Amaia Portugal: 'Etxe biziak, etxe hilak'
Lehengo batean Zurriolako higiezinen agentziako erakusleihoari begira jarri nintzen. Saiatzen naiz halakoak ez oso maiz egiten, prezioek nire onetik ateratzen bainaute (milioi bat euro, zer da, zenbat da?), baina Argian agentzia horri buruz zer edo zer irakurria nuela gogoratu nuen. Madrilen VIP bilerak antolatu omen dituzte, Donostian etxebizitzak erostea inbertsio bikaina dela kontatzeko. Groseko postontzietan eskuorriak ere banatu omen dituzte, etxea saldu nahi izanez gero haiekin gogoratzeko. Irutxuloko Hitzan ere irakurria dut, han-hemen luxuzko etxebizitzak eraikitzeko asmoak eta proiektuak badaudela martxan.
Egian etxebizitza erosi nahiko lukeen lagunen bati esana diot, txantxetan, azkar ibiltzeko, gurean ere prezioak Erdialdekoen pare jarriko direla laster. Ahogozo mingotsa uzten du txantxak: txantxa izan nahi du, baina gezurretik gutxi du, ezin egia borobila disimulatu. Tabakalerak puztu ditu auzoan dauden higiezinen agentzien handinahia eta prezioak. Kultura Garaikidearen Zentroak Egia Donostian integratzeko balioko zuela ziotenean, honi buruz ari ote ziren galdetzen diot nire buruari.
Gure amona zenaren etxean bizi naiz. Zorionekoa ni, badudalako aukera hori. Gure familia 1960an iritsi zen Egiara. Esan didate ni orain bizi naizen etxea zela kaleko azkena orduan, eta horregatik, arratoiak erraz asko sartzen zirela patioan. Esan didate tailerrez josita zegoela auzoa, marmola lantzen zutela askok eta askok, Tejeriako tximinia itzalita zegoela ordurako, sagardotegiak ere bazeudela. Tabako fabrika jo eta su zebilela ez didate esan behar izan, hori nik ere ikusi baitut. Orduan ez zuen integraziorik eskaintzen, aski zuen lana ematearekin.
Ez didate esan, baina horretan ez dut zalantzarik: ez zegoen higiezinen agentziarik. 50 eta 60ko hamarkadetan Egian eraiki zuten etxebizitza mordoak ez baitzuen inbertsorerik behar, porlanezko eraikin gris horiei bizitza emango zieten langileak, familiak, baizik. Gurea langile auzoa baita, behetik gora. Ez baitezagun ahaztu, ez baitiezaiogun inori ziria sartzen utzi: Donostia langile herria da, gure aurrekoek hortzak estutuz ekarri dute honaino.
Orain, langileen etxebizitza horiek inbertsioa direla kontatzen digute. Donostiara, Egiara, etorkizun bila etorri zirenen bilobei etorkizuna kendu nahi digute. Zigarrogileen eskuetatik ihes egiten zuen tabako usainaren oroitzapen lausotik urrundu nahi gaituzte. Guretzat eskuorriak eta deseraikitako zubiak, VIP jendeari alfonbra gorria jartzen dieten bitartean. Zer, eta etxebizitzak inbertsio bihurtzeko. Etxe biziak erailtzeko.