Korrika badator
Korrikaren 21. ekitaldia apirilaren 4an hasiko da Nafarroako Gares herrian, eta Gasteizen amaituko da apirilaren 14an. Bi urtetik behin egiten den Korrikak, aurten Klika egin euskarari izango du leloa. Klika egiteak euskarari baietz esatea eta konpromisoak hartzea adierazten du, eta aurreko edizioetan bezala, milaka eta milaka izango gara hori egingo dugunak. Halaber, aurtengoak Txillardegiri egingo dio omena; beraz, donostiar bati, eta honek hurbiletik ikutzen gaitu. Donostiatik apirilaren 12an, ostiralean, igaroko da.
Jose Mari Pastorrek Berria-n, martxoaren 2an argitaratutako artikulu bati Basque Fuckinary Center jarri zion titulu moduan, horrela adieraziz Basque Culinary Centerreko komunikazio-kudeatzaile berriak ez duela euskara jakin beharrik. Antzekoa gertatu zen Tabakalerako arduradunetako bat aukeratzerakoan ere, orain dela urte bat edo bi.
Orain, berriz, antzeko beste berri bat izan dugu. Oraingoan Euskal Futbol Selekziotik etorri zaigu. Euskal selekzioak «misterra» aukeratu du, zein eta Javier Clemente, eta honek ere ez daki euskaraz, nik dakidala behintzat. Agian, oker nago eta ikasi du jada. Ea norbaitek horrelako albiste pozgarria ematen didan. Ez naiz futboleroa, baina arraroa egin zait albistea.
BEC, BCC, San Sebastian Region, Change the Change eta egiten ditugun antzeko aukerekin unibertsalagoak bilakatzen garela pentsatzen dute batzuek, eta agian horrela izan beharko dute gauzak. Ordea, kontua da euskara inoiz ez dugula lehenesten tamaina edo neurri handi samarra duten esparruetan.Beraz, Korrikaren moduko ekimenak luzerako ditugu.
Ziur asko euskal komunitatearen festarik nagusiena izango da Korrika. Ez dago euskaldunon artean hainbeste jende mugitzen duen beste ebentorik, ezta euskaldun eta euskaldun izan nahi duen aldarrikapen indartsuagorik ere. Ea bada oraingoak ere euskaldun izan nahi duen herri sendo bat existitzen dela eta bizi-bizirik dagoela adierazteko balio duen.