ABkrossaren partez, mila-mila esker!
Berriz ere lortu dugu. Zortzigarren aldiz, posible egin dugu. Amara Berrin pasa den larunbatean euskararen alde pozik izerditu genuen, eta ondo izerditu gainera. 2014an Amara Berriko Berritsu euskara elkarteak sorturiko lasterketa xume hura dagoeneko errotu da gure auzoan eta hirian, lasterkari askoren egutegian bere lekua eginez.
Arrakastatsuena izan da aurtengoa, 180 korrikalarik eman dugu izena lasterketan, inoizko zifrarik altuena. Auzoko denda, taberna eta eragile gehiago ere izan ditugu laguntzaile, eta ikusle asko gerturatu zaizkigu animatzera.
Larunbatekoa sinistu ezinda gabiltza oraindik, eta ez ditugu guztia eskertzeko hitzak aurkitzen. Profesionalizazioa eta dirua gailentzen diren mundu honetan, ez da erraza euskara hutsean antolatu eta ospatzen den auzo lasterketa bat aurrera eramatea. Azken urteotan tristezia handiz ikusi dugu nola desagertu diren Donostian gure lagun ziren hainbat herri lasterketa. Izan ere, horrelako ekitaldi batek prestaketa handia eskatzen du, eta atzean gauden boluntario gutxiak ordu asko sartu behar izaten ditugu.
Aurtengo emaitzarekin oso harro gaude, eta bertaratu zinetenen feedbacka jasotzean are gehiago harrotzen gara. Zuen poz eta hitz onek indarrez betetzen gaituzte, etorkizunean hobetzen jarraitzeko. ABkrossa ez da lasterketa soil bat, euskararen aldeko festa bat da, eta Probestu plaza euskararen alde lepo ikustea gauza handia da; bertan sortzen den familia giroa da ezberdin egiten gaituena.
Bada nabarmentzen gaituen beste kontu bat: generoa. Lasterketetako irudiak eta datuak ikustean, oro har, gizonak izaten dira protagonista. ABkrossean, ordea, ozen esan dezakegu parekidetasunetik gertu gaudela: aurten ere, emakumeen parte hartzea oso handia izan da, batez bestekotik nabarmen gora. Genero ikuspegia taldean lantzen dugun puntuetako bat da, eta horretan ere hobetzen jarraitu nahi dugu, erabateko parekidetasuna lortu eta mantendu arte.
Zu, ABkrossako korrikalaria, animatzailea, auzoko tabernari laguntzailea, petoa jantzita bidea markatzen egon zinen hori, lasterketa ireki edo itxi zuen txirrindularia, musikariak, argazkilariak, esataria, ABkrossako jarraitzailea edo boluntarioa. Zuei, bejondeizuela!