Amaia Portugal: 'Monpas'
Olatuak, kresal usaina, hezurretarainoko hezetasun hori… Itsasoaz ari garenean, azukretu samar hitz egiten dugu haren ertzean bizi garenok. Kantatu ere bai: azken arnasa eman nahi nuke Baionako barraraino laino dagoen itsasoari begira. Donostian, are gozoago jarri eta itsasoa gure iparrorratza dela ere esan dezakegu. Tira, ez da ipar-iparra, baina egiak ez dezala titular poetikoa izorratu.
Iruditzen zait barregarri samarrak garela gu bezain zorionekoak ez omen diren lehortarren begietara, “ezin dut itsasorik gabe bizi”, edo “gesal usaina falta zait”, edo horrelakoak botatzen ditugunean. Eta, aitortzen hasita, behin baino gehiagotan esango nuen halako pellokeriaren bat, nahiz eta ondo jakin, gero egunak eta egunak egin ditzakedala Zurriola edo Kontxa aldera gehiegi gerturatu gabe. Abstinentzia sindromerik gabe.
Hala ere, polita da itsasoarekiko dugun ustezko menpekotasun hori. Nahi bestetan hurbildu gaitezkeela jakiteak ematen duen zoriontasun txiki hori: begiratu, arnasa sakon hartu, lasaitu… Eta zer, plazeboa bada?
Polita da, betiere harremana errespetuzkoa bada. Hau da, ulertzen badugu gu gaudela itsasoaren menpe, eta ez alderantziz. Hauxe diot, Odon Elorzak Monpasko pasabidea hauspotu duelako aspaldiko partez, eta hura eraikitzeko proiektua Espainiako Estatuko 2018ko aurrekontuan sartzeko eskatu. Pasabide “ekologiko” izena jarri dio, gainera, baten batzuek Zubietakoari Ingurumen Gune deitzen dioten bezala.
Amesgaizto batek iratzarri du muxarra beste behin, eta jakina, ez dugu ezer ikasi, nahiz eta ondo baino hobeto dakigun zertarako den gai itsasoa, haserretzen denean. Urte txarretan, txiki-txiki egin ditzake Nautikoko edo Perlako kristalak. Urte ona izanda ere, beti egongo dira Pasealeku Berria edo Haizearen Orrazia itxi beharreko egunak. Eta urte oso txarretan, zeresanik ez: ezin ahaztu Erdialdeko zubi guztiak zeharkatu ezinik geratu ginen marea biziko asteburu hura.
Ez dut zinikoa izan nahi: nik ere atsegin dut Aquariumetik Kursaalerako espaloi luzean ibiltzea, bai eta Ondarretako azken muturrean dauden galtzada harrietan ere, baina nahikoa tarte jan diogu dagoeneko itsasoari. Gainera, bada garaia fribolitateak alde batera utzi eta hiriaren benetako arazoei heltzeko. Esaterako, Elorzaren udal gobernuko zinegotzi ere izan zen Enrique Ramosek etxebizitzaren prezioari buruz eman berri dituen datu kezkagarriei.
Ni neu ez naiz mendian bereziki abila, baina Monpas Ulia da, ez Everest. Nahi izanez gero, badugu itsasoa gure oinetan izaterik, hura oinperatzen alferrik ahalegindu gabe.