Afekzioen gaineko ordenantzak
Hobetze aldera, eraikinen berritze eta ondarearen suntsitzea dator. Hobetze aldera, makro kulturaren hautua dator. Hobetze aldera, bisitarien neurriko hiria dator. Hobetze aldera, aingura nagusia zerbitzuetan duen lan prekarioa dator. Hobetze aldera, garraioen proiektuak datoz.
Eta horrela jarrai nezake, hobetzeen izenean egin diren eta egiteko diren zerrenda amaigabe bat osatzen.
Morlans auzoko bizilagun gisa, hobetze horiek eskuin-ezker harrapatuak gauzkate. Etxe atarian, Arbaizenearen magalean, zulo beltz itzela daukagu morlanstarrok. Zulo beltz hori, hobetzeen izenean eraiki asmoz abiatu zen. Bada denbora larregi zuloa ireki zela, eta bada denbora zulo horrek sortarazten dituen afekzioak auzotarrok egunerokoan ez ezik gaueko orduetan ere pairatzen ditugula.
Zulo beltzak, hasieratik, errepideen hondatzea, kamioien joan-etorriak, ikastetxeko haurrei ingurune hautsez beterikoa ekartzeaz gain, afekzioak eragin zituen eta eragiten ditu auzotarron gaueko atsedenean.
Morlans auzora ongi etorria egiten digu tramankulu ikusgarri batek, Metroaren obretako sorgailuak. Eta bere sonata propioarekin agurtzen gaitu auzotarrak zein bisitan datozenak. Tramankuluaren soinua gure belarrien barneko ohiko sintonia dugu. Eta egunez nahikoa ez balitz bezala, gaueko orduetan ere zaratak bidea egiten du gure etxeetaraino.
Morlansko auzotarrak ez gara afekzio hauen hartzaile bakarrak. Ez, noski! Hainbatetan metroaren aurkakotasuna adieraziz kale mobilizazioak, dinamikak, hitzaldiak eta beste egin direnetan haietan parte hartu eta haiekin bat egin dugun herritar asko gara. Horren erakusgarri da Satorralaia herri ekimena, baita metroaren proiektua aurkeztu zenean eta informazio publikoan jarritako ehunka erreklamazioak ere.
Sortarazten dituen afekzioen aurkakotasuna maiz gelditu da agerian. Auzotarrok-auzo elkarteek sarritan adierazi ditugu gure kexak. Eta erantzun edo neurri zuzentzaile bat bera ere ez dugu jaso.
2022ko maiatzaren 26ko udalbatzarrera eztabaidara eraman zen Morlanseko metroko obrek sortarazitako zaratei buruzko kontrol mozioa. PNVko ordezkari politikoak bere hitz-hartzean ozen esan zuen udal gobernu honek ez duela jaso herritarren kexarik. Haren esanetan, ez baita beraiengana kexa bakar bat ere iritsi. Kontrol mozio honi erantzuteko PNVren heldulekua berriz ere ordenantzak eta pilota beste arduradunen teilatu gainean uztea izan zen.
Ordenantzak heldulekutzat hartzen eta herritarron arazoak afekzio gisa izendatzen dituzten arduradun politikoen eskuetatik nekez etorriko zaizkigu bizilagunoi egunerokoan jasaten ditugun arazoen konponbideak.
Herritarron bizitzak erdigunean jartzea ez da ordenantza kontua. Herritarron bizitzak erdigunean jartzea borondate eta jarrera politikoari loturiko kontua da. Hori egin nahi ez denean, morlanstarron eta obren inguruan bizi garenon kexen islarik/erantzunik ez da izango, noski.
Agian, gure kexa eta salaketek ez dute zarata nahikorik ateratzen!