Amaia Portugal: 'Azken heldulekua'
Gorroto dut neure burua pixka bat, realzale jartzen naizenean. Esan nahi duelako, gehiago edo gutxiago, futbolaren zirkoa elikatzen ari naizela ni ere. Mespretxatzen dudan guztia biltzen duen zirko hori: zaleen kontrako zekenkeria, euskarari dirua lapurtzen dion publizitatea elastikoetan, futbol-zelai berria eraikitzeko kapritxoa, armen salmentan diharduen presidentea, potroak etengabe aipatu beharra.
Mespretxatu, futbol modernoa mespretxatzen dut, benetan. Azken finean, zaletasuna etxetik datorkigu, eta Realari atxiki gaituzten balioak ez dira modernoak, kapitalismoaren atzaparrek hura harrapatu baino lehenagokoak baizik. Zuri-beltzean kontatu dizkiguten irudi horien bitartez gara txuri-urdin. Atotxa, Puertollano, Molinon. Batzuk koloretan ikusi ditugu, baina zuri-beltzean irudikatzen ditut nik, hain hurbil eta hain urrun daudelako, akaso.
Zaletasun zoro honek eragiten didan barne desoreka honetan, zutik mantentzeko geratzen zitzaidan azken makulua galdu dut egunotan. Badoa Xabi Prieto, eta harekin, futbol modernoaren kontra geratzen zitzaigun azken heldulekua. Zera hau ulertzen ez dutenen galdera maltzurren aurrean, beti ematen dudan erantzuna: «zuk Iñigo Martinezen tokian gauza bera egingo zenukeen»; «ez, ni Xabi Prieto naiz».
Askok diotenaren kontra, ez baitzait iruditzen futbola ogibide soiltzat har daitekeenik. Ez, behintzat, futbolari izan ez balitz, berdin-berdin realzale izango zenarentzat. Molinongoa bizitu ez, eta hala ere irudiok ikusitakoan oilo-ipurdia jartzea zer den, ondo baino hobeto dakienarentzat. Hori da Xabi Prieto.
Futbolari gehienak baino konformaerrazagoa izan dela usteko dute batzuek. Etxetik mugitu beharrik gabe soldata ederra edukita, horrekin nahikoa zuela, eta kitto. Nik bestela pentsatzea nahiago dut: inork baino anbizio handiagoa izan duela, bere betiko taldearekin tituluren bat irabaztea zuela amets, eta horretarako aukerak eskasak izanda ere, arrisku hori hartzeak merezi izan diola.
Ez da beti fin ibili, hori hala da. Harmailetatik baten batek funtzionario nola deitzen zion entzun dut behin edo behin (besteren batek funtzionarioa Vela zela nola erantzuten zion ere bai). Funtzionario arima duenak, ordea, bulegotik irtetean fitxatu eta hor ahazten ditu bere erantzukizunak. Nola izango da funtzionarioa, debutatu berritan, Santiago Bernabeun penaltia botatzen tematu zen gazte hura? Nola, ba, denboraldi aurrean Zubietara beste inor baino lehenago bueltatzen zen kapitain hura?
Xabi Prieto gabe, datorren denboraldian pixka bat gehiago gorrotatuko dut realzale izan behar hau.