Amaia Portugal: 'Beste ikuspuntu bat'
Gure etxeak teilatuan terraza duela jakin nuen orain hilabete gutxi. Terraza izatearekin baino gehiago, neure buruarekin harritu nintzen. Nola liteke etxe honetan bizi, etxe hau lehendik ere mila bider zapalduta eduki, eta goiko pisuan dagoen ihesbidearen berririk ez izatea?
Gauzak jakintzat ematen ditugu, hori da helduaroaren bizio txarrenetako bat. Inork ez badit terraza dagoela esan, ez da terrazarik egongo. Galdetzeari uko egin diogu, erantzuna badakigulakoan, edo are okerrago, ergeltzat hartuko gaituztelakoan. Esplorazio garaiak ere atzean utzi genituen, haurtzaroarekin batera. Kazetari hobea nintzateke umea izaten segiko banu.
Duela hilabete zenbait jakin, eta hala ere, orain egun gutxi igo naiz lehenbizikoz terrazara. Tamalez, helduaroak errutina ere badakarrelako, eta axolagabekeria, behar baino maizago. Baina halako batean egin nuen urratsa. Egun hartan umekeriak egin nahi nituelako, edo leihoak (handiak, baina leihoak, azken finean) besterik ez dituzten lau horma hauen artean itolarria sortu zitzaidalako, edo ikuspuntu berri baten premia larria nuelako. Nik zer dakit.
Ireki nuen atea, eta maldan dagoen etxe bateko zazpigarren solairua izaki, haize ufada batek hartu ninduen. Une horretan, behar nuen. Hala zabaldu nuen altxorraren kutxa.
Egiaren moduko auzo aldapatsu batean, ez dago oso gora egin beharrik ikuspegi zabala topatzeko. Gure terrazak ematen duen ikuspegiaren kasuan, nire bizitza bera ikusi dut laburbilduta. Atzean, haurtzaroko etxea. Aurrez aurre, nerabezarokoa. Eta oinen azpian, oraina: nire bizilekua, batzuetan nerabezaro izaten jarraitzen duen helduaroa.
Horren guztiaren atzean, urrun baina hurbil, Donostia. Seminarioa, Igeldo, Tabakalera, Atotxako dorrea, Artzain Ona, Urgull… eta hiriko skyline delakoan irudikatuko genituzkeen elementu guztiak, baina ezohiko ordena xarmangarrian, postaletan ageri ez diren bezala. Atzekoz aurrera. Barrutik kanpora. Donostia ibaiaren bestaldetik eraikitzen hasia izan balitz bezala. Aurrena zigarrogileak, gero Maria Cristina erregina eta dena delakoak. Haize ufadak hegan darama nire irudimena.
Gure terraza ez da Empire State Building, eta pertsonak ez dira inurriak hemendik. Baina bada aski, mundua zeinen handia den igartzeko, eta gu zeinen txikiak garen gogoratzeko. Bai baitakigu txikiak garela, baina batzuetan ego-zurrunbilo batean sartzen gara, gure kolkotik harago ezer ez ikusteraino. Hurrena hori gertatzen zaidanean, orain badakit non aurkitu haize ufada freskoa, non topatu perspektiba. Hartu arnasa, eta segi aurrera.