreko bi saioetarako sarrera ia guztiak amaituta, eguerdian jarri dituzte salgai hirugarren saiorako sarrerak.
Hilaren 3an eta 4an eskaini zituen Zetak-ek Mitoaroa ikuskizuneko lehen emanaldiak, Nafarroa Arenan. Saio bakoitzean 15.000 lagun bildu ziren Pello Reparaz buru duen proiektuaren emanaldia ikusteko. Bigarren saioa ETB2n eman zuten gainera, eta emanaldiaren amaieran telebista bidez iragarri zuten irailean Donostiara ekarriko dutela ikuskizuna. Bada, sarreren aurre salmenta gaur 08:00etan hasi dute, eta 10:00etan, publiko orokorrak izan du sarrerak erosteko aukera.
Pistako sarrerak ordu bakarrean amaitu dira, eta lau orduko itxaron zerrenda ere sortu da. Hori ikusita, bigarren saio bat iragarri dute Donostian, Aaztiyen diskoko birarekin lotutako emanaldia eskaintzeko. Horiek ere amaitu egin dira, eta hirugarren saio bat aurkeztea erabaki dute.
Nafarroa Arenan, Nafarroako pertsonaia mitologikoak ikusi ahal izan zituzten bertaratu zirenek; bada, Donostian, Euskal Herri osoko pertsonaiak ikusi ahal izango dira.