Amaia Portugal: 'Libreago'
Gasteizko erdigune betean, El Corte Ingles ezagunaren ondoan, jo du etsaiak gure albistegietan agertu den sexu eraso berriena. Berriena, hau idazten ari naizen unean behintzat, kontagailua etengabe ari baita gora. Obretan dagoen plaza batean egin du: erasotzailea eroso, konplize bihurtu dituen hesi eta makina artean ezkutatuta. Eta hala, hiriak beste puntu beltz bat sortu duela konturatu gara.
Gauez eta bakarrik nabilenean, obratan dagoen tokiren batetik igaro behar badut, argi gorria pizten zait, nahiz eta neure buruari onartu nahi ez. Aldamio baten azpitik pasa beste erremediorik ez badut, arnasa estutu egiten zait, aurrez aurre halakorik aitortuko ez dizudan arren. Etxera iritsi eta bizilagunen batek beheko atea behar bezala itxi ez duela ikusten badut (Iruñeko erdialdeko ezkaratze beldurgarri hori), haserretu egiten naiz, axolagabe plantak egiten baditut ere. Batzuetan ez naiz Egiara Jai Alaiko aldapatik igotzen alfertuta omen nagoelako, baina ez da egia, ez nago alfertuta, beste zerbait da.
Ez nioke beldurra deituko, baina bada… Adi. Ojo. Alerta mekanismo moduko bat. Eta ez dut batere atsegin nire alde ez-libre hori, baina horrela hezi gaituzte. Ondo dio Emakunderen iragarkiak: zergatik esaten diegu mutilei ondo pasatzeko, eta neskei kontuz ibiltzeko? Horregatik ez zitzaidan batere gustatu, estutasunak saiheste aldera-edo, etxera itzultzeko gautxoria hartzera animatzen gintuen kanpaina hura. Bai, makina bat aldiz egin dut hori: Parte Zaharretik Egiara joateko gaueko autobusa hartu (bidenabar, segurtasuna garesti ordaintzen da: 2,10 euro!), lurrazpiko pasabidetik ez joatearren. Bai, badakit ez naizela libre, baina ez niri halakorik gogorarazi.
Ez du konponbide errazik, baina emakumeoi zer egin behar dugun eta zer ez esatea, behintzat, ez da bidea. Inondik hastekotan, has gaitezen ezagutzen ditugun puntu beltzei helduz. Alferrik osatu dugu Donostian 41 gune kritiko identifikatzen dituen mapa, horiek ezabatu behar ez baditugu. Beti bezala, lehentasun kontua da. Non jarriko dugu ahalegina eta dirua: tunel zaharrak (Karlos I.ekoa bezala) estaltzen, botatzen, birgaitzen? Edo tunel berriak zulatzen (horrela, boteprontoan, adibide bat ematearren)?
Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da bihar. Ez ditugu puntu beltz guztiak desagerraraziko: beti egongo da obra, aldamio, ezkaratzeren bat. Eta ziurrenik inork ez dit beldurra ez den baina adi egotera kondenatzen nauen gauza hau desagerraraziko ere. Baina, behintzat, libreagoa izan nahi dut. Ez diezaiogun etsaiari erraztasunik eman.