Amaia Portugal: 'Under Loretotik'
Miguel Unamuno hitzaldi bat ematen ari omen zen behin Salamancako Unibertsitatean, gaztelaniaz, William Shakespeare idazleari buruz. Sa-kes-pe-a-re ahoskatu zuen pare bat aldiz, silaba guztiekin, eta batzuek iseka egin zioten. Ezjakintzat hartu zuten, deitura behar bezala esan ez zuelako. Unamunok jakin bazekien ingelesez, ordea, eta barreak entzundakoan, hitzaldia Shakespearen hizkuntzan emateari ekin zion. Lehen barre egin zuten askok ospa egin behar izan zuten orduan, ingelesez piperrik ulertzen ez zutelako.
Unamunori egotzi ohi zaio anekdota hau, nahiz eta ez dagoen garbi berari edo beste idazleren bati gertatu zitzaion, ez eta benetan gertatu zen ere. Hala ere, ustezko pasartea oso ondo datorkit gaurko purrustada abiatzeko.
Salamancako ikasle sasijakitun horiek badute oinordekoa, hemen, orain: korrika egiteari ‘running’ deitzen dioten horiek dira, topaketak ‘encounter’ direla diotenak, ‘pride’ hitza erabiltzeaz harro daudenak… bai eta Gipuzkoa ‘San Sebastian Region’ moduan berbataiatu dutenak ere. Jakin nahiko nuke ea zer moduz moldatzen diren ingelesez, hitz solte horietatik harago.
Eskerrak Jazzaldia, Zinemaldia eta Musika Hamabostaldia anglizismoen moda hau hasi baino lehenagokoak diren, auskalo zer izen jarriko genien bestela. Gurean ere, gero eta ohikoagoa baita edozer ekitaldi edo jarduera ingelesez izendatzea. Ikusi dudan azkena, Miramar Jauregian jarri berri duten erakusketa: Street Style Donostian. Kale estiloak ez du xarmarik, eta ze demontre, izenda dezagun ingelesez. Hala ere, esan beharra dago txapelketa zentzugabe honetan, oraingoz aurrea hartu digula Bilbok. Twitterren irakurria (eta benetakoa): Bizkaia Summer Jaia Social Fest. Harrapazank.
Orain egun gutxi gai honi buruz ari ziren Euskadi Irratiko tertulian, eta bat nator bertan Nerea Azurmendi kazetariak esan zuenarekin. Hau da, ulertzekoa dela nazioartean oihartzuna duten ekitaldi edo erakundeek ingelesezko ordaina izatea, baina zer dela eta bakarrik ingelesez? Euskaraz ari garenean, Donostiako Nazioarteko Fisika Zentroa esatea, ez al da Donostia International Physics Center baino errazagoa eta argigarriagoa? Gure artean gabiltzanean, zergatik ez dugu Euskal Sukaldaritza Zentroa baliatzen, eta ez Basque Culinary Center?
Eta sukaldaritzaz ari garela… Lehengo batean, euskaraz izena baino ez duen Parte Zaharreko taberna batean, zerbitzari gaztelaniadunak postreen zerrenda bota zigunean, ‘lemon pie’ aipatu zuen aukeren artean. Nik limoi tarta eskatu nuen. Akaso ez zegoen hain gozoa, baina zer egingo diogu. Oraindik badut ‘pride’ pixka bat.