
Egia gaineko etxeetan “con vistas al futuro” bizi direla esaten da gurean; balkoira atera eta Polloe ikusten dutela, alegia. Hilerria auzoko paisaiaren parte da, eta naturaltasunez hartzen dugu. Harrotasun puntu batekin ere bai. Pentsa, Egiako Gazte Asanbladak Polloe Bizirik izena du!
Iruditu zait zutabe honen mamiari heldu aurretik hau azaldu behar nuela, konturatuta nagoelako lagun donostiar batzuk harritu izan zaizkidala, egiatarrontzat Polloetik ibiltzea gauza arrunta dela esan diedanean. Lauaizeta Ikastolara oinez gindoazenean, adibidez, bidezidor moduan erabiltzen genuen, hilerriko aldapa leunagoa baita. Eta ibilbidea, askoz ere atsegin eta aberasgarriagoa.
Joan den asteburuan Polloe bidezidor moduan erabili nuen oso aspaldiko partez, eta askorentzat pasabide izaten jarraitzen duela egiaztatu. Polloe bisitatzeko arrazoiak bi motatakoak, funtzionalak edo emozionalak, izan daitezkeela pentsatzen ari nintzen, andre batek nire gogoetak eten zituenean. “Barkatu, Clara Campoamorren hilobia non dagoen ba al dakizu?”, galdetu zidan gaztelaniaz. Eta orduan konturatu nintzen badagoela hilerrira etortzeko hirugarren arrazoi bat.
“Turistak, hemen ere bai?!”, izan zen nire lehen erreakzioa. Baina galdera hark jakin-mina aktibatu zidan, Clara Campoamor ez baita gurean hilarria duen pertsonaia interesgarri bakarra. Ez dut zonbiengan sinisten, baina hilobiek hitz egiten dute, eta Polloekoek asko dute kontatzeko. Ez nuen presarik, eta kanposantutik irten aurretik noraezean ibiltzea erabaki nuen, puska batean.
Polloek historia irakasten digu, begiak pixka bat zorrozten baditugu. Adibidez, sarreratik oso gertu, bi arku nagusien artean, monolito bat dago, orain dela bi mende Donostia berreraikitzeko erabakia hartu zutenen omenez. Haien izen-deiturak ez ezik, eskultura horrek gogorarazten digu Zubietak egin ziela harrera. Zubietan sinatu zutela, oraindik ketuta zegoen Parte Zaharra errautsetatik berpizteko akordioa. Non, eta orain gure tximinia bihurtzear den Zubietan…
Tragediekin jarraituz, ezagutzen ez nuen pasarte baten berri ere izan nuen Polloeko paseotxoari esker. 1893an 25 lagun hil ziren, Urbieta kaleko 6. zenbakian hasi zen sute batean. Hildako horiek oroitarazten dituen hilobia ez da nolanahikoa, pasarte hark donostiarren artean eragin zuen zirrararen erakusle.
Zutabea labur geratzen zait, minutu gutxi batzuetako osteratxoan Polloen ikusi eta ikasi nituenak azaltzeko. Baina gauza bat geratu zait garbi: zer ez ote genukeen ikasiko gure iraganaz, gure etorkizuna omen den hilerriari gehixeago erreparatuko bagenio.