80 urteko anexioa
Donostiak Altza Herria anexionatu zuenetik 80 urte bete dira pasa den apirilean. Denbora asko igaro da hartatik, baina agintari frankistek inposatu zuten erabaki haren oroimena gure artean bizirik jarraitzen du. Borondatezko bat egite gisa janzten saiatu ziren, baina denek bazekiten gogoz kontrako menperatze bat zela, eta, horregatik, hasieran agindu zuten herri galdeketa alboratuta, anexioa epe laburrean tramitatu eta gauzatu zuten.
Frankistak ziren garrantzi handiko erabaki hura hartu zutenak, baina Altza erabat Donostiaren interesen menpe jartzeko ideia frankismoaren aurreko eta frankismoaren ondoko donostiar agintarien buruan zegoen eta hala dago oraindik. Erdi Arotik orain dela berrehun urte arte, altzatarrek, Donostiaren jurisdikziopean, autonomia zabal bat zeukaten alkaterik gabeko kontzeju baten bitartez funtsezko arloetan erabakiak hartzeko. Hiria eta herriaren artean sortzen ziren auziak epaitegietan bideratzen zituzten.
Alabaina, XIX. mende hasiera aldean, garaiko gerren ondorioz Donostiari sortu zitzaizkion arazo ekonomikoei aurre egiteko, Donostiako Udalak kontzejuaren autonomiarekin bukatu nahi izan zuen, nahi zituen erabakiak eragozpenik gabe hartu ahal izateko. Auzitegietan, ordea, hiriaren saiakerak zapuztu egin ziren, eta, Altzak, bere eskubideen berrespena lortzeaz gain, birritan eskuratu zuen erabateko independentzia 1821-1823 eta 1879-1940 urteen bitartean.
Gerra Zibila amaitu bezain laster, frankistek Altza Donostiara biltzeko asmoa berriro aktibatu zuten, argudio nagusi gisa Altzaren «udal ogasunak bizi zuen egoera prekarioa» zela erabiliz. Aitzakia argudioa bihurtuta eta erabakia irensgarriago egitearren, Donostiak inbertsio plan bat burutuko zuela agindu zuen. Iruzurra izango zela esatera ausartu zirenak isilarazi zituzten, eta anexioa gertatu bezain laster iruzurra zela agerian geratu zen. Altzaren udal barruti zabala bereganatu ondoren, Donostiak eskuak libre eduki ditu Altzarekin nahi izan duena egiteko.
Hori guztia besterik gabe historia izan zitekeen, baina 80 urteko anexioaren ondoren, gaurkotasun osoa edukitzen jarraitzen du. Izan ere, azken zortzi hamarkada hauetan Altza Herria menperatu zuen hiri-eredu berak gidatu du gure auzo eta lurralde garapena, beti ere altzatarrak aintzat hartu gabe.