Loratu da urte berria
Duela hamar egun eman genion ongietorria urte berriari, eta argazkiko lore zuriak bezala, loratu da 2025a ere. Loreez ari garela, gogoratu dut urte bukaeran landare bat erosi nuela, schlumbergera edo Gabonetako kaktus bat, lore arrosak dituena. Landareak ondo zaintzen jakitea gustatuko litzaidake, kaktusari lore gehiago atera bazitzaizkion ere, berehala zimeldu eta hil egin zirelako. Ordea, landareak bizirik jarraitzen du oraindik, eta nik ere hura ondo zaintzeko ahalegina egiten jarraituko dut, luzaroan lore politak eman ditzakeen ikusteko.
Maitasuna, osasuna eta dirua izaten dira urte berrirako desiretako asko, baina elkar zaintzea gehituko nioke nik zerrenda horri. Landareak asko gustatzen zaizkit —azalean marraztuta ditut hainbat— baina pertsonak zaintzen jakiteak askoz balio handiagoa duela iruditzen zait. Eta baita zaintza horren gabezia nabarmena dela ere.
Urte berri honetarako, elkar zaintzen jarraitzea edo elkar zaintzen ikastea nahiko nuke, eta gure gizartean hain nabaria den gorrotoa hiltzea —nire landarearen loreek egin duten bezain azkar—. Desirak desira dira ordea, eta betetzea nahiko zaila dela dakidanez, gauza bakarra esango dizuet: urte berri on, eta good vibes, lagunok.